es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Museoen udako doako bisita gidatuen programa

2019/06/28

Historiako ikasleek museoko behin betiko erakusketa berritutik zein sei pieza nagusietatik ibilbideak eskainiko dituzte

Aurten ere, Nafarroako Museoak udan ateak irekiko ditu behin betiko erakusketa ikusteko hainbat bisita gidatu eskainiz.

Euskal Herriko Unibertsitatean Historiako Gradua egiten ari diren ikasleek Nafarroako Museoan bisita gidatuak eskainiko dituzte sei maisulan hauetara: Abauntzeko mapa, Turbileko estatua-hilarria, Lergako hilarria, Job-en kapitel erromanikoa, Leireko kutxatila eta Goyak margotutako San Adriango Markesaren erretratua. Museoak lankidetzarako hitzarmen bat du sinatuta Nafarroako hiru unibertsitateekin eta EHUrekin, eta, praktiketako unibertsitate-ikasleei zuzendutako formula honekin, xede dibulgatzailea eta hezigarria uztartu nahi ditu.

Ekainaren 28tik abuztuaren 31ra bitartean egingo dira bisitak, San Fermin jaietan izan ezik. Asteartetik larunbatera, 10:00etan, 12:30ean eta 17:30ean, eta, igandeetan, 11:00etan. Uztailaren 19an eta abuztuaren 2an, 16an eta 30ean (ostiralak), sei maisulanetara bisita gidatuak euskaraz egingo dira, 11:00etan.

Bisitak erakusketa iraunkor berrira

Aurreikusita dago igandeetan (12:30ean) eta asteazkenetan (17:30ean) duela gutxi berritutako erakusketa iraunkorrera bisita gidatuak egitea. “Arte oro garaikidea da” lelopean, obra garaikidea protagonistatzat duen diskurtso museologiko berria aurkeztu da. Proiektuak ikuspegi orokor bat ematen digu eta komunikazio-sistema baten gisa aurkezten digu artea. Horren bidez, artistek une bakoitzean kontzeptu berdina irudikatzeko hizkuntza, kode eta euskarri desberdinak erabil ditzakete. Uztailaren 21ean eta abuztuaren 4an eta 18an (igandeak) bisita gidatuak euskaraz egingo dira, 12:30ean.

Bisita bakoitzak (sei maisulanetara eta erakusketa iraunkor berrira) ordubeteko iraupena izango du, eta sarrera doakoa izango da taldea osatu arte (gehienez 25 pertsona).

Nafarroako Museoen udako doako bisita gidatuen programa

Zerrendara itzuli