es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Eguesibar

IRRINTZI

-Aurkezpena: ekainak 17, 19:00etan, Jorge Oteiza Museoa Fundazioan.

-Tailerrak: ekainak 18, 19, 24, 25 eta 26 eta uztailak 15.

-Lehiaketa: abuztuaren 8tik 30era, “Soinu galduaren bila” izeneko lehiaketa egingo da jendea animatzeko, parte har dezan. Helburua da tailerretan grabatutako soinuak entzutea, eta haraneko bizilagunek zeri dagozkion asmatzea.

-Amaierako ekitaldia: abuztuak 31 (larunbata), 19:30ean, Jorge Oteiza Museoa Fundazioan.

Irudia eta soinua

Soinuek eta irudiek landa eta herria kontrajarriko dituzte, Eguesibarrek Landarte 2019 programan gauzatutako proiektuan

Landarte Nafarroako Gobernuaren arte eta landatartasuneko programa da, eta, haren bitartez, Iosu Zapata artista Eguesibarren izango da, soinuak, irudiak eta landako eta herriko oroitzapenak uztartuko dituen proiektua bultzatzeko. Zehazki, artistak soinua eta irudia grabatzeko eta irratsaioak igortzeko hainbat tailer emango ditu. Helburua da natura eta herrien hedakuntza kontrajarriko dituen obra bat sortzea, irudiz eta soinuz osatua.

“Basoa paseatzeko eta zuhaitzak ikusteko lekua baino askoz gehiago da, herri edo kultura baten nortasuna irudika dezakeelako. Naturarekin lotutako balio horiek oinarrizkoak dira, baina, irabazi materialak eta ekonomikoak kolokan daudenean, ez ohi dira kontuan hartzen”, azpimarratu du Zapatak. Hausnarketa horretatik abiatuta, herrien hedakuntzak eragindako paisaia-arkitekturaren eta naturaren arteko erlazioa aztertu nahi du artistak. Zer soinu sortzen dituzte gure inguruko erritmo biologikoek? Herrien hedakuntzaren kultura honetan, inbasoreak gara ala inbadituak? Zer soinuk eta irudik osatzen dute gure nortasun-sentimendua? Artistak galdera horiek botatzen ditu, besteak beste, Landarte programaren barruan Eguesibarren gidatuko duen sormen-lana bideratzeko.

Proiektuaren bitartez, artistak eta parte-hartzaileek naturaren eta herrigunearen arteko erlazioa aztertuko dute. Itxuraz aurkakoak diren lekuak erlazionatuko dituzke, dokumentazio hori irudien eta soinuen bidez jasotzen duten instalazioak erabiliz. Hau da, elkarren aurkako bi errealitate horiek erlazionatuko dituzte (landa eta herria), kontrako beste lekuaren soinuak eta irudiak konektatzen dituzten instalazioez baliatuz. Hala, basoan herriko soinuak entzungo dira, eta herrian, berriz, naturaren soinu-paisaia.

Horretarako, alderdi horietako bakoitza jasoko dute: naturako soinuak eta irudiak eta haraneko herrien soinuak eta irudiak. Esku hartuko den leku bakoitzean, tranpa-kamerak jarriko dira (tranpa-argazkiak= gailu automatikoen bitartez, animalia basatien irudiak eta soinuak jasotzea).

Gainera, proiektuak parte-hartzaileen arteko harremana ere aztertu nahi du, eta landako eta herrietako biztanleen arteko diferentziak ikusi. Horrez gain, irrati-estudioa muntatzeko tailer praktikoa ere emango da, modu esperimentalean erabiltzeko. Kokapen zehatzik gabeko irrati-etxea izango da, eta Eguesibarren barrena eraman ahalko da. Estudio mugikorra bizikleta-triziklo gainean eraikitzeko diseinatuta dago, landa-guneekin jasangarria izan dadin. Uztailean zehar, Eguesibar osatzen duten herri guztietatik ibiliko da irrati-etxe mugikorra.

Irrati-etxe mugikorraren ibilbidea:

UZTAILAK 16: OLATZ TXIPIA-SARRIGUREN

UZTAILAK 17: SARRIGUREN-BADOSTAIN

UZTAILAK 18: BADOSTAIN-ARDANATZ

UZTAILAK 21: ARDANATZ-GORRAITZ

UZTAILAK 22: GORRAITZ-EGUES

UZTAILAK 23: EGUES-SAGASETA

UZTAILAK 24: SAGASETA-EGULBATI

UZTAILAK 25: EGULBATI-ELKANO

UZTAILAK 28: ELKANO-ALTZUZA

UZTAILAK 29: ALTZUZA-IBIRIKU

UZTAILAK 30: IBIRIKU-ELIA

UZTAILAK 31: ELIA-ETXALATZ

ABUZTUAK 1: ETXALATZ-AZPA

ABUZTUAK 4: AZPA-ERANTSUS

 

IOSU ZAPATA (Iruña, 1981)

Iosu Zapataren lana espazio abandonatuen, kanpoaldeen, bazterrekoaren eta hiri-paisaiaren gaineko alderdiekin eta horrek guztiak naturarekin duen erlazioarekin lotuta dago.

Iruña Cormenzana tailerretan hasi zuen haren prestakuntza, 1991n. Diseinu grafikoa ikasi zuen, eta Iruñeko Arte Eskolan marrazki- eta margo-monografikoak egin zituen.

Hainbat sari eta aitorpen jaso ditu (Encuentros eta Artista Gazteak, besteak beste), eta Iruñeko arte-talde askotan parte hartzen du.

Haren lana Espainian, Filipinetan, Frantzian eta Mexikon izan da ikusgai. Azken herrialde horretan, hainbat urtez bizi izan da, eta proiektu ugari garatu ditu, esaterako: La Chabola Nómada (El Chopoko museoan ikusgai), Polyforum Siqueiros kultur gunea, Espainiako Kultur Zentroa eta Emakumearen Museoa.

Gaur egun, haren lana soinuarekin eta paisaiarekin lotuta dago nagusiki.

 

Eguesibar