Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Punto de Vista jaialdiak Nafarroako hainbat erakunderekin elkarlanean antolatutako hezkuntza programa aurkeztu du

2020/01/10

2018az geroztik, hezkuntza programa da Punto de Vista jaialdiaren barruan garrantzi handiena lortu duen sailetako bat. Izan ere, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Filmotekan, Civican zentroan eta Civivox sarean gauzatutako programei esker, jaialdiko jarduerak hiritar gehiagorengana hedatu dira, haur, familia, nerabe zein heldu. Hezkuntza programaren barruan, hainbat tailer eta proiekzio egingo dira otsailean zehar eta jaialdiak iraun bitartean, martxoaren 2tik 7ra. Nafarroako Gobernuak, jaialdiaren sustatzaileak, hainbat erakunde eta elkarte bildu nahi ditu hezkuntza programa gauzatzeko, eta horien artean daude Iruñeko Udala (Civivox sarearen bidez), Nafarroako Kutxa Fundazioa, Iruñeko Planetarioa eta Nafarroako Filmoteka. Horrez gainera, Nafarroako hainbat institutuk eta ikastetxek ere bat egiten dute urtero egitasmoarekin, jardueretakoren batean parte hartuz. 

Tailerretan, zinema ikusi, aztertu eta sortzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta eskura dauzkagun tresna zein formatuei beste begi batzuekin begira diezaioten sustatuko da, sormenarekiko beldurra gal dezaten. Marina Lameiro nafar zinemagileak, Zazpi T’erdi ikus-entzunezkoen euskal elkarteak, Carlos Casas bartzelonar zinemagileak eta Drac Màgic ikus-entzunezkoen kooperatiba katalanak zuzenduko dituzte tailerrak. 

Jada izena eman daiteke Civivox sarean egingo diren tailerretan, esteka honen bidez

Bestalde, proiekzioek barne hartuko dute haurrentzako filmen saio bat Planetarioan eta Baluarten, baita ikastetxeentzako goizeko emanaldiak ere, Filmotekan, azken horiek.


PUNTO DE VISTA 2020. HEZKUNTZA PROGRAMA:

1. TAILERRAK

a. "Gutun filmatuak". Marina Lameiro.

Marina Lameiro nafar zinemagileak ikus-entzunezko gutunen idazketa eta sorkuntza landuko du haurrekin. Tailerra 4na orduko bi saiotan egituratuta dago. Lehenengo saioan, parte hartzaileek gutun bat idatziko dute taldean, botila batean sartzeko mezu bat izango balitz bezala, eta beren material propioa sortuko dute, tailerrean aukeratutako gaiaren arabera. Hurrengo astean zehar, parte hartzaileek gutun edo mezu bat grabatuko dute, nork bere etorkizuneko niarentzat. Gutun filmatu hori bigarren saioan muntatuko dute, zinemagilearen laguntzaz, eta etxera eraman ahal izango dute tailerra amaitutakoan.

Informazio praktikoa. 8-12 urtekoentzat, Mendillorriko Civivoxean. Parte hartzaileek kamera bat beharko dute (nahikoa da mugikorraren kamerarekin). Otsailaren 8an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara, eta otsailaren 15ean, larunbata, 30 minutuz (parte hartzaileekin zehaztuko da). Kostua: 5 €. 

Marina Lameiro. Nafar zinemagilea, Ikus-entzunezkoen Komunikazioan lizentziaduna URJC unibertsitatean, eta Sorkuntza Dokumentalean masterduna UPF unibertsitatean. 2014an eta 2015ean artista egoiliarra izan zen New Yorkeko UnionDocs zentroan, eta 2018an egin zuen bere lehen filma, Young & Beautiful. Punto de Vista jaialdian estreinatu zuen, eta Feroz sarietarako izendapena jaso zuen.

b. "Zinema esperimentala eta bizikleta". Zazpi T’erdi.

Tailer honek bizikleta erabiliz irudiarekin eta soinuarekin esperimentatzea proposatzen du. Horretarako, parte hartzaileek ikus-entzunezko materiala sortuko dute bizikletaren atal desberdinekin, eta haren osagaiak erabiliko dituzte filmetako hizkuntzarekin jolasteko. Material hori erabiliz, ibilbide bat prestatuko dute, bizikletatik irudiak proiektatzeko hiriko hainbat tokitan, sortu dituzten irudi zein testuekin solastatuko diren horma nahiz eraikinetan. Bizikleta sorkuntzarako tresna bat izango da, eta zinemarekin eta hiriarekin duen loturaren gainean hausnartzeko aukera ere emango du.

Informazio praktikoa. 16 urtetik gorakoentzat, Iturramako Civivoxean. Ez da aurretiko esperientziarik behar. Parte hartzaileek bizikleta beharko dute, eta bizikleta zatiak ekartzea ere komeni da: gurpilak, eskulekuak, erradioak, etab. Otsailaren 22an eta 23an, larunbata eta igandea, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Kostua: 5 €.

