Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako zortzi herrik hartuko dute parte Landarte 2019 programan, memoria hari gidari izanik

2019/06/14

Landarte, Nafarroako Gobernuaren arte eta landatasun programa hirugarren ediziora iritsi da irudi berrituarekin eta memoria hari gidari izango duelarik. “Memoria aurkitua” goiburuak konektatuko ditu Foru Komunitateko landa-inguruneko zortzi herritan 2019an burutuko diren proiektuak. Horiek guztiak gure ingurune geografikoko artista egoiliarrek zuzendu eta lagunduko dituzte, eta obra artistiko ezberdinak garatuko dituzte parte hartzen duten herrietako bizilagunekin elkarlanean.

Landarte 2019 programan honako herri eta artista hauek hartuko dute parte: Abartzuza, Ricardo Laspidea; Ablitas, Orekari arkitektura-estudioa; Eguesibar, Josu Zapata; Biurrun-Olkotz, Marisa Serrano eta Fueradeleje konpainia; Auritz, Teresa Sabaté eta Virginia Santos; Cabanillas, Irati Fernández eta Nerea Aguado; eta Eslaba, Félix Zaratiegui eta Natxo del Castillo. Horrez gain, Museoen Zerbitzuak, arte eta landatasun programarekin lankidetzan, Sesmako proiektua antolatu du Mari Jose Recalde artista plastikoarekin.

Akzio Kulturala Zerbitzuko zuzendariak, María del Carmen Oroz Iribarrenek, eta Lurralde eta Ingurumen iraunkortasuneko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuaren zuzendariak, Joaquín del Valle de Lersundik, Landarte 2019 programa aurkeztu dute; bertan, honako hauek esku hartzen dute: Museoen Zerbitzua; Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentua; eta Jorge Oteiza Fundazioa. Zehazki, Ingurumenak parte hartuko du Eguesibar, Auritz eta Sesmako proiektuetan, Landarte iraunkorragoa izan dadin, hiri eta landaren, espartzuaren edo ondare naturalaren eta arkeologikoaren inguruan artistek proposaturiko obren bitartez. Jorge Oteiza Fundazioak, berriz, Eguesibarren tailerrak egiteko espazioa utziko du.

Gainera, edizio honetan parte hartzen duten hainbat herrik Landarte programan esperientzia errepikatuko dute; hain zuen ere, Sesma, Abartzuza eta Eslaba herriak izango dira.

Landarte programaren helburua da Nafarroako landa-inguruneko biztanleak proiektu kultural partehartzailean inplikatzea jarduera artistikoak batuaz bertako artisten laguntzarekin. Modu horretan, tailerren bitartez prozesu sortzailea eta berritzailea aktibatzen da, eta, amaitzeko, eszenaratze ezberdinak egiten dira. Horrela, protagonisten inplikazioarekin, proiektuak garapen ekonomikoko proiektu izatera bideratu nahi dira.

Eta beti auzolanari edo lankidetzako eta taldeko lanari eta herriko ondareari balioa emanaz eta bertako nortasuna indartzen lagunduaz.

Genero-ikuspegia

Aurtengo berritasunen artean, nabarmendu behar da, batetik, Landartek irudi koloretsuagoa eta freskoagoa duela, eta, bestetik, genero-ikuspegia sartu dela proiektuetan nahiz programan bertan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruko mezuak igorriaz, artistak hautatuta eta parte-hartzearen gaineko datuak sexuaren arabera bananduta jasoaz.

Obren gaiei dagokienez, zortzi herriak eta proiektu artistikoak memoriaren hari gidariaren bitartez lotzen dira. Artistek burutuko dituzten arte garaikideko pieza parte-hartzaileek oroimena, aztarna, nortasunaren eraikuntza eta berreraikuntza, iraganaren botere inmateriala eta horren berreskuratzea izango dituzte hizpide. Landartek memoriaren faseetan barrena ibilbide zehatza eta jakituna egitea proposatzen du:

- Lehen fasea: iragana gardentasun handienarekin irakurtzea. Gertatu zena dokumentuen bitartez zehaztu daiteke (argazkiak, aurkitutako orriak, sinatutako dokumentuak, e.a.) eta baita pertsonen memoriatik, inguratzen gaituztenengandik edo gure bizilagunak ere badiren liburuetatik ere.

- Bigarren fasea: memoria esatea. Ezkutatuta dagoen memoria, isilean dagoen memoria, ez da denaren memoria. Kontatutako memoria bizirik dagoen memoria da. Beraz, gogoratzea oroimena esatea da, berriro idaztea, ezagutzera ematea eta partekatzea.

- Hirugarren fasea: iraunkortasuna. Gogoratzea iraganak eratzea da, oroimena, memoria, eguneroko gertaeran baitago. Gertatu den hura, nondik gatozen, gure nortasunaren zati da. Eta nortasunari denboran eusten zaio, iragana gure denboran baitago eta hori igarotzen du.

Nafarroako zortzi herrik hartuko dute parte Landarte 2019 programan, memoria hari gidari izanik

Zerrendara itzuli