Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Plazan da Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologiaren hirugarren alea

2019/12/20

Nafarroako Gobernuak Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologiaren hirugarren alea plazaratu du. Argitalpen berriak 1975etik 2000. urtera bitarte Nafarroan ondutako euskal literatura barnebildu du. Garai hura bereziki esanguratsua izan zen literaturgintzan, Franco hil ondoko trantsizio demokratikoaren urteak izan baitziren. Euskal literaturako zortzi aditu arduratu dira testuak eta idazleak aukeratzeaz. 

Hirugarren liburuki honetan, XX. mendearen azken laurdenean ondutakoak bildu dira. Politika, gizarte eta kultur arloko hainbat arrazoi izan zirela medio, Nafarroan sortutako euskal literatura hainbat arlotan izan zen egiazki oparoa. Izan ere, argitaletxeak sortu, idazle berriak plazaratu eta literatur lan andanak ikusi zuen argia. Garai hura, zalantzarik gabe, Nafarroako euskal literaturaren loraldiaren hasiera izan zen. 

Euskarari buruzko Foru Legea, 1986an onetsia, funtsezkoa izan zen hezkuntza-sisteman euskal literaturarekiko eskaria sortzeko, bai eta irakurlegaiak sortzeko ere. Era berean, zenbait egunkaritan eta hedabidetan euskarazko gehigarriak sortu ziren, eta haiek guztiak plaza garrantzitsuak izan ziren kazetarien nahiz idazleen lanak hedatzeko. Horrek are literatur ekoizpen handiagoa eragin zuen euskaraz. 

Bestalde, aipatu behar da garai hartako nafar idazle gehienak “tokiko” euskara batua erabiltzearen aldekoak izan zirela, Euskaltzaindiak onetsitako nafar jatorriko moldeekin bat. 

Liburukia

Liburukiak 394 orrialde ditu eta hemeretzi atalez osatua da beste horrenbeste idazlez aritzeko. Hona hemen: Koldo Ameztoi (1952), Xipri Alberbide Mendiburu (1934), Itxaro Borda (1959), Juan Cruz Arrosagaray (1905-1994), Aingeru Epaltza (1960), Jose Angel Irigaray (1942), Eduardo Gil Bera (1957), Guillaume Irigoyen (1959), Manuel Lasarte (1927-2012), Juan Karlos Lopez Mugartza (1961), Laura Mintegi (1955), Jokin Muñoz (1963), Juanjo Olasagarre (1963), Patziku Perurena (1959), Isidro Rikarte (1955), Felipe Rius Saleta (1961-2018), Patxi Zabaleta (1947), Iñaki Zabaleta Urkiola (1952) eta Agustin Zarranz (1897-1980).

Liburuaren koordinatzailea Asier Barandiaran Amarika izan da. Testuez eta idazleez arduratu diren gainerako adituak hauexek izan dira: Iratxe Esparza Martín, Felix Ibargutxi Otermin, Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte, Alvaro Rabelli Yanguas, Aiora Sampedro Alegria, Amaia Serrano Mariezkurena eta Eneko Zuloaga San Román.

Ale kopurua 440koa izan da, lau liburukiz osaturiko bildumaren baitan dago, eta salgai 12 euroan. Antologia 2020an itxiko da, laugarren liburukia plazaratuko baita, 2000tik gaur egunera bitarteko garaia biltzeko. Hirugarren liburukia ezagutzea funtsezkoa izanen da hurrengoa ulertzeko.

Plazan da Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologiaren hirugarren alea
Portada del libro

Zerrendara itzuli