es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuaren kultura egitaraua datorren asterako

2018/12/04

Nafarroako Gobernuak proposamen berriak prestatu ditu datorren asterako: kontzertuak, zinema, tailerrak, erakusketak eta bisitak.

Astea musikaz blai hasiko da Nafarroaren Eguna ospatzeko prestatu den kontzertu batekin. Izan ere, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldi berezi bat eskainiko du astelehenean eta Baluarten bere zuzendari titular eta artistikoa den Manuel Hernández-Silva maisuaren batutapean. Eszenatokian lagun, NOS, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Orkestra, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Manuel Escauriaza nafar tronpa-jole gaztea arituko dira.

Zinemari dagokionez, Nafarroako Filmotekak Ernest Hemingway handia omenduko du aste honetan bere lanetan oinarrituta dauden hiru filma eskainiz: asteartean, “Por quién doblan las campanas”; asteazkenean “Tener y no tener”; eta ostiralean “Forajidos”. 

Huarte Zentroak “Oinez eta eskuz” erakusketa zabalduko du aste honetan eta aurretik ikusgai zen “Work in Process” proposamena mantenduko du. Eskaintza berriak Teresa Sabaté eta Virginia Santos Itoiz artisten lana biltzen du eta urtarrilaren 20rarte egonen da zabalik. Era berean, Nafarroako Liburutegiak “Ongi etorri ipuinetara” lantegiaren emanaldi berri bat ospatuko du asteazkenean. 

Erakusketen alorrean, Huarte Zentroak zabaldutako proposamenaz gain, badago non aukeratu. Hauek dira ikusgai mantentzen diren eskaintzak: Nafarroako Liburutegian, “El sector del cuero en Bangladesh”; Karlismoaren Museoan “Karlismoa zineman”; “Macla, mamua, bismuto, vicario” Oteiza Museoan; “Dora Salazar. Inspiración. Espiración. Expiación” Nafarroako Museoko Kaperan; eta “Baxenabarre, lurralde berezia” Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. 

Bukatzeko, bisita berriak antolatu dira Iruñeko katedraleko klaustroan egiten ari diren konpontze lanak bisitatzeko (igandean). Era berean, Karlismoaren Museoak bere ateak zabaldu nahi izan ditu festa egun hauetan eta bere arte-eskaintza ezagutzeko bisitak antolatu ditu: astelehen, ostegun eta larunbatean 11.30etan eta 12.30etan. 

Ezagutu itzazu kultura egitarauaren xehetasun guztiak esteka honetan.

Nafarroako Gobernuaren kultura egitaraua datorren asterako
Gaur Filmotekan ikusgai izanen den Por quién doblan las campanas filmaren irudi bat.

Zerrendara itzuli