Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak Vianako Printzearen 2018 Kultura Saria deitu du

2018/01/31

Bihar irekiko da, ostegunez, hautagaitzak aurkezteko epea, martxoaren 28ra arte luzatuko dena.

Nafarroako Gobernuak, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, gaur eman ditu argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean datorren Vianako Printzearen Kultura Sariaren edizioa arautzen duten oinarriak. Kulturaren esparruan garrantzitsuak diren pertsona edo erakundeen ibilbideak aitortzen ditu sariak, izan arte plastikoetako, musikako, literaturako eta abarretako sortze-ekintzak, edo bai zientziaren, teknikaren eta ikerketaren eremuetan egindako lanak.

Hautagaitzak bihar hasita 2018ko martxoaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira, gutun ziurtatua honako helbidera igorrita: Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia, Nafarreria kalea 39, 1. solairua - 31001 Iruña (Espainia). Gutun-azalean "Vianako Printzearen 2018 Kultura Saria" idatzi beharko da. Mezularitza-zerbitzu baten bitartez eginez gero, mezu bat idatzi beharko dapremioprincipedeviana@navarra.es helbide elektronikora, bidalketa aurkezpen-epearen barruan egin dela adieraziz. Halaber, helbide elektroniko horren bitartez ere aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, saritutako pertsona edo erakundearen arabera, haren obraren difusio-proiektu bat gauzatuko du, gehienez ere 20.000 euroko zenbatekoarekin.

Proposamenak egin ditzaketen erakundeak eta beharrezko dokumentazioa

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako instituzio publikoek (gobernuak, ministerioak, udaletxeak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, etab.) eta edozein herrialdetan eratutako hezkuntza-, kultura- eta gizarte-erakunde eta GKEek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak, eta baita antolakuntzak gonbidatutako pertsonek ere.

Saria norberarentzat edo ordezkatzen duten erakundearentzat eskatzen duten hautagaitzak deialditik kanpo geldituko dira.

Hautagaitzekin batera, honakoak erantsi beharko dira: proposatutako erakunde edo pertsonaren datu egiaztatuak, azalpen-memoria, laguntza-eskutitzak (borondatezkoak) edo arrazoitutako merezimenduak ziurtatu eta egiaztatzeko bidea ematen duen beste edozein dokumentazio osagarri.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek osatuko dute sariaren epaimahaia eta, hautagaitzak aztertuta, lehiaketako merituak baloratzeaz gain, Nafarroarekin duten lotura berezia ere baloratuko dute.

Nafarroako Gobernuak emango du saria, aurretiaz behar bezala ezagutzera emango den ekitaldi publiko batean.

Aurreko edizioak

Hauek izan dira orain arte saritutako pertsona eta erakundeak: 

  • 1990: José Goñi Gaztambide (historialaria) 
  • 1991: Eugenio Asensio Barbarin (filologoa)
  • 1992: Iruñeko Orfeoia
  • 1993: Rafael Moneo (arkitektoa) 
  • 1994: Francisco Ynduráin (filologoa)
  • 1995: Julio Caro Baroja (historialaria)
  • 1996: Pablo Antoñana Chasco (idazlea)
  • 1997: Pedro Miguel Echenique (fisikaria)
  • 1998: Montxo Armendáriz (zinemagilea) 
  • 1999: Álvaro d'Ors (jurista)
  • 2000: Concepción García Gaínza (historialaria) 
  • 2001: Miguel Sánchez-Ostiz (idazlea) 
  • 2002: María Bayo (sopranoa)
  • 2003: Juan José Aquerreta Maestu (pintorea)
  • 2004: Fernando Redón (arkitektoa)
  • 2005: Javier Manterola Armisén (ingeniari zibila)
  • 2006: Javier Tejada Palacios (fisikaria)
  • 2007: Pedro Iturralde Ochoa (jazz-musikaria)
  • 2008: Alfredo Landa Areta (aktorea)
  • 2009: Agustín González Acilu (musikaria eta konpositorea)
  • 2010: Jürgen Untermann (hizkuntzalaria, filologoa eta epigrafista)
  • 2011: Faustino Menéndez Pidal de Navascués (heraldista)
  • 2012: Antonio López García (pintorea)
  • 2013: Daniel Innerarity Grau (filosofoa)
  • 2014: Tarsicio de Azcona (historialaria)
  • 2015: Ramón Andrés (idazlea eta musikologoa)
  • 2016: Ignacio Aranguren (antzerki-zuzendaria)
  • 2017: José Lainez eta Concha Martínez (dantzariak)
Nafarroako Gobernuak Vianako Printzearen 2018 Kultura Saria deitu du

Zerrendara itzuli