Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren lizitazio prozesua zabalik

2021/03/30

Jaialdiaren 16. edizioa 2022ko martxoaren 14tik 19ra bitarte izanen da, Iruñean

NICDO (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio) erakundeak Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren lizitazio prozesua abiarazi du; jaialdiaren 16. edizioa 2022ko martxoaren 14tik 19ra bitarte izango da, Iruñean. Lanpostuaren baldintza guzti-guztiak Navarra.es webgunean aurki daitezke. Apirilaren 30era arteko epea dute hautagaiek proposamenak aurkezteko.

Zuzendari artistiko berrirako lizitazioaren baldintza agirian zehazten da xedatutako prezioa, eta prezioak ez du punturik jasoko; kontratua urtebetekoa izango da eta gehienez lau urtez luzatu daiteke. Halaber, hautagaiak aurkezteko eskatzen diren baldintzak ere agirian jasoko dira, besteak beste, kaudimen tekniko eta profesionala egiaztatzea, eta kaudimen hori puntuatzeko irizpideak ere zehazten dira: kualitatiboak (proiektuaren kalitate artistikoa eta kultura interesa; lurraldearen inplikazioa eta bitartekaritza sustatzea; genero berdintasuna edo gizarteratzea, gizarte aniztasuna eta belaunaldien arteko harremanak bermatzeko mekanismoak). Formulen bidez kuantifikatzeko modukoak izango dira. 

Punto de Vista jaialdiaren zuzendaritza artistikoaz arduratuko den pertsonak proiektu bat aurkeztu beharko du, edukiak zehaztuta, eta atal bakoitzean zer sartzen den ez ezik, gauzatzeko moduari buruzko informazioa ere adierazi beharko du. Era berean, jaialdia xedatutako denbora esparruan programatu beharko du, eta jasangarritasun irizpideen arabera esleitutako aurrekontuarekin proiektu eta artisten proposamena egingo du eta artistekin eta bestelako profesional gonbidatuekin harremanetan jarriko da eta koordinatuko ditu.

Nafarroako Gobernuak sustatzen duen Punto de Vista jaialdiak zuzendaritza egitura dualaren alde egin du hasiera-hasieratik, eta zuzendari eragilea eta zuzendari artistikoa bereizi ditu. Zuzendari artistikoa lau urtean behin aldatzeko estrategia du jaialdiak. 

Horrela, bada, Punto de Vista jaialdiaren 15 edizioetan lau zuzendari artistiko izan ditugu; hona hemen, ordena kronologikoan: Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zine Eskolaren zuzendaria gaur egun; Josetxo Cerdán, Filmoteca Española erakundearen zuzendaria; Oskar Alegria, zinemagile nafarra, iaz ‘Zumiriki’ filmaren munduko estreinaldia egin zuena; eta Garbiñe Ortegak lau urteren ostean itxi du aurtengo edizioa, fikziozkoa ez den zinemaren aldeko apustu arriskutsua eginez. Zuzendari artistiko bakoitzak arrastoa utzi du Punto de Vista jaialdiaren nortasunean eta, denen artean, kalitatezko erreferentzia izatea ez ezik, nazioartean ezinbesteko urteroko hitzordu bihurtzea ere lortu dute.

Jaialdiaren hamaseigarren edizioa 2022ko martxoaren 14tik 19ra bitarte izango da.

Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren lizitazio prozesua zabalik

Zerrendara itzuli