Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

2023 Edizioa

39. edizioa

Irailak 15 - urriak 28

Organorako Musika Nafarroan zikloa berriz ere ospatuko dugu iraila eta urrian. Datorren 2024an 40 urte beteko ditu, eta urte hauetan guztietan zehar bere printzipio eta xedeak mantendu ditu. Horri esker, organorako musika Nafarroa osoan barna zabalduko dugu eta musika-tresna eta proposamen artistikoekin bat datozen paisaia asko ezagutzeko aukera izanen dugu.

Aurten, gure ardatz nagusietako bat izanen da organoek gure
herrietako soinu-paisaian duten eginkizunean sakontzea. Soinu-paisaia batzuetan subjektiboki eratzen dugu: jende askori herri zehatz batean egoteak organoaren soinua ekartzen die burura, edo hura entzun zuten momentuetako bat. Beste batzuetan, soinu-paisaia modu naturalean sortzen da: eliza dagoen kalean, bertako organoaren soinua kaleko beste soinuekin nahasita entzun dezakegu. Azken finean, musika eta entzuten ditugun soinu guztiak gure ondare immaterialaren parte dira; arreta eman behar diegu, aberastu egiten gaituztelako.

Aurtengo edizioan, ziklora etorriko den mundu guztiak aberastasun handiko proposamenak entzuteko aukera izanen du, hainbat ikuspuntutatik abiatuta gainera. Horien artean, Leireko monasterioan eginen dugun organo eta musika elektronikoko saioa dago: soinuari buruzko esperimentazioa eginen dugu musikaz gaindiko hausnarketa batean oinarrituta. Horrez gain, denbora luzez desiratutako primiziez gozatzeko aukera izanen dugu. Izan ere, Lesakako organoa entzunen dugu; egindako zaharberritze eredugarriari esker, ñabardura finenak entzuten ahalko ditugu musika-tresna horretan, aberastasun eta nortasun ikaragarria dituena (nahiz eta hori aurretiaz ere bagenekien). Era berean, proiektu berri bat izanen dugu, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko organoko ikasleek aurrez aurre eta birtualki prestatutakoa eta Hilarión Eslavaren organorako musikari buruzkoa.

Aurtengo zikloko beste elementu oso interesgarri batzuk izanen dira Tafallako Andre Maria elizan Zaragozako Pilarreko basilikaren organista titularrak eginen duen kontzertua edo Los Arcoseko Andre Maria elizan eginen den Telemann Trio taldearen kontzertua. Azken horrek barrokoan ehuneko

ehunean murgilduko gaitu musikari eta arkitekturari esker Organorako musika barrokoa eta horrek izandako eskola guztiak entzuten ahalko ditugu Iruñeko San Nikolas elizan, gure zikloko jarraitzaile beterano eta berriendako ezinbesteko eraikinean, hain zuzen ere.

Nafarroako Pirinioetara ere joanen gara, ohartu baikinen Organorako Musika Nafarroan zikloa duela urte asko ez zela joaten Erronkaribarrera. Gogoan izan behar dugu ibarrean barroko iberikoko musika-tresnarik interesgarrienetako batzuk daudela, eta oso beharrezkoa dela horiek eskualdeko eguneroko kulturan beren tokia izan dezaten. Hartara, Uztarrozeko Santa Engrazia elizan kontzertu interesgarria entzuten ahalko dugu. Bertako organoa musika-tresna bikaina da, XVII. eta XVIII. mendeen artean sortu zen Leringo organogintza eskolakoa, eta hasierakokonfigurazioarekiko fidelen kontserbatu denetako bat da.

Halaber, Nafarroako Erriberako organo-ondarea zaharberritzea sustatzen jarraituko dugu aurten, eta, horretarako, Tuterako katedralean kontzertu bat eginen dugu. Gainera, Alesbesko El Carmen elizan proposamen oso originala izanen dugu: organo positibo eta tronpetarekin interpretatutako obrak entzunen ditugu beste obra batzuekin batera. Ziur organoa zaharberritzean bertan entzuten ahalko ditugula. Azkenik, organo zikloa Bilboko Begoña basilikara eramanen dugu eta hango organista titularrak ikus-entzunezko baliabideei esker entzunen dugun programa eskainiko digu. Baliabide horiek berak erabiliko ditugu Alesbesko organoaren kalitatea irudikatu ahal izateko. Musika-tresna hori konpontzean, eskaintza kulturalean interes eta kalitate ardatza izanen baita Alesbes edo Erriberan ez ezik, Nafarroa osoan ere.

Ongi etorri eta goza ezazue mota guztietako organo, obra musikal eta paisaiez. Horixe duzue gure gonbita.

José Luis Echechipía París

Organorako Musika Nafarroan zikloko zuzendaritza artistikoko arduraduna

2023 Edizioa