es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Erriberriko jauregia

Vianako Printzearen Kultura Saria Erriberriko Jauregian ematen da 2016ko ediziotik. Erriberriko Jauregia Europako gotiko zibileko eraikinik baliotsuenetako bat da, eta baita nafar herritarrek monumentu-ondarearenganako duten sentsibilitatearen ikur ere. Izan ere, sentsibilitate horri esker, erortzeko zorian zeuden monumentu oso baliotsuak berreskuratu dira, besteak beste Erriberriko Jauregia. Lan hori gaur egun Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak egiten du. Jauregia, Nafarroak XVI. mendean independentzia galdu zuenean, gain behera etorri zen, eta behin baino gehiagoan egon da eraisteko zorian. 1913an, Nafarroako Foru Aldundiak hondarrak erosi zituen, multzoa zaharberritzeko, eta horretan aritu zen hurrengo hamarkadatan.

Gaur egun bi multzo bereizi daude: batetik, Jauregi Zaharra, gaur egun Turismo Paradorea dena; eta bestetik, Jauregi Berria, dorrez eta gotorlekuz osatua. Bien arteko eremuan bere garaian “Erreginaren Jauregia” zegoen. Bi multzoak garai desberdinekoak dira, baina Erriberriko Gaztelua izan zen unitate handi bat osatzen dute. Hori, nagusiki, Karlos III.ari zor diogu, gaztelua obra eredugarri eta miretsi bihurtu zuelako eta hantxe izan zuelako bizilekua.

Jauregiak, gainera, Vianako lehen Printzearen, Carlos de Trastámara y Evreuxen, bizitza eta obra gogoratzen ditu, han eman baitzuen bizitzaren gehiengoa. Erriberriko Jauregia erregeen mezenasgoak Nafarroari oinordetzan utzitako obrarik interesgarriena da.

Erriberriko Jauregia Nafarroa Gaztelako Koroan sartu zen arte Nafarroako Erregeen gorteetako bat izan zen, Europako Erdi Aroko gaztelurik luxuzkoenetako bat.
XVI. mendean, Nafarroa menderatu ondoren erregeen egoitza izateari utzi zionez, eraikina gain behera etorri zen eta eraisteko zorian ere egon zen.
1913an, Nafarroako Foru Aldundiak hondarrak erosi zituen, zaharberritzeko asmoarekin, eta lan hori José eta Javier Yárnoz Larrosa arkitektoek egin zuten.

Gaur egun, gazteluko harresietan ikuskizun artistikoak egiten dira udaran, besteak beste Nafarroako gobernuak antolatzen duen Antzerki Klasikoaren Jaialdia. Halaber, barruko gelak kultura-xedeekin erabiltzen dira beti.

Erriberriko Jauregiari buruzko informazio gehiago