Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Liburutegiak "Núcleo de Conversación" zikloa antolatu du

2020/01/21

Zikloa urtarrilaren 22an hasiko da, asteazkenarekin.

Urtarrilaren 22an, asteazkena, “Núcleo de conversación” izenburuko zikloa hasiko da zientzia eta humanitateei buruz. Ziklo iraunkorra izan nahi du. Hitzordua, oraingoz, hil bakoitzeko hirugarren asteazkenean izanen da, 18:00etan hasita, Nafarroako Liburutegiko 1. solairuko aretoan. Saioetan, hiru zientifiko ospetsuk parte hartuko dute; hirurak ere, gainera, zabalkundean adituak dira. Honatx zientifikoak: Javier Armentia, Iruñeko Planetarioari lotutako ibilbide luzea daukan astrofisikaria; Joaquín Sevilla, fisikaria eta NUPeko Kultura eta Zabalkundea Alorreko zuzendaria; eta Ignacio López Goñi, Biologian doktorea eta Mikrobiologiako katedraduna Nafarroako Unibertsitatean.

Zikloari hasteko lehen saioaren izenburua hauxe izanen da: “La ciencia en el 19 y el 20: Lo bueno, lo malo y lo bonito”. Hiru zientifikoen azalpenen arabera, “urtero, argitalpen zientifikoek laburpen bat plazaratzen dute urteak ekarritako aurrerapen nagusien berri emateko, baina porrot handietan ere begirada pausatuta. Bestalde, urte berria hasteko, analisi bat egiten dute, aurkikuntza berriak zer alorrek ekarriko dituzten jakiteko”. Zientifikoen esanetan, “zientziak ez ditu urteak ixten aurrekontuak balira bezala, baina ohitura horri esker, lehen solasaldian aztergai izanen dugu publikoarengana iristen zaigun zientziaren mundua. Saioak zubi-lana egin nahi du eta joerez hitz egin. Eta eztabaidatu ea itxaropenak betetzen edo zapuzten diren. Era berean, zientziari gauza ezinezkoak eskatzen dizkiogun edota arrazoizkoak garen”.

Jakintza gizartean zabaltzea eta kultura sustatzea

Nafarroako Liburutegiak, eta liburutegi publikoek, oro har, ate gisako bat izan behar dute mundu akademikoa herritarrekin lotzeko. Hori dela eta, Nafarroako Liburutegiak ziklo berri hori sortu du. Ekimen berriari esker, harremanak eginen dira Unibertsitateen, bestelako ekipamendu zientifikoen eta, oro har, gizartearen artean.

Horrela, liburutegien eta unibertsitateen xedeak uztartuko dira. Hori guztia lagungarria izanen da gizartearen aurrerabiderako, jakintza sortuz nahiz jendeari erakutsiz, eta kultura sustatuz.

Nafarroako Liburutegiak

Zerrendara itzuli