Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Erriberiko Antzerki Jaialdia

Erriberriko Antzerki Jaialdia hitzordu nagusia dugu Nafarroako arte eszenikoen arloan. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak Baluarte Fundazioarekin lankidetzan egiten duen programa bat da.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak aukera bat eskaintzen du udaro, uztaileko bigarren hamabostaldian, arte eszenikoen jaialdi batean parte hartzeko, kalitatezko programazio batekin.

Programazioaren zatirik handiena La Cavako agertoki nagusian garatzen da, Erriberriko Errege-erreginen jauregiaren oinetan. Baina urteetan zehar beste espazio batzuk ere gehitu dira: Errege-erreginen jauregia, Erriberri herria bera, Beireko Ezpeleta jauregia eta Tafallako Kulturgunea.

Jaialdiak, funtsean, garai eta joera guztietako klasikoen aldeko apustua egiten du, egungo eszenako dramagile eta zuzendari nabarmenenen ikuspegitik, izan nafarrak, estatukoak nahiz nazioartekoak. Arte eszeniko guztietara irekia dago, eta azken edizioetan musika, zirkua eta adin guztietarako diziplina arteko ikuskizunak ere sartu dira.

Eremu eta programazio berrietara irekitzearen helburua da publiko berriekin loturak ezartzea, hasi haurretatik eta publiko gazte eta heldura iritsi arte, bai eta lurraldean inpaktu handiagoa lortzea ere.

Jaialdia, gainera, laguntza irmoa da Nafarroako sektoreko profesionalentzat, eta biltzen ditu, batetik, Nafarroako proposamenik hoberenak La Cavako agertoki nagusiaren programazioan, eta, bestetik, urteetan zehar eboluzionatu duten atalak, hala nola, Antzerki Poetika deituriko deialdia, egonaldi artistikoak eta ikerketa-laborategiak, interpretazio-eskolen topaketa, etab.

Bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren, Erriberriko Antzerki Jaialdiak nortasun berezia lortu du eta nazioartean erreferentziako gune bilakatu da. Hartan ikusleak dira egiazko protagonistak eta haien gainean dabiltza biraka egileak, obrak eta proposamen eszenikoak, hausnarketa kritikoa eta kontzientzia sorrarazteko.

Webgunea: www.festivalteatroolite.es

2023ko edizioa

2022ko edizioa

2021ko edizioa

2020ko edizioa

2019ko edizioa

2018ko edizioa

Erriberiko Antzerki Jaialdia