es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Liburutegi Digitalak kudeaketarako tresna hobea estreinatu du

2019/04/08

Obrak osotasunean pdf moduan jaisteko aukerarekin batera irudien miniaturak ikusi daitezke eta horiek jaitsi modu bakarrean jpg formatuan

Nafarroako Liburutegi Digitalak, Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak sustatua, kudeaketarako tresna hobea aurkeztu du, bai deskribapen bibliografikoak identifikatu eta ikusteko, bai objektu digitalak jaisteko eta aurkezteko ere. Obrak bere osotasunean pdf formatuan jaistearekin batera orain irudiak miniatura moduan ikusteko eta horiek jpg formatuan jaisteko aukera gehitu da.

BiNaDi Nafarroako ondare bibliografikoari ahalik eta hedapen handiena eskaintzeko eta, obra orijinalak gutxiago erabilita, kontserbatzea bermatzeko sortu zen. Hasieratik, tresna Nafarroarako interes espezifikoko eduki digitaletara sarrera unibertsala eskaintzeko instrumentu gisa proposatu da. Gaur egun, 8.050 dokumentu ditu, hots, 560.391 orrialde.

Objektu digitalei dagokienean, formatu ezberdinak daude: PDF orrialde anitza deskarga osorako, JPEG pantailan ikusteko behar adinako bereizmenarekin, JPEG kalitate handikoa handitzeko xehetasunen gainean zoom-a eginaz eta txt ezkutua edukian bilatzeko.

Bestalde, tresna berriak aukera ematen du bilduma digitala autokudeatzeko eta BiNaDin irudikatutako eduki digitalak dibertsifikatzeko. Hori dela-eta, BiNaDiko baliabide grafikoen bilduma pixkanaka aberastea aurreikusten da kartel eta orri solteekin edota Nafarroako ondare filmografikoko mugimenduzko irudiekin ere.

Egunkarien argitalpenei dagokienean, Tafallako Jose Maria Azconaren liburutegiko izenbururen bat sartu da, Interes Kulturaleko Ondasun bezala aitortua, eta baliteke orain arte Nafarroako Liburutegian aurrez aurre kontsultatzen diren egunkarien eta aldizkarien beste bilduma digitalizatu batzuk ere epe ertainera sartu ahal izatea.

Nafarroako errealitate instituzionala eratu duten izaera historikoko eta juridikoko obra nagusiekin batera, BiNaDik aukera ematen du gutxiago ezagutzen diren eta aurkitzeko zailagoak diren izenburuak eskuratzeko, liburutegiko irizpideen arabera hautatuak. Beraz, BiNaDin Nafarroako ekoizpen bibliografikoaren gai ugari agertzen dira, kronikarien historiatik herri erabileren eta ohituren kontakizunetara bitarte, tratatu akademikoetatik edo erakunde ofizialen memorietatik eskolako liburuetara eta erabilera pribaturako bestelako inprimatu txikiagoetara bitarte.

Obra inprimatuak aurkitzeaz gain, eskuizkribuak, planoak eta mapak, grabatuak eta orri solteak aurkitu daitezke. Nafarroako hizkuntza dibertsitatearen arabera, Nafarroako testuinguru historikoan sortutako euskarazko obra esanguratsuenak ere sartzen dira. Era horretan, BiNaDin egon daitezke historikoki Nafarroarekin loturiko lurralde mugakide guztiekin zerikusia duten egileen obrak edota gaiak.

Oro har, soilik BiNaDin sartuko dira beste liburutegi digitaletan eskura ezin daitezkeen obrak, Nafarroan kontserbatutako aleek edo inprimatzeek digitalizatzea gomendatzen duten ezaugarriak ez badituzte, behintzat. BiNaDik aukera ematen du obra orijinalak kontsultatzeko premia murrizteko eta, modu horretan, Nafarroako ondare bibliografikoa kontserbatzea errazteko; horrez gain, sortutako objektu digitalak kontserbatzeaz arduratzen da, Nafarroako Gobernuaren zerbitzari korporatiboan biltegiratuta, eta Hispana edo Europeana bezalako beste liburutegi digitalei biltegitik hartzeko aukera eskaintzen die.

Obra orijinalak eta erakunde kolaboratzaileak

Liburutegi digitala osatzen duten izenburuak Nafarroako Liburutegian kontserbatutako orijinaletakoak nahiz beste liburutegietako eta ondare bibliografikoko kontserbazio-zentroetako aleak dira, BiNaDiren bidez hedatzea erabaki dutenak egindako akordio eta hitzarmen ezberdinen bitartez, horietako batzuk Nafarroan Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa egitearen testuinguruan sinatuta.

