es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Organo Musika Nafarroan zikloak 13 kontzertu eta entzunaldi eta 2 hitzaldi eskainiko ditu 35. edizioan

2019/08/22

 

Organo Musika Nafarroan zikloaren 35. edizioa irailaren 7an abiatuko da, eta irailean eta urrian, 8 kontzertu, 5 entzunaldi, mahainguru bat eta hitzaldi bat programatuko ditu. Programaren irekiera irailaren 7an izanen da, Iosu Larumbek Orreagako Kolegiatan eskainiko duen kontzertuarekin eta Cascanteko La Victoria elizarako bisita batez bukatuko da urriaren 26an.

Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apezteguiak eta programako zuzendari artistiko José Luis Echechipiak aurkeztu dute gaur goizean Organo Musika Nafarroan zikloaren 35. edizioa, “Haizea arte bihurtuta” lemapean. Ekitaldian izan dira, halaber, programan parte hartuko duten nafar interpretatzaile gazteak: Álvaro Landa, Iosu Larumbe, Román Serra, eta Iñigo Morentin, Raúl del Toro zikloan ohikoa den interpretearekin.

Irailerako agenda

Musika zikloa Nafarroako hainbat lekutan izanen da entzungai. Lehendabiziko organo kontzertua larunbatean izanen da, irailak 7, Orreagako Kolegiatan, eta irailaren 20an errepikatuko da leku berean. Iosu Larumbek interpretetatuko duen kontzertu honen helburu nagusia erromesek Donejakue Bidean aurkitzen ahal dituzten alderdi desberdinak islatzea izanen da: giza aldaerak, paisaia desberdinak, kulturari zein emozioei dagozkien aldaerak eta bideari ekiteko askotariko motibazioak.

Hilaren 13an eta 21ean, Garesen, Álvaro Landa organo-jotzaileak “Europa Compostelarako erromesaldiekin mamitu zen” izenburuko bi kontzertu eskainiko ditu San Pedro elizan, Donejakue Bidearen frantses ibilbideak zeharkatzen dituzten eskualdeetako musikagileen lanak bilduz. Ondoren, hilaren 14an eta 28an, beste bi organo kontzertu antolatuko dira Iruñean: lehendabizikoa, San Nikolas elizan, Susana García organo-jotzailearen eskutik, Frantzian, Alemanian eta Espainian barna musika-bidaia osatuz; eta bigarrena, Santo Domingo elizan. Halaber, Lesakan eta Leiren organo kontzertu bana eginen da hilaren 21ean eta 22an, hurrenez hurren. Lesakan José Luis Echechipia organo-jotzailea taularatuko da Lesakako Abesbatzarekin batera eta Marisol Perez Olaetxearen zuzendaritzapean, eta Leireko Salbatore Monasterioan, Esteban Landart.

Urrirako agenda

Urriko lehendabiziko kontzertua Azkoienen izanen da hilaren 5ean, San Juan elizan. Raúl del Toro musikariak “Miscellanea hispánica” deritzona eskainiko du, XIX. mendean berreraiki baina XVI. mendeko osagaiak dituen Azkoiengo organoan askotariko doinuak bilduz.

Organo Musika Nafarroan zikloaren barnean, halaber, organoaren eta oboea eta biola gisako beste instrumentuen arteko konbinazioak eginen dira. Urriaren 12an, Carcarreko San Migel elizan, parrokiako organoa ezagutzeko bisita gidatua antolatuko da, eta tenpluaren ezaugarri akustikoez baliatuta, tutu-organoaren soinua oboearen doinuarekin uztartuko da Iñigo Morentin (organoa) eta Anai Telletxea (oboea) musikarien eskutik. Horrez gain, urriaren 26an, larunbatez, Cascanteko La Victoria elizan antolatuko den kontzertuan, viola da braccio eta organoa uztartuko dira Italia, Portugal, Prusia eta Espainiako dantza herrikoien doinuak biltzeko, Antonio Clares (biola) eta Silvia Márquez (organoa) musikarien eskutik.

Hilabete honetan ere bi organo kontzertu eginen dira Iruñean eta Leiren. Hilaren 18an, Nafarroako hiriburuko Salbatore Elizan, Román Serraren (organoa) emanaldia antolatuko da Ricardo Zocoren zuzendaritzapean, eta hilaren 19an, Leireko Monasterioan, Lucie Zakova organo-jotzaileak “Munduaren labirintoa eta bihotzaren paradisua, organo eta errezitatzailearentzat” deritzona eskainiko du Marina Aoiz errezitatzailearen laguntzaz.

35. edizioan, Organo Musika Nafarroan zikloak aurrera jarraituko du musika esparruarekin interesatuta dauden pertsonen eta entitateen arteko bategitea eta elkarrizketa sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Horretarako, “Lesakako organoaren inguruko kultur proiektua” izenburuko mahaingurua antolatuko da hilaren 20an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, José Luis Echechipía organo-jotzailearen eta Roqués Organoaren Lagunen Elkarteko lehendakari Gabi Ibarzabalen parte-hartzeaz. Iruñean, aldiz, “Segoviako katedraleko Ebangejelioaren aldeko organoaren zaharberritzea” deritzon hitzaldi irudiztatua eginen da irailaren 27an Kondestablearen Jauregian, Joaquín Lois organogilearen eta Ángel Montero organo-jotzailearen parte-hartzeaz.

1984az geroztik

Organo Musika Nafarroan zikloa 1984an sortu zen Nafarroako elizetan erabilgarri dauden organoen erabilera zein instrumentu haietarako idatzitako musika sustatzeko xedez. Alabaina, azken edizioetan, izaera berri bat eman zaio, musikaren eta arte bisualen arteko elkarrekintza bilatzeko, organo kontzuei ohikoak ez diren beste instrumentu batzuen emanaldiak gehitzeko eta hezkuntza esparrua bultzatzeko, hainbat hitzaldi, tailer eta bestelako jardueren bitartez.

Jarduera guztietarako sarrera librea da aforoa bete arte.

Organo Musika Nafarroan zikloak 13 kontzertu eta entzunaldi eta 2 hitzaldi eskainiko ditu 35. edizioan

Zerrendara itzuli