Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Plazan da Isabel II.aren erreginaldian Nafarroan izaniko hauteskundeei buruzko liburu bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitaraturik

2019/09/30

Liburuaren egilea Jesús Balduz Calleja historialari iruindarra da

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak Exaltados, tibios y retrógrados. Las elecciones de diputados a Cortes en la Navarra isabelina (1833-1868) liburua plazaratu du, Jesús Balduz Calleja historialari iruindarrak ondua.

Liburua urte sail luzean egindako ikerlanen emaitza da. Isabel II.aren erreginaldiko (1833-1868) hauteskundeen emaitzak aztertu dira xehe-mehe, bozak zer egoera sozio-ekonomikotan egin ziren azalduta.

Jesús Balduzek, liburuaren bidez, ikerketa-ildo berriak urratu ditu Nafarroan izaniko hauteskundeez eta, era berean, argitasuna ekarri, erregina Isabelen garaiko historiara.

Argitalpenak bi atal nagusi ditu. Lehenbizikoan, XIX. mendeko Nafarroako bilakaera osatu du, demografiari, gizarteari eta ekonomiari begira, betiere. Bigarrenean, berriz, Gorteetarako diputatuen hauteskundeen azterketa egin da; 1834tik 1867ra bitarteko egin baitziren, hain zuzen ere. Hasteko, 1834ko Errege Estatutuan sarturiko hautes-neurriak aztertu dira, neurri haiek bidea ireki baitzuten Nafarroako Erresuma (artean ere erresuma baitzen) probintzia huts bat bihurtzeko, ordena berriaren barnean, betiere. Prozesua 1841ean eraman zen bururaino. Hasieran, gerra hotsen artean garatu zen, karlistek ezin izan baitzuten eragotzi Iraultza Liberalaren garaipena. Orduz geroztik, burgesiak Nafarroako erakundeak kontrolatu zituen, bai eta hauteskundeak ere. Elite berri hura antzinako aristokraziaren zati handi batek osatua zegoen, eta haiek baizik ez ziren Gorteetan sartu Isabel erreginaren garaian. Sistema hura errolda-sufragioan zetzan, agintari liberal moderatuen edo aurrerazaleen neurrira egindakoa; hau da, agintariek neurrigabe esku hartu zuten hauteskundeetan, eta bozak iruzurrez beterik egon ziren. Hala ere, tronuaren eta aldarearen aldekoek ere, noizbehinka, beren aukera urriak baliatu zituzten hauteskundeetan beren ahotsa entzunarazteko.

Lan honen bidez, Balduzek argitu egin ditu garai hartako nafar politikagintzako protagonista eta taldeen gainean zirauten gauza ezezagun batzuk. Aztertu du, halaber, zer jokamolde izan zuten haiek guztiek hauteskundeen inguruan, eta Nafarroan sortu berria zen jauntxokeriaren sustrai bila aritu da. Lanak, era berean, liberalen eta absolutisten arteko tentsioak argitu ditu, ika-mikak hauteskundeen inguruko borrokara ekarri baitzituzten bake garaian. Horrez gain, batzuen eta besteen babesle nagusiak nor izan ziren zehaztu du.

Argitalpenak, gainera, koloretako mapa sail bat ere badakar hautes-barrutien bilakaeraz, bai eta bibliografia osotua eta aurkibide onomastikoa ere.

Liburua eskura dago Nafarroako Gobernuko argitalpen dendan, hau da, Navas de Tolosa kalean, bai eta liburu-dendetan ere. Argitalpena Historia sailari dagokio, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitaratua.

Liburuaren egilea

Jesús A. Balduz Calleja iruindarra doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nafarroako errolda-sufragioari buruzko tesi baten bitartez (2016). Tesia liburu berriaren abiapuntua izan da. Nafarroako Unibertsitate publikoan ikertzaile dihardu eta «Gerra, gizartea eta politika: 1808-1814» (2007) biltzarraren koordinatzailea izan da. Horrez gain, XIX. eta XX. mendeetako historia politikoari, tokikoari eta zerga-politikari buruzko hainbat proiektutan hartu du parte. 2007an, Atarrabiako Udaleko Antso VI. Jakituna beka eskuratu zuen. Hainbat artikulu idazteaz gain, Diccionario biográfico de parlamentarios españoles (2010) lanean aritu da lankidetzan. Halaber, hainbat monografia ondu ditu –batzuk bere kasa, eta bestetzuk, berriz, beste batzuekin batera– Nafarroako zergen historiaz eta Atarrabiako historia garaikideaz. Era berean, beste lan batzuetan ere parte hartu du. Hona hemen: La Meca, una institución pamplonesa, 1706-2006 (2006) eta Andosilla. Historia de una villa de frontera (2011). Gaur egun, Historia Garaikideko maisu eta irakaslea da Iruñeko UNEDen.

Plazan da Isabel II.aren erreginaldian Nafarroan izaniko hauteskundeei buruzko liburu bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitaraturik
Liburuaren azala

Zerrendara itzuli