Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Aurkezpena

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea 1940an sortu zen. Ordutik hona argitalpen-lan gaitza egin du: batetik, aldizkariak argitaratu ditu, eta, bestetik, zernahi monografia, Nafarroako errealitateko –historiako, arteko, etnografiako, filologiako eta bestelako giza eta gizarte zientzietako– alderdiak biltzen dituztenak.  

Argitalpen batzordea

1986tik hasita, Nafarroako Kultura Kontseiluak aldian-aldian Argitalpen batzordeko kideak izendatzen ditu. Batzordeko kide dira Kontseiluko bereko kideak, aurkeztutako lanak baloratu eta haiek argitaratzeko modukoak direnetz erabakitzen dutenak. Batzordea 2021an berritu zen eta, gaur egun, kide hauek ditu:

  • Javier Azanza López (Universidad de Navarra).
  • Roldán Jimeno Aranguren (Universidad Pública de Navarra/Nafarroako Unibertsitate Publikoa).
  • Íñigo Pérez Ochoa (Archivo Municipal de Tudela).
  • Ekaitz Santazilia (Universidad Pública de Navarra/Nafarroako Unibertsitate Publikoa).
  • Javier Velaza Frías (Universidad de Barcelona).

Berriki argitaratutako lanak 

Hementxe dituzu Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak berriki argitaratu dituen lanak.

Euskarri digitalean dauden liburuak

Hementxe dituzu Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak formatu digitalean dituen zenbait lan.

Nork argitara ditzake bere lanak?

Vianako Printzea Erakundeak, aldizkariez gainera, monografiak argitaratzen ditu eta monografia horien originalak bi bidetatik iristen dira. 

  • Batetik, Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek berek sortzen dituzten lanak argitaratzen ditu Erakundeak, bai Zuzendaritzak berak hautemandako behar bati erantzuten diotenak, bai mandatuz prestatzen direnak. 
  • Bestetik, zenbait egilek beren borondatez Erakundera argitara daitezen igortzen dituzten originalak argitaratzen dira.

Bada, orobat, hirugarren bide bat. Herritar guztiek aukera dute beren lanak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzaz argitaratzeko. Honela: Enpresa, profesional eta irabazi-asmorik gabeko entitateendako Ediziorako laguntzen deialdiak. Honako honetan, Erakundeak ez ditu lanak argitaratzen; lanak laguntzen onuradunek berek argitaratzen dituzte.

Originalak hartzea 

Bigarren bidean lan hauek sartzen dira: eskatu gabe, egileek beren borondatez igorritako originalak. Lan horiek hautatu eta onartzen dituzte espezialista independenteek (bik berrikusten dituzte) itsu bikoitzeko sistemaren bitartez (anonimotasuna gordetzen da egileetan –egileak nor diren ez dakite– eta ebaluazioan). Horrek guztiak bermatzen du, batetik, erabakien zehaztasuna eta inpartzialtasuna, eta, bestetik, onartutako lanen kalitate eta interesa.

Originala jaso ondoren, Argitalpen batzordeak lehen balorazioa egiten du, eta, itsu bikoitzeko prozedurari hasiera eman baino lehenago, lana ebaluatzea bidezkoa den aztertzen du edo, orobat, bazter utzi behar den, dela kalitate eskasagatik, dela gaiagatik. Ebaluatzea erabakitzen bada, gaian adituak diren ebaluatzaileak aukeratzen dira, zeinak, bi hilabeteko epean, baloratuko baitituzte gaiaren interesa, ikusmoldea, idazketa, egitura, luzera, eta iturri eta erreferentzia bibliografikoen erabilera. Hobetzeko iradokizunak ere gehituko dira.

Ebaluazioa binaka bukatu ondoren, hartutako erabakiaren jakinarazpena jasoko du egileak. Bazter uzten ez bada bederen, originala itzuliko zaio egileari, ebaluazio-txostenetan iradokitako aldaketak egin ditzan.

Originalaren bertsio berria –ebaluazio-txostenetako gomendioen araberako aldaketak dituena– jaso ondoren, behin betikoz onartuko da.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira igorritako monografiak aukeratzeko erabilitako arauak hemen daude, xehetasun handiagoz.

Hemen ikus ditzakezu originalak aurkezteko arauak. Aukeran, egiaztapen zerrenda erabil dezakezu zure lanak beharkizun guztiak betetzen dituela ziurtatzeko.

Edizio-lanak

Onartutako originalaren behin betiko bertsioa hartuko da eta edizio-lanei emanen zaie hasiera: originala berrikusi eta prestatzea, maketatzea eta probak zuzentzea. Maketatutako lehen probak egileari igorriko zaizkio, berrikus eta zuzen ditzan. Inprimategiko akatsak edo gramatika arloko aldaketak soilik onartuko dira; izan ere, egileek bidalitako idazlanak behin betiko testuak dira. Argitalpenetan atzerapenik ez izateko, zuzenketak horretarako ezarriko den epean jasotzen ez badira, Vianako Printzea Erakundeko Argitalpen Bulegoak eginen ditu zuzenketak, horien gainean inolako erantzukizunik izan gabe. Bulegoak beretako gordeko du originalak Erakundeak berezko dituen arau zientifiko eta tipografikoetara egokitzeko ahalmena.

Argitalpen Bulegoa arduratuko da geroagoko berrikuspenez, liburuaren barne-diseinuaz eta azalez eta, orobat, inprimategikoekiko koordinazioaz, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Argitalpen Atalekoekin elkarlanean.

Egileak onartzen du, argitaratzeko arau gisa, Nafarroako Gobernuak lana erreproduzitu ahal izatea, osorik nahiz partez, baita haren digitalizazioa ere, haren egokitzapena edo itzulpena barne, beharrezkoa izanez gero. Halaber, onartzen du jendeari lanaren berri ematea komunikazio globaleko sareetan eta beste euskarri digitaletan, argitalpenaren kopia digitalizatua eskura jarriz Nafarroako Gobernuaren webguneetan edo harekin ikusteko duten beste erakunde batzuenean, zabalkunde eta ikerketa erabileretarako, ez bestetarako.

Harremana

Sagrario Esnoz Vidaurre
Argitalpen Bulegoa
Telefonoa: 848 42 46 91
Helbide elektronikoa: ipvpubli@navarra.es