Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

MAÑERU

TRIKUHARRIA. HARRIA JASOTZEA

Abuztuaren 5etik 19ra.

Arte Plastikoak.

“Trikuharria, harria jasotzea” eskultura-proiektu bat da Mañerun egitekoa 

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren arte eta landatartasun programa Mañerura heldu da bigarren urte honetan. Alberto Odériz arkitekto eta hirigile nafarra hiru astez biziko da herri honetako bizilagunekin bere arte proposamena auzolanean egiteko akuilatuz eta egitasmoa hala garatzeko.

Abuztuaren 5etik 19ra Alberto Odériz arkitekto eta hirigile nafarrak Mañeruko bizilagunak gidatu eta heziko ditu eskultura-egitasmo bat garatzen eta trikuharri bat jasotzen; Odérizek, eskultura megalitikoaren agerbide oinarrizko horren bidez, ikertu egin nahi du eta, azken buruan, jendea jabearazi nolako ahalmena duen lekualdaketak objektu baten esanahia aldatzeko. Premisa horretatik abiaturik, esanahia ez dator objektutik beretik baizik eta gizakion ekintzatik; “harri bat lurrean badago, harria da besterik gabe; altxatzeak eta grabitate-indarrari aurre egiteak bihurtzen du hura Trikuharri, esanahia duen harri, eskultura”.

Mexikon bizi den arkitekto nafarrak Sísiforen zigorra hartu du inspirazio iturri, eternitate osoan harri bat aldapan goiti bultzatzeko zigorra ezarri baitzioten, baita Fitzcarraldo film alemaniarra ere, non protagonistak itsasontzi bat garraiarazten duen lurretik bere ametsa erdiesteko: antzoki bat eraikitzea oihanean. Izan ere, objektu bat mugitzeko bi motibazio arras ezberdinak izanagatik ere, proiektuaren sortzailearen aburuz, alderdi erabakigarri berean egiten dute bat: azken sorkuntzaren baliagarritasun eza.

Hala, motibazio artistikoaren funtsetik beretik abiaturik, Alberto Odériz eta Mañeruko biztanleak eskultura megalitikoz jositako gure lurralde honen jatorrietara itzuliko dira, baina aintzat harturik gurean ugariak direla, orobat, ateburuak, gure elizetako gangen erpinetako giltzarriak edo harri-jasotzailearen ahalegina altxaldi bakoitzeko. Landartek ahalbideturiko auzolan berri honen emaitza abuztuaren 19an aurkeztuko da jendaurrean, eta egun horretan Mañeru bihurtuko da Nafarroako Trikuharri berrienaren jabe.

Alberto Odériz (Iruña, 1983) 

Arkitektoa, ETSABen (Bartzelona), 2018; Arkitekturaren eta Hiriaren Teoria eta Historiaren Analisia arloko maisua UNAMen; espazio publikoaren gaineko tesia Mexiko Hirian. 2010az geroztik Mexikon bizi da, eskultore lanetan aritzeaz gain, beste diziplina batzuk ere jorratzen ditu, hala nola hirigintza (CONSULTORIO URBANO bulegoko zuzendarikidea da David Ortegarekin batera), arkitektura edo irakaskuntza (Monterreyko TEC-eko irakaslea da, baita ikerketa-mintegiko irakaslea CENTROko Hiriaren gaineko Masterra).

OPPTA hirigintza-lehiaketa irabazi du Mexiko Hiriko aldirietan dagoen Chimalhuacanerako proiektu batekin (2012); bigarren gelditu da Veneziako Biurtekorako Mexikoko pabilioian (2014) eta FONCA beka jaso du (2017) CASA MANIFIESTO ikerketa burutzeko, Latinoamerikako lehen etxe funtzionalistetako batetik abiatuz. 2014an EL ZÓCALO eraiki zuen Mexiko Hiriko Konstituzio plazan eta 2017an banakako erakusketak egin zituen UNAMeko Benlliure aretoan eta SISMO galerian (Mexiko Hirian biak). MACO eta ACME (Mexiko) azoketan ere erakutsi izan du bere lana.

MAÑERU