Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Museoaren zaharberritzeak erakusketa iraunkorrari eragingo dio nagusiki, fatxadako zenbait aldaketaz eta biltegi-eremu berri batez gain

2018/12/10

Herrera kontseilariak gaur aurkeztu du 2017an abiatu eta 2023ra arte luza litekeen proiektua.

Nafarroako Museoa zaharberritzeko proiektuan murgilduta dago, “azken hiru hamarkadetako handienean”, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak gaur, erakusketa iraunkorrari eragin eta fatxada eguneratzeko nahiz artelanetarako biltegi-eremu berri bat sortzeko lanak tarteko dituen ekimen honen aurkezpenean adierazi duenez.

Birformulazio eta eraberritze prozesu hau 2017an abiatu zen, erakusketa iraunkorraren zati handi bat eguneratzeko landutako “Arte guztia garaikidea da” deritzon proiektu museologikoaren definizioaren bitartez. Artelanak Museoaren barruan aurkezteko modua aldatzea da ekimen honen helburua da, garai eta estiloen araberako ohiko banaketa baztertuz eta ekoizpen garaikideari nahiz bisitari eta artelanaren arteko harremanari arreta berezia emanez, eta horretarako, hainbat jarduketa gauzatuko dira 2023. urtera arte. “Orduantxe ebaluatuko da hartutako neurrien arrakasta eta proposamen berriak inplementatu behar ote diren”, nabarmendu du Herrerak. 

Arte garaikideari buruzko diskurtsoaren eguneratze hori Museoan ezartzeko xedez, 3. eta 4. solairuetako bilduma museografikoaren erabateko eraberritzea egingo da, artelan garaikideak finkatuz Erdi Aroko nahiz Aro Modernoko beste artelan batzuekiko harremanetan. Bestetik, bi areto berri ireki dira arte garaikideko iraupen luzeko erakusketak kokatzeko: kapera, urriaren bukaeran Dora Salazar eskultore nafarraren erakusketa batez inauguratu eta Museoko bilduman artelanak dituzten artista bizien proiektu komisariatuak ere ikusgai izango dituena, betiere hamarna hilabeteko iraupenarekin, maiatzetik martxora bitartean, lehendabiziko edizio honetan izan ezik. Apirilean, kapera beste mota batzuetako jarduera artistikoak antolatzeko erabiliko da; hala nola, kontzertuak edo dantza-erakustaldiak, besteak beste. Horrekin batera, laugarren solairuan, argazki-erakusketak antolatzeko areto bat izanen da, hauek ere iraupen luzekoak, 2019tik aurrera urrian hasita abiatuko direnak. Lehendabiziko erakusketan, Lydia Anoz argazkilari nafarraren irudiak izanen dira ikusgai, eta 2019ko urtarrilean aurkeztuko da, aretoen berrirekierarekin batera.

Erakusketa eremuak ez ezik, fatxada ere eraberrituko da bisitarientzat ikusgarriagia eta erakargarriagoa izan dadin. Dagoeneko, harria eta bertan grabatutako hizkiak garbitu dira, eta horrekin batera, brontzezko ate berri bat jarri eta Errenazimentuko puntu erdiko ataria kristaleztatu da, aldian aldiko programaziorik berezigarriena aurkeztu eta zabaltzeko asmoz. Azkenik, kaperako dorrea zaharberritu da.

Nafarroako Museoan aurreikusita dauden beste lan batzuk erreserbako esparruei dagozkie. Horrela, irailean eta urrian, Nafarroako Museoak sotoan duen esparrurik egonkorrena kultura ondasunak biltegiratzeko gunetzat egokitzeko lanak egin ditu. Kontserbazioaren baldintzak hobetu eta kontserbazio-egoeraren jarraipena egitea errazteaz gain, ikertzaileen bisita ahalbidetuko du eta, aldizka, interesdun publikoari ireki ahalko zaio.

Azkenik, Marta Coronado diseinatzaile nafarrak aretoko harrera eta arreta emateko langileen uniforme berria taxutu du. Langileen irudi berriak Museoak ikur bihurtu duen klein urdina hartu du oinarritzat, zentroa bisitari eta erabiltzaileen aurrean ordezkatzen dutenen irudia eguneratzeko.

Komunikazio kanpaina

Azaroaren 23an, Nafarroako Museoak komunikazio kanpaina abiarazi zuen Twitterren, @MarqueSanAdrian eta @MarquesaSnTiago kontuen bitartez, zaharberritze-prozesu honi atxikitako aldaketen berri emateko. Kanpaina honen bitartez, Museoan gauzatzen ari diren aldaketa guztiak ezagutzera eman nahi dituzte, era atseginean eman ere, teknologia berriei keinu eginez eta bildumako artelanik ezagunenaren eskutik. San Adriango markesa deritzon XIX. mendeko aristokrata nafarrak haren emazte Santiagoko markesari kontatzen dio nola bizitzen ari den 1966az geroztik haien etxea izan denaren eraldaketa-prozesu hau. Biak ala biak Goyak erretratatu zituen 1804a aldera, eta Markesa Andrearen erretratua Los Angeleseko (Estatu Batuak) Jean P. Getty Museoan dagoenez gero, Nafarroako Museoak aitzakia hau baliatu du bi pertsonaiei ahotsa eman eta harremanetan jartzeko.

Elkarrizketa bilduma iraunkorraren erreformaren inaugurazio ofiziala egin arte mantenduko da. Bien bitartean, markesek lanen bilakaerari buruzko aldizkako informazioa ematen jarraituko dute, baina beste era batera, oraingo garaietara egokituta.

Hurrengo proiektuak

Nafarroako Museoa eraberritzeko plana ez da itxiko ekimen horiek guztiak abian jarri ondoren. Dagokion garaian, proposamen eta eraberritze berriak iragarriko dira. Gertukoena Nafarroako Monetari buruzko erakusketa-eremu iraunkor baten sorrera izanen da, 3. solairuan. 2019ko hirugarren hiruhilekoan inauguratzeko prest egotea espero da. 

Azkenik, 2020an, Erromanizazioari buruzko aretoak eraberritzeko lanak abiatuko dira, 1990az geroztik ukitu eta aldatu gabe dauden bertako edukiak eta aurkezpena eguneratzeko xedez.

Nafarroako Museoaren zaharberritzeak erakusketa iraunkorrari eragingo dio nagusiki, fatxadako zenbait aldaketaz eta biltegi-eremu berri batez gain
"San Adriango Markesaren gisaz apaindutako antzezle bat, Museoko soto zaharberrituan kontserbatzen diren zenbait artelani begira.

Zerrendara itzuli