es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Jota, kultura intereseko ondasun inmaterial aitortu du

2019/11/27

Gobernuak nabarmendu du “nafarren identitatea ordezkatzen duen musika-adierazpen moduan eta kultur ondarearen adierazpen berezi gisa hartu behar dela”.

Foru Exekutiboak gaurko bilkuran hartutako akordioaren bitartez, "Nafarroako Jota" kultura intereseko ondasun inmaterial aitortu dute, “adierazpen bizia, errotua eta partekatua” izateagatik.

Gobernu-bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Kultura eta Kiroleko kontseilaria den Rebeca Esnaolak honela nabarmendu du: “Espainiako ia komunitate autonomo guztietan barrena eta baita Iberoamerikan ere zabalduta dagoen musika-estiloa da jota, baina Nafarroan, adierazpen abestua eta dantzatua oso errotuta dago bi mendeko ibilbide dokumentatuaren ondoren; beraz, nafarren identitatea irudikatzen duen musika-adierazpen moduan eta gure kultur ondarearen adierazpen berezi gisa hartu behar da”.

Esnaolak, halaber, ondorengo berretsi du: “Foru Administrazioak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta aitorpena proposatu duten pertsonek batera eta modu koordinatuan egin dugu bide hau, eta esan daiteke eredugarria izan dela Kultura Intereseko Ondasunaren (KIO) aitorpenera iristeko; izan ere, prozesua neketsua eta alde guztiek ondo landua izan da, eta administrazio publikoak uneoro babesa eta aholkularitza eskaini dio horretan aritu den taldeari”.

“Administrazioen egitekoa da Nafarroako Jota babestea, eta, horretarako, ikerketa eta hedatze lanak egitea garrantzitsua da, kultur ondare hori zabaldu dadin eta Nafarroako adierazpen artistiko izaten jarrai dezan”, ziurtatu du kontseilariak.

KIO aitortzeko prozesua

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak apirilean eman zion hasiera Nafarroako Jota kultura intereseko ondasun aitortzeko espedienteari, Navarjota kultur elkarteak hala eskatuta.

Navarjota elkarteak NUPeko Ondare Inmaterialaren Katedrarekin elkarlanean jorratutako prozesuari esker, Jotaren mundua KIO aitortzeko eskaerarekin lotzea lortu zen. Prozesuaren barnean, lurralde-mailako hiru foro egin ziren, Jotaren eremu ezberdinetako pertsona eta erakunde ezberdinekin: irakaskuntza, interpretazioa, asoziazionismoa, zaletuak, Herri Administrazioa, kultur kudeaketa, e.a. Foroetan, aitorpena ia aho-betez babestea ez ezik, Jotaren egungo egoeraren inguruan hausnartzea, arriskuak detektatzea eta zaintzeko neurriak proposatzea ere lortu zen.

Informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko prozesuaren ondorioz, Navarjota elkarteak, ondasun inmaterialaren memoria deskribatzailearekin batera, idatzi bat aurkeztu zuen, partikularren ia 2.000 sinadura jasotzen zituena, berrogeita hamar udaletxe eta erakunde kultural eta sozial baino gehiagoren atxikimenduez gain.

Jotaren jatorria eta esanahia

Jota dantza edo abesti erako musika-generoa da, izen horrekin XVIII. mendean agertu zena. Soilik modu instrumentalean edo musika eta kopla batuta, ñabardura ezberdinekin hedatzen da Iberoamerikako ia geografia osoan zehar.

Foru Komunitatean, musika, kantu eta dantza horren izendapen nagusia "Jota" edo "Nafarroako Jota" da. Oro har, musikak kantuari laguntzeko (jota abestua) edo dantza-aldaketei (jota dantzatua edo jotaren dantza) erritmoa emateko balio du. Musika-interpretariak errondailak edo hari taldeak, gaita-jotzaileak, akordeoilariak eta haize eta perkusiozko instrumentuak dituzten bandak ere izan daitezke. Aragoiko jotan ez bezala, Nafarroako jotan ez dira inoiz kantua eta dantza batzen; tonu minorrak erabiltzen dira, eta kantuak dantzak baino geldoagoak dira.

Formalki, abestutako jotak muga formal tradizionalak ditu (metrika, estrofa, errima, melodiak), eta entzuleekin partekatzen dira. Hizkuntza aldetik, ahozko hizkuntza erabiltzen du artistikoki (ahozko estiloa eta adierazpen lirikoaren errekurtso erretoriko askotarikoak), eta, batzuetan, diskurtso-tradizio dialektikoa ere (pikadillo-jotak eta erronda eta galateo batzuk). Auditorioaren aurrean abesten dira testuinguru publikoetan (kanpoan edo barruan) edo pribatuetan (tertuliak, familia-ospakizunak). Batez ere entzutez hartzen dira.

Dantzatutako jota oso zabaldua dago Nafarroa osoan, eta, horri dagokionez, dantza independente moduan duen nortasunaren eta dantza tradizionalen zikloetan edo serietan egotearen artean bereizketa egin behar da. Hala ere, pausoak oso antzekoak dira. Bikoteek biribilean dantza egiten dute, besoak goran dituztela, alde baterako eta besterako mugimendu azkarrekin, lurrean punteatzeak eginez eta translazioak erlojuaren orratzen aurkako norabidean eta norabide berean. Izaera tradizionala izateaz gain, aldaera mordoa du.

Nafarroako Jota, kultura intereseko ondasun inmaterial aitortu du

Zerrendara itzuli