es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Auritz-Burguete

KONTRAMAPA

-Proiektuaren aurkezpena parte-hartzaileei: abuztuak 10, larunbata, 12:00etan.

-Tailerrak: abuztuak 12, 13, 14 eta 16.

-Azken ekitaldia: abuztuaren 17an, 12:00etan.

Kartografia, pintura eta ehuna

Auritz/Burguetek Bunkerren ibilbidea berriz asmatuko du Landarte 2019an

Landarte, Nafarroako Gobernuaren arte eta landatasun programa, Auritzera iritsiko da hirugarren edizioan Teresa Sabaté eta Virginia Santos artista plastikoekin. Bi sortzaileek proposatzen duten proiektuan, bunkerren berreskuratze arkitektonikorako lanak markatutako ibilbideak erabiliko dira, bide horien inguruan beste begirada bat planteatzearren. Begirada berri horrekin, memoriaren inguruko hausnarketa egin eta gerrarako eta mugarako pentsatutako egitura horiek bide ireki bilakatu nahi dira, herriko biztanle bakoitzak bere esperientziaren berri emateko.

Auritzeko Bunkerren ibilbideak Espainiako Gerra Zibilean bertan planeatutako lerro gotortua eraikitzeko eta garatzeko aztarnak erakusten dizkigu. “P lerroa” izenekoa defendatzeko barrera bat zen, Mediterraneo itsasotik Kantauriraino zihoana, eta milaka bunker eraiki ziren diktaduran zehar. Auritzen 3 ibilbide markatu dira, eta horietan 35 bunker daude; horietatik 5 berreskuratu dira.

Bunkerren eta herriaren plano errealean oinarrituta, sortzaileek kontramapa bat egin nahi du te, tailerretan parte hartzen duten pertsona guztiek beren ibilbideak sortzeko, josketa, marrazkia, collagea, argazkigintza, pintura edo testuak bezalako hizkuntza ezberdinekin. Bertako artistek ere parte hartuaz ateratzen den pieza herrian geratuko da denen arteko esperientzia bezala.

Hain zuzen ere, bidearekin lotutako historiak osatuko du Landarte 2019 programak herri honetarako proposatzen duen proiektu artistikoa. Izan ere, Auritz herria, Interes Kulturaleko Ondasun aitortua, Santiago bideak zeharkatzen du. Herria Done Jakueren bidearen babesean sortu zen, Pirinioak zeharkatuaz Europatik iristen ziren erromesei zerbitzua emateko. Hortik igarotzean, milaka historia utzi zituzten lur horien iragan biziarekin bat eginez. Bertan desfilatu zuten erromatar legioek Hispania alderako kanpainetan edota baskoiek Karlomagno garaitu zuten VIII. mendean.

Tailerretan jarduera ezberdinak garatuko dira, gaitasun eta adin guztietako jendeak parte hartzearren.

Teresa Sabaté eta Virginia Santos

Teresa Sabaté, artista plastikoa eta irakaslea, “hariekin margotzen du”, eta gai ugari jorratu ditu duen ibilbide zabalean. Horrela, azken urteetan, bizitzan zehar ezagutzen joan den hirietako mapetan eta kartografietan oinarritu da, haren biografiarekin zerikusia duten ibilbideak sortuaz.

Virginia Santos Itoiz, Arte Ederretan lizentziatua EHUn. Pintura eta marrazkia lantzen ditu gehienbat. Azken urteetan, haur ipuin klasikoenen narratibak landu ditu, nolabait ere fikziozko ibilbidea sortu dutenak, eta azkenean errealitatearekin askoz ere lotura handiagoa dute, ematen duena baino.

Bi artisten arteko lankidetza hizkuntzak eta narratibak nahasteko batak besteari egindako proposamenetik sortu da, errealitatea eta fikzioa partekaturiko esperientziarekin batuaz. Horrela, lankidetza horren ondorioz, Uharte Arte Garaikidearen Zentroan, 2019ko urtarrilean, Oinez eta eskuz proiektua garatuko dute lehen aldiz. Lan horretatik aurrera, ibilbideekin loturiko lankidetza-ildoa hasi dute, ibilbide fisikoak, bizitzakoak edo memoriari buruzkoak.

Auritz-Burguete