es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Plazan da ¿Agonía o transformación? El carlismo en la novela española /Agonia edo eraldaketa? Karlismoa Espainiako literaturan (1876-1912) erakusketako katalogoa

2020/02/13

Hainbat idazlek Bigarren Karlistaldiaren sorburu eta ondorioetan eginiko ikerketak daude ikusgai erakusketan. Galdós, Pereda, Unamuno, Valle-Inclán eta Barojaren lanak dira; haietako batzuk oso kritiko izan ziren karlismoarekin. Beste batzuek, berriz, aldekoagoak, edota bada sostengua ere adierazi zionik.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturarako Zuzendaritza Nagusiak “¿Agonía o transformación? El carlismo en la novela española /Agonia edo eraldaketa? Karlismoa Espainiako literaturan (1876-1912)” erakusketaren katalogoa argitaratu du. Erakusketa aldi baterakoa da, 2019ko urriaren 31n zabaldutakoa, eta 2020ko apirilaren 19ra arte ikusgai egonen dena. Horrela, bost nobela aukeratu dira ekimenerako: Doña Perfecta (1876), Benito Pérez Galdósek ondua; Peñas arriba (1895), José María de Peredak idatzia; Paz en la guerra (1897), Miguel de Unamunok sortua; Sonata de invierno (1905), Ramón María del Valle-Inclánek izkiriatua, eta Zalacaín el aventurero (1908), Pío Barojak egina. Bostek ere karlismoa zerk eragin zuen aztertu zuten, eta zer zela-eta izan zituen hainbeste jarraitzaile lurralde jakin batzuetan. Era berean, beren buruari galdetu zioten ea, 1876ko porrotaren ondorioz, mugimendua hilzorian ote zegoen edota antzeko beste mugimendu edo ideologia batzuetan eraldatuko ote zen; finean, aintzat hartu zuten ikuskera karlistaren gauza batzuek irauteko aukera izanen zutela.

Katalogoko testuak erakusketako komisarioak, Stephen Robertsek, idatzi ditu. Ikasketa Espainiarren, Portugesen eta Latinoamerikarren Ataleko zuzendaria da Nottinghamgo Unibertsitatean (Erresuma Batua). Idazleen gaineko argazki hautatuak ere ageri dira, eta era berean, haiekin lotura duten artelan batzuenak eta erakusketan ikusgai dauden piezenak, erakundeotatik datozenak, hain zuzen. Hona hemen: Iruñeko Elizbarrutiko Museoa, Lizarrako Udal Artxiboa, Iruñeko Aita Kaputxinoen Liburutegi Nagusia, Lizarrako Liburutegia, Nafarroako Liburutegia, Madrilgo Ateneoko Liburutegia, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Liburutegia, Valle Inclán Museo Etxea, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionala, Prado Museo Nazionala, Iruñeko Nuevo Casino, Nafarroako Foruzaingoa, Toledoko Real Fundación Fundazioa, Victorio Macho Museoa, Salamancako Unibertsitatea, Unamuno Museo Etxea. Hainbat partikularrek ere piezak utzi dituzte, bai eta Karlismoaren Museoak berak, Kantabriako Museo Etnografikoak eta “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak ere.

500 ale argitaratu dira eta 12 euroan daude salgai bai Karlismoaren Museoan (La Rúa kalea, 27-29, Lizarra), bai Nafarroako Gobernuko Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa k., 21, Iruña), bai haren webgunean: https://publicaciones.navarra.es. Bertsio digitala hementxe dago eskuragai: www.museodelcarlismo.navarra.es. “¿Agonía o transformación? El carlismo en la novela española /Agonia edo eraldaketa? Karlismoa espainiako literaturan (1876-1912)” aldi baterako erakusketa da, doakoa, eta museoaren ohiko ordutegian dago zabalik: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

Plazan da ¿Agonía o transformación? El carlismo en la novela española /Agonia edo eraldaketa? Karlismoa Espainiako literaturan (1876-1912) erakusketako katalogoa
Katalogoaren azala

Zerrendara itzuli