Zazpi T’erdi ikus-entzunezko generoak nahasten dituen talde bat da. Haren lanek arreta berezia eskaintzen diote filmazio prozesuari eta horrek errealitatearekin erlazionatzeko duen moduari, eta ez-fikziozko nahiz zinema esperimentaleko lanak sortzen ditu.

c. "Elefanteen hilerria". Carlos Casas.

Carlos Casasen Cemetery filmean oinarritutako tailerra. Film horretan, elefante batek eta bere zaintzaileak Sri Lankako oihanean barrena elefanteen hilerri ezagunerantz egiten duten ibilbidea ikus dezakegu.

Tailerra soinu esperientzia murgiltzaile bat da. Bertan, haurrek, ilunpetan, soinu bat entzungo dute, eta soinu horrek nora daramatzan marraztuko dute, irudizko leku bat. Tailer honi esker, parte hartzaileak beste modu batera hurbilduko dira elefanteen mundura eta mundu naturalera, eta entzumena garatzeaz gain, irudimena landuko dute. Haien marrazkiekin erakusketa bat antolatuko da.

Informazio praktikoa. 6-12 urtekoentzat, Kondestable Civivoxean. Martxoaren 6an, ostirala. 16:30etik 17:10era, 6-8 urtekoak. 17:30etik 18:10era, 8-10 urtekoak. 18:30etik 19:10era, 10-12 urtekoak. Kostua: 2 €.

Carlos Casas. Zinemagile eta artista honen lanak zinema dokumentala, soinuzko artea, bideo-instalazioak eta performancea barne hartzen ditu. Casasek soinuzko paisaiak garatzen ditu, mundu naturalarekin, oroimenarekin eta heriotzarekin lotutako gaiak arakatzeko. Haren filmak mundu osoko jaialdietan proiektatu eta saritu dituzte.

d. "Entzuten duten irudiak: erretratu dokumentala". Drac Màgic. Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetzan.

Nola aurkez daiteke zinema dokumentalean irudikatutako pertsona bat? Zerk definitzen du gure subjektua? Zer harreman dugu pertsona horrekin? Tailer teoriko eta praktiko honek zinemagileek beste norbait edo beren burua irudikatzeko erabiltzen dituzten estrategia zinematografikoak aztertzen ditu, eta, horretarako, pertsona gazteen erretratuetan ardaztutako ikus-entzunezkoen zatiak ikustea proposatzen du, baita lan kolektibo bat sortzea ere.

Informazio praktikoa. DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta heziketa zikloetako ikasleentzat. Martxoaren 4an, asteazkena, 9:30etik 12:00etara, Civican zentroan. Ikastetxe interesdunek helbide honetara idatz dezakete: info@puntodevistafestival. com.

Drac Màgic kooperatibak kultura zinematografikoa hedatzen du, hori ezagutzarako eta gogoetarako espaziotzat ulertuta. Emakumeak ikus-entzunezko hedabideetan nola irudikatzen dituzten eta zinemagintzan egile gisa zer presentzia duten dira kooperatibak garatzen dituen gai nagusietako batzuk.

2. PROIEKZIOAK

a. Planetarioa eta Baluarte. Haurrentzako film berrien saioa Planetarioan eta Baluarten. Haurrentzat beste zinema mota bat sor daitekeela erakusten duten film laburrak, Planetarioko pantailan eskainiko direnak Punto de Vista jaialdiaren barruan.

Informazio praktikoa. Planetarioko proiekzioa otsailaren 29an izango da, larunbata, 12:00etan, eta Baluartekoa, berriz, martxoaren 7an, larunbata, 11:00etan. Sarrerak laster jarriko dira salgai helbide hauetan: www.pamplonetario.org eta www.puntodevistafestival.com.

b. Nafarroako Filmoteka. Xiana do Teixeiroren Tódalas mulleres que coñezo filmaren proiekzioa, Drac Màgic kooperatibaren eskutik, DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta heziketa zikloetako ikasleentzat. 

Film horrek hiru ekitaldi ditu, eta horiek, aldi berean, eremu publikoan beren esperientziak –laguntasunezkoak, beldurrezkoak, erresistentziazkoak– kontatzen dituzten emakumeen arteko hiru elkarrizketa ere badira, elkarri lotuak eta belaunaldiartekoak. Hitzez jantzitako dokumental hau zuzeneko zinemaren oinarrizko lan bat da, emakumeen aurkako egiturazko indarkeria eta berdintasunaren mitoaren arrakalak agerian uzten dituena.

Informazio praktikoa. Proiekzioak martxoaren 5ean izango dira, osteguna, 10:00etan eta 12:00etan. Ikastetxe interesdunek helbide honetara idatz dezakete: info@puntodevistafestival.com.

 

 

Punto de Vista jaialdiak Nafarroako hainbat erakunderekin elkarlanean antolatutako hezkuntza programa aurkeztu du

Zerrendara itzuli