es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa

Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa, Ollarango Artetan baitago kokatua, José Ulibarrena Arellano eskultorearen ekimena da, artista horrek herri kulturaren adierazpenei zor dien interesaren erakusgarri. Inbentariaturiko 5.250 pieza biltzen ditu, erakusketa iraunkorrekoak guztiak eta garrantzi etnografikokoak funtsean, eta baditu, orobat, artistak berak eta beste sortzaile garaikide batzuek sinaturiko bestelako lanak.

José Ulibarrena Arellano (Azkoien, 1924) bere eskultura lanek eta diziplina anitzeko obrek egin dute ezagun, baita Nafarroako Etnografiarekiko eta Historiarekiko erakutsi duen jakin-nahiak ere. 1945ean hasi zen bilduma osatzen eta 1962an jarri zuen erakusgai, Berriobeitin. 1986an, Artetara eraman zuen museoa, Fantikorena etxera, hain zuzen, eta José Miguel Barandiaranek berrinauguratu zuen orduan, Ollarango Udalaren babespean. Ekimen pribatuko museo etnografikorik zaharrena da Nafarroan.

Eskulturagilearendako lanbideek duten garrantzia da bildumaren zutabe nagusia. Banaketa irizpide kronologiko eta funtzional baten araberakoa da. Obrak, jatorriz, Iruñeko Erresumakoak dira, zentzu historiko zabalean harturik lurralde hori, hau da, Burgos iparraldeko, Errioxako, Iparraldeko eta bestelako kokaguneak ere barne dituela.

Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa