Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Historia

Vianako Printzea Saria 1990ean sortu zen, Vianako Printzea Erakundearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko, Nafarroako Kultura Kontseiluaren ekimenez. Zehazki, “Kultur arloko urteko sari berezi bat da, ibilbide pertsonal edo kolektiboak saritzeko eta, halaber, sarituen lana aintzatesteko eta erakundeek kulturak gizartearen eraikuntzan eta garapenean duen zereginari garrantzia ematen diotela adierazteko”. Saria bideratua zegoen, “bereziki, etengabeko lanak eta ibilbide nabarmenak saritzera”.

Sariak Vianako Printzea Erakundearen izen bera du, Karlos III.ak bere biloba eta koroaren oinordeko Karlos Trastamarako eta Evreuxkoaren(1421-1461) alde sortutako tituluarena, hain zuzen ere. Vianako Printzerria sortzeko erabakiak Europako erresumen Behe Erdi Aroko ohitura batekin du zerikusia. Ohitura horren arabera, tronuaren oinordekoak titulu berezi bat zuen: Ingalaterrakoa, 1283tik, “Galesko Printzea” zen; Frantziakoa, 1346tik, “Vienneko Izurdea”; Aragoikoa, 1350etik, “Gironako Printzea”; eta Gaztelakoa, 1388tik, “Asturiasko Printzea”.

Vianako Printzea Erakundea Nafarroako Foru Diputazioak sortu zuen 1940an, kultura sustatzeko asmoz; bereziki, ondarea zaintzea, “arte ederrak” lantzea eta Nafarroako herriaren ondarea babestea. Saria sortu zen kulturgintzan nabarmendutako jendearen edo erakundeen lana aitortzeko.

Vianako Printzearen Erakundea Nafarroako Kultura Kontseilu gisa sortu zen, eta erakundeak bere gain hartu zuen Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeak XIX. mendearen erdialdetik egiten zuen lana.

Erakundearen helburua zen, garaiko hitzetan, “gure iragan loriatsua ohoratzea, iragan hori oroitzen duten monumentuak zaintzea, gure Arte Ederrak lantzea eta gure herriak zaindu eta goretsi behar dituen altxor espiritual eta sentimentalekin bizitzea, betikotasun jomuga zintzoak lortu nahi baditu, dauzkan bereizgarrietan”.

Vianako Printzea Erakundeak hasieran hiru atal zituen. Lehena zen “Erresumako Ondare Artistikoa zaharberritzea, zaintzea eta babestea”; bigarrena, “Historia, Zuzenbidea, Literatura, Ohiturak eta Artisautza ikertzea, aztertzea eta sustatzea”, eta hirugarrena, “Kultura arrunt bihurtzea, Argitalpen, Liburutegi, Artxibo, Museo, Ikastaro eta Hitzaldien eta Turismoaren bitartez”.

1990etik, saria Leireko San Salbatore monasterioaneman dute, Nafarroako Errege-Erreginen omenaldi tradizionala egiten den egun berean; 1993tik Espainiako Koroak ere parte hartu du. 2016tik aitzina, ordea, saria emateko ekitaldia Erriberriko Errege-Erreginen Jauregianegin dute eta, beraz, Leiren egiten den Nafarroako Errege-Erreginen Omenalditik eta Errege Etxetik bereizi dute.

2019. urteko Vianako Printzea Saria Vianan eman zen, hiria sortu izanaren VIII. mendeurrenaren karira. 

COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako egoera zela eta, 2020ko sariaren ekitaldia Erriberriko Frantziskotarren komentuko eliza desakralizatuan egin zen.

Bilatzailea