es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

ignacio Arangureni elkarrizketa

Ignacio Arangureni 2016ko Vianako Printzearen Kultura Saria eman eta egun gutxi batzuetara egin genion elkarrizketa. Barañaingo entzunaretoan elkartu ginen, bere auzoko antzokian. Behin baino gehiagotan eten behar izan genuen elkarrizketa, auzotar eta lagunek agurtu eta zoriondu egiten zutelako. Ignacio eskerduna da, eta pozik zegoen.

Nola hurbildu zinen antzerkira?

Antzerkira oso modu bitxian hurbildu nintzen, gaztea nintzenean, benetan, kimikari izan nahi bainuen. Kasualitatez, ordea, Filosofia irakasten zigun institutuko irakasle batek filosofiarako eta letretarako interesa piztu zigun. Promozio hartako ikaskide batzuk zientziak utzi eta letretara joan ginen.

Garai hartan, Iruñeko antzerki-programazioa oso eskasa zen. Konpainia batzuk etortzen ziren probintziaz probintzia birak egitea. Nik antzerkia irakurri egiten nuen. Niretzat, antzerkia giltza bihurtu da, eta giltza da oraindik ere. Ateak irekitzen dituen giltza bat, gizakiaren, emozioen eta ideien ateak irekitzen dituen giltza. Nik ate horiek ireki nahi ditut. Uste dut antzerkia gauza osoa dela, eta garrantzitsuena da gizaki gisa garen moduan agertzen gaituela; hori zoragarria da. Nork edo nork nire ikasle izan den norbait ekartzen badit gogora, beti gogoratzen naiz haren izen-abizenez eta nire ikasgelan interpretatzen zuen paperaz. Antzerki-tailerra nire hezkuntza-proiektua izan da, eta bizirik dirau. Erretiroa 60 urterekin hartu nuen, 2013an, baina Nafarroako Gazte Ikusleak proiektuari eutsi egin diot; proiektu hori gazteei antzezlanak ikusten irakaste aldera nik sortutako Ikusleen Eskolaren luzapena da.  Orain ikuskizun ugaritan parte hartzen dut. Irakasle batek esan zidan gauza polit bat dut gogoan: “Zure tailerretan gustatzen zaidana da esaten duzun guztia sinesten dudala”. Orain antzerkiaren inguruko liburutegi bat daukat, 40 urtean bildutako liburu ugari jarri ditut irakasleen eskura; irakasleek liburuak ondo zaindu eta 15 egunean bueltatu besterik ez dute egin behar. Gustura uzten dizkiet, liburuak alde batetik bestera ibiltzea eta irakurtzea nahi dut.


Zer eskaintzen die antzerkiak ikasleei?
Antzerkia oso hezigarria da, baina heziketaren kontrakoa ere izan daiteke. Gazte bati esaten badiozu oso ona dela eta horretan lan egin dezakeela, ergeldu eta buruarin bihur daiteke. Horregatik, nork edo nork galdetzen badit, beti esaten diot antzezleek jantziak izan behar dutela eta ez dutela presari eduki behar, adin guztietarako paperak baitaude. Gaur egun, ikuskizunen eta berehalako arrakasten kulturan, txalo handiek izerdi usaina dute beti. Merezitako txalo handiekin batera beti heltzen da izerdi usaina, ahalegin handia egin duzulako eta ezer ez dizutelako musu-truk eman.

Nire ikasleei galdetzen badiezu antzerkiak zer eman dien, zera erantzungo dizute, dudarik gabe: ahaleginaren kultura. Gaur egun hori ez dago modan, ez du saltzeko balio. Entsegu bat ondo atera denean sentitzen duzun poza da, inork ikusi ez bazaitu ere. Eta talde bihurtu izanaren poza ere bada, zure arrakasta nirea ere izatea.
Antzerkia greziarrek asmatu zuten duela 2.000 urte baino gehiago, eta apenas aldatu da. Eskola-antzerkiaren historia oraindik idazteko dago; ni nire garaiaren seme izan naiz eta nire modura lan egin dut. Baina uste dut antzerkia dagoen arterik osoena dela. Larunbat goiz batean lanari erabat lotutako ikasleak ikusi ditut. Eta ikasleen ahalegin hori izan da nire saririk onena, beste edozein sari baino hobea.


