es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Fontes Linguae Vasconum: paperezko altxorrak

2019/02/15 - 2019/03/31

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako erakusketaren bidez Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta aldizkari zientifikoa duela 50 urte zein testuinguru kulturalean sortu zen azaldu ahal izango da, hizkuntza eta filologia ikerketarako dokumentu zahar bakoitzaren balioa non dagoen erakusteaz gain.

Fontes Linguae Vasconum: paperezko altxorrak erakusketa gaur aurkeztu du Kultura, Kirola eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak Nafarroako Artxiboan; bertan martxoaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, eta argitalpenaren 50 urteurrenaren oroitzapenezko ekitaldien barnean sartzen da. Euskarabideak / Nafarroako Euskararen Institutuak ere esku hartu du erakusketan.

Erakusketa euskarazko eta euskarari buruzko dokumentu zahar garrantzitsuenetariko batzuek osatzen dute, gehienak Nafarroako funtsetan kontserbatuak. Dokumentu guztiak orijinalak dira, ez dago erreprodukziorik; beraz, euskararen inguruko aurrekaririk gabeko bilduma bat da.

Erakusketa astelehenetik igandera ikus daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketaren edukia

Erakusketa zazpi bloketan zatitzen da:

- Fontes Linguae Vasconum sortu da: atal honetan erakusten da aldundiak euskara sustatzeko atala zein testuinguru kultural eta politikotan sortu zuen, zein argitalpen egin ziren, nola aztertu eta saritu zituzten 50eko eta 60ko hamarkadan 6.000 haur baino gehiago euskara jakiteagatik, eta egindako bestelako jarduerak. Halaber, emandako diplomak eta horretarako antolatutako jaien argazki ugari agertzen dira.

- Testu zaharrenak: gehienak Erdi Aroaren ondorengo euskal testuak dira, baina Erdi Aroko testu batzuk ere sartu dira, tartean nabarmentzekoak San Martingo Zalbaren eta Martinen gutunak edo Pater Noster txikia.

- Iraungitako aldaerak: atal honetan euskararen aldaera eta dialekto jada desagertuetan idatzitako testuak bildu dira. Erronkarieraz idatzitako testuak eta Iruñatik gertuko aldaeran idatzitako zenbait testu badaude; esate baterako, Utergan jaiotako Juan de Beriainen doktrinaren ale bakar ezaguna.

- Euskara bereziki aberatsa eta interesgarria: atal honetan, duen aberastasun eta berezitasunarengatik, ikerketarako bereziki baliotsua den hizkuntzan (euskaraz) idatzitako dokumentuak jaso dira. Besteak beste, Axularren Gero edo Leizarragaren Testamentu Berria bezalako obra klasiko handiak daude, gaztelerazko prozesu judizialetatik hautatutako zati txikiekin batera, XVI. mendeko herri hizkeratik hurbilekoak.

- Erlijioz haratago idatzitako euskara: euskarazko testuak batik bat erlijiosoak izan arren, atal honetan bestelako testuak jasotzen dira; hala nola, testu administratiboak, korrespondentzia, edo Lazarragaren eskuizkribua, XVI. eta XVII. mendeetako arabar euskaraz idatzia. Amenduxen epitafioa ere agertzen da.

- Hizkuntzari buruzko hausnarketa: atal honetan, euskarak pasa diren mendeetan, Europan sortutako interesa erakusten da, antzinako ikerlari ezberdinen lanen bitartez. Esate baterako, Aita Larramendiren Diccionario Trilingüe dugu: ondorengo euskal idazleengan eragin handia izan duen obra.

- Euskal Filologia: azken atal honetan, hizkuntzalaritzak eta euskal filologiak azken hamarkadetan izan duten garapena agertzen da, lan berrienen bitartez. Erakusketa Amenduxen aipatu testuan oinarritutako musika-produkzioarekin osatu da; hau da, XVI. mendeko iruindar merkataria, familia aberatsekoa.

Fontes Linguae Vasconum: paperezko altxorrak