es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Hizkuntza, idazteko

Krisia eta eraldaketa, horra Erdi Aroko azken mendeetako ezaugarriak.

XIV. mendearen hasieratik aitzina, behin eta berriz gertatu ziren uzta eskasak, goseteak, izurriak eta gerlak; horien ondorioa dira despopulazioa eta miseria.

Oztopoak oztopo, Nafarroa berrantolatu egin zen. Errege frantsesen etorrerarekin, erresumako legeak –Forua– idatziz jarri ziren. Erresuma ordezkatzeko batzarra sortu zen (Gorteak), eta  lurraldearen gobernamendua eta justizia administrazioa hobetu.

Zailtasunei bizkarra emanda, Nafarroako gorteak Erriberriko jauregian distiratu zuen. Iruñeko katedral gotikoa eraiki zen. Alabaina, XV. mendearen bigarren zatian, gerla zibil luze batek elkarren aurka ezarri zituen beaumondarrak eta agaramontarrak, eta herria hondora eraman.

Nafarroa auzo indartsu eta oldarkorren artean harrapatua baitzegoen, Frantzia hartu zuen erreferentzia kultural eta politikotzat. Handik etorri zitzaizkion errege-erreginak, gobernatzaileak eta apezpikuak. Han ikasten zuten bere gidariek eta handik etortzen ziren modak.

Dokumentuen ekoizpena hazi egin zen. Hiriek eta unibertsitateek bat egin zuten monasterioekin, kulturaren sorkuntzari dagokionez. Nafarroako kronikariak erresumaren iragana kontatzen hasi ziren.

Latinak idazteko hizkuntza izaten segitu bazuen ere, frantsesak, okzitanierak eta Nafarroako erromantzeak lekua kendu zioten gortean eta hirietan; azken hori erreinuko hizkuntza ofiziala bilakatu zen, azkenik.

Hala ere, etxean, karrikan eta are gortean ere nafar gehienek euskaraz mintzatzen segitu zuten. Areago, euskaraz idazten gutxik bazekiten ere, idazten hasi ziren.

Hizkuntza, idazteko