Une gogorrak ere gogoan dituzu?
Bai, noski, une konplexuak ere izan ditut. Batez ere irakaskideek nire lana ulertzen ez zutenean eta pentsatzen zutenean ez zela serioa eta eskolak ematetik ihesi nenbilela. Eta hori ez da egia, nik gainerakoek adina eskola eman ditudalako. Hori ibilbide osoan gertatu zait. Nik Hizkuntza eta Literatura irakasten nituen, baina, pixkanaka, Hezkuntza Saila eskolak kentzen joan zen. Eta niretzat oso garrantzitsua izan zen aintzatestea nik ostiral arratsaldeetan egiten nuena gainerakoek asteazken goizetan egiten zutena bezain garrantzitsua zela. Nik ez dut inoiz artista-plantarik egin, pedagogoa izan naiz. 30-40 ikasle inguruko taldeak osatu eta urte osoan obra bat lantzen genuen, ikasturtearen amaieran antzezteko.


35 urtean 1.000 ikasle baino gehiago prestatu dituzu. Zer maisu izan dituzu zuk?
Valentín Redínek, adibidez, izugarri eragin zidan. 70eko hamarkadan El lebrel blanco amateur taldea sortu zuen eta asko ikasi nuen, eta talde artan antzezle, zuzendaritza-laguntzaile… izan nintzen. José Carlos Plaza eta Miguel Narrosen eskutik ere asko ikasi nuen, 80ko hamarkadan ikastaroak ematera etortzen baitziren. Horrez gain, ahal izan dudan guztia irakurri dut eta entseguetan asko ikasi dut. Ikasi dut eraman handiagoa izaten eta gutxiago markatzen, antzezleak gutxiago bezatu ditut eta proposamenak entzuten ikasi dut. Antzerkia bizitzarako atea izan da niretzat.
 

Ikasle horietako askok orain antzerkia ogibide dute, besteak beste Alfredo Sanzol ospetsuak.
Alfredok niri buruzko oso gauza politak esan ditu. Eta eskertzen diot, beti talentu asko izan duen arren, ez duelako ahaztu zeukan hori nik eman niola bere garaian. Tailerrean izan dira, halaber, Natalia Huarte, Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionaleko antzezlea; Alex Larumbe, orain Zarzuelako Antzokian dagoen antzezlea; Rodrigo Sáenz de Heredia; Iluna konpainiako kideak; Santos García Lautre, Gayarre Antzokiko zuzendari teknikoa… Hala eta guztiz ere, abokatu, sendagile, kazetari eta abarren artean egin ditudan ikusleekin nago harroen.
 

Zer da nafar batentzat Vianako Printzearen Saria jasotzea?
Proposatu nindutela jakin nuenetik oso prozesu polita izan da. Hori niretzat dagoeneko sari bat da. Eta bat-batean ikusi dut ehunka lagun ditudala, zoriondu egin nahi bainaute. Egia esan, guzti horrekin izugarri ondo sentitu naiz.


Eta zer iruditzen zaizu 26 edizioren ondoren saritzea lehenbizikoz antzoki-arloko norbait?
Pozik nago. Sari hori arte eszenikoentzat ere bada. Oso polita da behingoz ez esatea “Ezkutatu oiloak, komikoak datoz eta”. Eta sentitzen dut nire bitartez antzerkia eta irakaskuntza saritzen dituztela. Pribilegiatua naiz, antzerki-eskolak amaitzen genituenean ikasleek txalotu egiten nindutelako, eta hori irakaskuntzan ez da ia inoiz gertatzen. Irakasle-lanbidea oraindik ez dute aintzakotzat hartzen.


Saria Erriberriko jauregian emango dute, lehenbizikoz…
Poztu egiten nau horrek, Erriberriko maileria maiz berotu dudalako. Aurkeztu dut obraren bat han, baina batez ere ikusle gisa joan naiz, ogitartekoarekin eta burusiarekin. Gainera, hain da eraikin gogorarazle eta teatrala… Mila esker bizitzari, hainbeste eman didalako!


Eta saria, lehenbizikoz, sarituaren obra zabaltzeko inbertituko da…
Bikaina da maitasun guztia niri eman didatenei eta hainbeste lagundu nautenei itzultzea.