Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

ORBAIBAR

SOLSTIZIO ERROMANIKOA

Tailerrak: ekainaren 2, 9 eta 17.

Gertakizuna: ekainaren 23.

Arte eszenikoak & Video mapping.

Orbaibarrek artea, natura eta ondarea batuko dituen ibilbidea sortuko du 2018ko Landarten 

Landartek, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programak, ondarezko ibilbide bat sortuko du bigarren edizio honetan, Azken Muga kultura-ekimeneko artistekin lankidetzan. Esperientzia honen amaieran herriko Alkora taldeak musika- eta dantza-ikuskizun bat emanen du, bideo mapping batekin girotua, Etxanoko San Pedro elizan. Herritarrek eta artistek egindako lanaren irudiak proiektatuko dira han.

Orbaibarrek artea eta ondare-espazioa elkartuko dituen egitasmo bat mamituko du 2018ko Landarten. Herritarrak eta artistak elkarlanean arituko dira ibilbidea sortzen; hartan ingurune naturalak zeharkatuko dira, zuhaitz monumentalak ikusiko eta eliza bisitatuko da. Ibilbidea Artariaingo eta Etxanoko San Pedro elizetatik igarotzen da.

Sormen huts-hutseko egitasmoa izanen da: partaideak bi eliza erromanikoen arteko bidea eginen dute, mendian barrena, sormen-lan ugari topatuz han eta hemen. Poemak, eskulturak, dantza, musika, aspaldiko ondarea eta aberastasun naturala nahasiko dira artearen auzolan honetan.

Bidean zehar hainbat esku-hartze artistiko gauzatuko dira: Azken Muga ekimeneko artistek sorturiko eskulturak, Alkora taldearen ilunabarreko dantza-emanaldia, Etxanoko San Pedro elizaren ondoan eszenaratuko baitute ekitaldi honetarako ekoitzitako lana, eta Alex Durók sorturiko bideo mappingaren proiekzioa, non agertuko baitira esku-hartze guztiak eta elizaren aitzinaldeko birsorkuntza bat.

Alkora

ALKORA (Nafarroa), Carlos Urroz eta Ana Belén Garcíaren egitasmo pertsonala da, biak izaki ekoizten dituzten ikuskizun guztien sortzaileak eta zuzendariak. Dantzako 9 ikuskizun baino gehiago sortu dituzte musika mota ugaritakoak: Afrokubatarra, Afrikarra, Jazza, Balkan Jazza, Flamenkoa, Rocka, Fusioa eta Munduko Musika, oro har, dantza eta perkusio estilo bere-berezkoa eta originala sortuz. Beste dantza estilo batzuetako artistekin ere aritu dira elkarlanean, estiloak fusionatuz, hala nola Hip Hopa, Garaikidea, Ekialdeko Dantza, Ekialdeko Danza Tribala, Funka, Flamenkoa, Afrokubatarra, etab. Proiektua sortu zenetik 80 artista baino gehiago aritu dira Alkoran eta oraindik ere lanean jarraitzen dute estiloak fusionatzen eta antzokiak eta hiriak indar positiboz bestetzen beren ikuskizun bizi, alai eta ederren bidez.

Kultura elkarte gisa antolatuak daude eta gaur egun askotariko dantza eta perkutsio lantegi eta ikastaroak ere antolatzen dituzte, baita irakas-eskolak, ikastaro trinkoak eta Master Class delakoak ere.

http://www.alkoradanzaypercusion.com/

Azken Muga

Azken Muga kultura-ekimena talde proiektu bat da eta oinarri ditu naturan eta landa-eremuetan eginiko esku-hartze efimeroak. Esku-hartze horietan arte-diziplina ezberdinetako sortzaileek gogoeta egiten dute Gipuzkoako eta Nafarroako lurraldearen arteko mugaren iraupenaz eta eskualdean bizi direnak adoretzen dituzte kultura-sorkuntza horretan partaide izatera.

Alex Duró

Arkeologiako teknikaria da eta aditua da landan datuak modu masiboan atzemateko tekniketan, baita haiek irudikatu eta birtualizatzeko tekniketan ere.

ORBAIBAR