Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Vianako Printzea Sariak saritutako pertsona edo erakundearentzako diru-kopurua berreskuratu du

2021/03/24

20.000 euroko saria emango da, eta hautagaiak aurkezteko epea maiatzaren 3an amaituko da

Vianako Printzearen Kultura Sarira hautagaiak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 3an amaituko da. Aurtengo edizioak diru-kopurua berreskuratu du; hots, 20.000 euro, eta zenbateko hori osorik emango zaio saria eskuratzen duenari. Hain zuzen ere, horixe da sarien egungo edizioaren berrikuntza nagusia.

Aldaketa Nafarroako Gobernuak onartu du gaurko bilkuran, eta, era horretan, 2016ra bitarte indarrean egondako egoerari helduko zaio; orduan, saritutako pertsonaren edo erakundearen lana hedatzeko proiektua hautatu zen.

Vianako Printzearen Kultura Sariaren helburua da “kulturaren edozein eremutan pertsona edo erakunde garrantzitsuek burututako eginkizuna saritzea; hau da, sormena, azterketa edo ikerketa edota sustapena", deialdiaren oinarrietan jasotakoaren arabera.

Hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte Kulturaren eta Arteen Nafarroako Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, Udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, e.a.) nahiz hezkuntza, kultura edo gizarte arloko erakundeek, GKE erakundeek, legez eratutakoek, edo erakundeak gonbidatutako pertsona ospetsuek.

Ez dira onartuko saria beren buruarentzat edo ordezkatzen dituzten erakundeentzat eskatzen dutenek aurkeztutako hautagaiak.

Nafarroako Gobernuak saria emango du ekitaldi batean, eta horren eguna bere garaian iragarriko da. Orain arte sarituak izandako pertsonak eta erakundeak ondorengo estekan ikus daitezke.

Gainera, Kultura eta Kirol Departamentuak laster argitaratuko ditu artista gazteei bideratutako Talentu Artistikoaren Sustapenerako sariaren egungo edizioa egiteko oinarriak.

Lotura berezia Nafarroarekin

Sariaren epaimahaia Kulturaren eta Arteen Nafarroako Kontseiluko kideek osatuko dute, eta hautagaiak aztertu eta bertan eskatzen diren merituak ere baloratzeaz gain, Nafarroarekin duen lotura berezia kontuan hartuko du. Behin ebatzita, Kontseiluak eta hautagaiak proposaturiko erakundeek eta kideek egingo duten saioan, hautagaitzaren merituak defendatzeko esku hartu ahal izango da. Epaia, irabazlea edota saria hutsik geratu dela esaten duen adierazpena, prentsaurreko bidez ezagutzera emango da komunikabideen aurrean.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean sariaren oinarriak argitaratzen direnetik aurrera, hautagaiak aurkezteko epea irekiko da, Kultura eta Kirol Departamentuaren Idazkaritza Nagusi Teknikora posta ziurtatua bidalita edo posta elektronikoaren helbide honen bitartez: premioprincipedeviana@navarra.es.

Proposamenekin batera ondorengo dokumentazioa aurkeztuko da: proposatzen diren pertsonen edo erakundearen egiaztapen-datuak, merituen laburpena eta ibilbide pertsonala edo profesionala eta alegatutako merituak bermatu eta egiaztatu ahal izateko beste edozein dokumentazio osagarri.

Vianako Printzea Sariak saritutako pertsona edo erakundearentzako diru-kopurua berreskuratu du
Carlos Cánovas, Vianako Printzearen azken saria

Zerrendara itzuli