Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Hizkuntza, inprimategian

Garai oparoak XVI. mendean itzuli ziren, Berpizkundearen aroan. Biztanleriak eta ekonomiak goraka egin zuten, kultura klasikoa suspertu egin zen eta aurkikuntza handiek zabaldu egin zuten mundu ezaguna: Afrika, Asia eta bereziki Amerika.

Haustura denbora ere izan zen. Erlijio Erreformak Europa banatu zuen katolikoen eta protestanteen artean.

Mende hasieran, konkista espainolak amaiera ekarri zion Nafarroa burujabeari eta erresuma bitan hautsi zuen Pirinioetatik. Bi Nafarroa sortu ziren, eta horiek elkarren etsai diren bi naziori uztartu, bata Espainiari eta bestea Frantziari.

Inprentak iraultza ekarri zien kulturari eta hizkuntzei. Arimak berenganatzeko borrokan, katolikoek latinari atxikiak jarraitu zuten; protestanteek, berriz, tokian tokiko hizkuntzak bulkatu zituzten, herria bere mintzairan doktrinatzeko.

Monarkia indartsuek abia eman zioten zentralizazio politikoari eta administrazio hasiberriei, hizkuntza bakarra bulkatuz: Burgosko gaztelania, Parisko frantsesa, hegoaldeko ingelesa... Elkarren lehian ari ziren latina eta mintzaira “nazionalak”, batetik, eta beste hizkuntza batzuk eta eskualde mailako dialektoak, bestetik.

Inprentak eta administrazioek, bestalde, mintzairen estandarizazioa eragin zuten. Haien jatorria ikertzen zen eta haien gramatika, ortografia eta hiztegia finkatzen.

Askoz ere gehiago idazten eta inprimatzen zen, erlijio gatazkak, administrazioen garapenak, hazkunde ekonomikoak eta kulturaren gorakadak eraginda.

Euskarak segitzen zuen izaten erreinuko ahozko hizkuntza nagusia, eta dokumentazioan agertzen hasi zen. Azkenik, idazteko erabiltzen hasi ziren, eta inprimatzen, gehien-gehienetan erlijio doktrina emateko.

Hizkuntza, inprimategian