Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseilua

Nafarroako Kultura Kontseilua 1984an sortu zen Foru Komunitatean kultur garapena sustatzeko. Horretarako, nafar herritarren kultur premiak eta interesak kulturaren arloko organo eskudunari helarazteko eginkizuna eman zitzaion,   eta behar adina ekintza proposatzeko eginkizuna lurraldea kulturaren aldetik hobeki garatzeko eta Administrazioaren programen jarraipena egiteko, betiere arteen eta enteleguaren alorren ikuspegitik, horien ordezkari baitira. 

Bere ibilbide luzean, Nafarroako Kultura Kontseiluak eginkizun horiek burutu ditu eta Administrazioaren eta kulturgintza agertzen den esparru guztien arteko lotura izan da eta, alderantziz, Kontseiluan ari direnek beren irizpideak kultur plangintzan txertarazi dituzte; irizpide horiek, izan ere, kideek kulturgintzan duten esperientziaren, jakintzaren edo zuzeneko parte-hartzearen ondorio dira, hartan ari direnak horretarako gai baitira. Haien proposamenek garrantzi handia izan dute kultur arloko erabakiak hartzeko prozesuan. Haien ekimen ugarien artean, Vianako Printzearen Kultura Saria sortzeko proposamena da nabarmentzekoa, Nafarroako Gobernuak 1990. urtean gauzatua. 

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak Kontseiluaren eginkizuna indartu du, eginkizun berriak eman dizkio Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluari, eta bestelako osaera bat ezarri du kultur eragileen partaidetza handiagoa erdieste aldera. 

Eginkizunak

a) Nafarroako Foru Komunitateari aholku ematea kulturaren arloan.

b) Kulturaren arloko eskumena duen departamentuarekin elkarlanean aritzea haren kultur politikak zehazten, gauzatzen eta ebaluatzen arteen eta kulturaren esparruetan.

c) Nafarroako Foru Komunitateko kultur politiken baitan, arteei eta kulturari buruzko eztabaida eta ezagutza sortzea.

d) Kulturaren eta kultur politikaren arloan azterlanak eta txostenak egitea eta gomendioak helaraztea, bere ekimenez edo Foru Komunitateko Administrazioak eskatuta.

e) Informazioa jasotzea eta aholku ematea Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren prestaketaz, aplikazioaz eta ebaluazioaz, eta kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren sektorekako eta zeharkako planei buruz.  

f) Nahitaezko txostena egitea kultur eta arteen arloko arau-proiektuei buruz eta, era berean, kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren plan estrategiko, sektorial eta zeharkakoei buruz.  

g) Nafarroako Gobernuari proposatzea Vianako Printzea Kulturaren Saria nori eman.

h) Informazioa jasotzea kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren aurrekontu proiektua egiteko prozesuari eta haren betearazpenari buruz.

i) Kultur ondarea babestu eta areagotzeko egoki iruditzen zaizkion ekimenak plazaratzea eta neurriak proposatzea.

j) Nahitaezko txosten bat egitea kulturaren arloko eskumena duen departamentuak sustatzen duen kultur ekipamendu berri orori buruz. 

k) Ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eginkizunak betetzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak haren esku uzten dituenak ere.