Nafarroako Liburutegiak emandako orijinaletan pieza esanguratsuenak daude, inprimatuak nahiz eskuz idatziak; tartean, esate baterako, Iratxeko Unibertsitateko Estatutuen eskuizkribua, XVII. eta XVIII. mendeetako zentroaren inguruko dokumentazioa jasotzen duena, edota Iruñeko planoa, eskuz idatzia, 1823ko frantses setioan zehar. Halaber, BiNaDin jaso da Nafarroako sare publikoko liburutegietatik etorritako piezaren bat; hala nola, Tuterako Liburutegi Publikokoa, beste izenburu batzuen artean, Tuterako Memorien eskuizkribu bat eman baitzuen, José Vicente Díaz Bravorena, edota Berako liburutegi publikokoa, duela gutxi Ivan de Nogalesen (1884-1929) bi inprimatu arraro utzi baititu, Isidoro Fagoagak emandakoak. Orobat, aipatzekoa da Lesakarekiko lankidetza, herriko ezkutuaren nobletasun-agiria utzi baitu, udal artxiboan kontserbaturikoa, tokiko liburutegi publikoko hainbat izenburuz gain; esate baterako, Nafarroako Tranbien Konpainia Nagusiaren 1880ko estatutuak.

Komunikazio publikoko eskubideen ikuspegitik, BiNaDiren bitartez eskura daitezkeen obrak jabari publikoan aurkitzen dira. Hala ere, BiNaDin badira beranduagoko datetako zenbait izenburu, ustiapen-eskubideak Nafarroako Gobernuarenak izateagatik edota, bere egunean Nafarroako Aurrezki Kutxak editaturiko argitalpen batzuek bezala, Nafarroako Kutxa Banku Fundazioarekin aurrez akordioa sinatzeagatik.

BiNaDiren bitartez zabaltzeko orijinalak emandako Nafarroako erakundeen artean, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa egiteko esparruan, ondorengoak aipatu beharrekoak dira: Nafarroako Artxibo Nagusia, Tuterako Udal Artxiboa (San Adriango Markesgoaren Liburutegiaren gordailuzain bezala), Iruñeko Plaza de la Cruz Institutua, Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia, Iruñeko Katedraleko Liburutegia, Kontzilio Mintegiko Liburutegia, Orreagako Liburutegia, Leireko Liburutegia eta Iruñeko Kaputxinoen Liburutegi Nagusia.

Hitzarmena Azcona Liburutegiarekin

Azken urteetan, Azcona familiarekin Azcona Liburutegia Nafarroako Liburutegian uzteko sinaturiko hitzarmenaren babesean, BiNaDin jaso dira jatorri horretako hainbat digitalizazio. Azcona Liburutegitik sartu berriak diren obren artean aipatzekoak dira, adibide gisa, XVII. mendeko eskuizkribu bat, Vianako Printzearen eta Avalos de la Piscinaren kroniken kopiekin; XX. mendeko beste eskuizkribu bat, Iruñeko hiriko ezkutuaren marrazkiekin; Tafalla eta beste herri batzuetarako toki interesa duten obra txikiagoak, adibidez, “Suspiros de un navarro en la desolación de Sangüesa”, 1787ko uholdeen ingurukoak; Minatarrekin loturiko obrak eta XIX. mendearen hasierako historia politikoari buruzkoak, hots, Romero Alpuenteren edo Aviranetaren liburuxkak; edo Moline de Saint-Yon-en 3 bolumeneko obra. Azcona Liburutegiaren barnean bereziki aipatzekoak dira kazetaritza-argitalpenak, BiNaDin jada sartzen hasi direnak; esate baterako, El Pueblo Navarro (1916-1931) egunkaria edo Cidacos (1932) astekaria.

Kultura Ministerioaren babesa

Bereziki liburutegiko proiektua bezala, BiNaDik behin baino gehiagotan jaso du Kultura Ministerioaren laguntza ekonomikoa, ondare bibliografikoa digitalizatzeko eta biltegi bidez hedatzeko eta zaintzeko laguntzen deialdien bitartez. 2018. urtean, zehazki, deialdi horren azken edizioan, Autonomia Erkidegoetatik eta titulartasun publikoko Unibertsitateetatik aurkeztutako guztien artean balorazio tekniko onena jaso zuen proiektua izan zen BiNaDi.

Nafarroako Liburutegi Digitalak kudeaketarako tresna hobea estreinatu du

Zerrendara itzuli