Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Itziar García Zubiri

(Iruña, 1981)

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da (Nafarroako Unibertsitatea, 2003), eta Zinema eta Telebista Produkzioko masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Hiri hartan hasi zen ikus-entzunezko arloan murgiltzen. Bere ibilbide profesionalak formatu, gai eta estilo ezberdinak jorratzera eraman du: telebistako programa eta telesailak, dokumental eta fikziozko film luzeak, eta are ekitaldi, bideo-instalazio eta ikus-entzunezkoen produkzioa museo, zinemaldi eta musika-jaialdietarako. Produkzio edo zuzendaritza departamentuetan beti. 
Canal+ katean programak ekoizten hasi zen, eta fikziozko film eta sailak produzitzen jarraitu zuen BocaBoca ekoiztetxean, bai eta TVErako beste formatu batzuk lantzen ere. Bi urtez Mediaproren taldeko kide izan zen, Cuatro, La Sexta eta Antena3 kateetarako edukien ekoizpena koordinatuz.

Nafarroara itzulitakoan, dokumentalen generora bideratu zuen bere jarduna, eta ekoizle sortzailea izan da Arena Comunicación lantaldean, hamabi urtez. Urte horietan, hainbat lan ekoitzi ditu, Nafarroan eta hogeita hamar bat herrialdetan filmaturikoak. Besteak beste, Pura Vida, Muros, Cholitas eta Dardara filmak. Arenan jardun bitartean, bertako proiektu gehienetako ekoizpen zuzendaria izateaz gain, enpresaren finantziazio eta hedapen planaren arduraduna ere izan da, eta, hortaz, merkatu garrantzitsuetan ibilia da, hala nola Berlingo European Film Market-en edo Buenos Airesko Ventana Sur-en; bost film estreinatu ditu nazioarteko zenbait zinemalditan, Donostiako Zinemaldian, besteak beste; eta Discovery, Movistar+ eta ARTE kanaletan programatu du.

2021eko urtarrilaz geroztik, profesional independente gisa dihardu: sormenezko ekoizpena landuz, dokumental eta fikziozko filmetarako proiektuak garatuz eta, aldi berean, profesional eta erakundeendako aholkularitzan eta prestakuntzan arituz. 
NAPARko –Nafarroako Ikus-entzunezkoen Ekoizle eta Profesionalen Elkarteko– Zuzendaritza Batzordeko kidea da 2016. urteaz geroztik. Horri esker, hemengo ingurunearekin duen harremana handitu du, eta Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea hazten eta indartzen lagundu du.

Itziar García Zubiri