Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxiboko erakusketa Xakobeoak Garesen ekingo dio ibilbideari

2021/06/18

Erakusketa Donejakue Bideko herrietan bisitatu ahal izango da

Iñaki Apezteguía, Vianako Printzea erakundea-Kulturako Zuzendari Nagusiak, eta Oihan Mendo, Gareseko alkateak, inauguratu dute “Santiagora ibiltzea. Begirada gogoetatsua” esposizioaren lehen helmuga, 2021ean zehar Nafarroako hainbat herri zeharkatuko dituena.

Ekitaldian, Joaquim Llansó Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendariak, Felix Segura Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendariak eta Fermin Miranda Garcia erakusketaren komisarioak parte hartu dute. Bertaratutakoei bisita komentatua egin diete.

Bidai bat Bidearen jatorrira

Erakusketa apirilean eta maiatzean erakutsi zen Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, eta zortzi azalpen-panelek osatzen dute. Horietan, bideak, zubiak, hiriak, artea, asistentzia, penitentzia, debozioak eta hilobia bezalako gaiak jorratzen dira. Erakusketak Donejakue Bidearen jatorrira bidaia bat proposatzen du bisitaria bere alderdi historiko eta kultural garrantzitsuenetan barneratzeko, begirada gogoetatsu baten bidez, galderak planteatuz eta testuen eta ikusleen arteko etengabeko elkarrizketa eskainiz.

Abuztuaren 3ra arte Garesen

Muntaia abuztuaren 3ra arte egongo da Garesen eta, ondoren, Donejakue Bidearekin lotura estua duten Nafarroako hainbat tokitan zehar ibiliko da. Erakusketa, guztira, sei udalerritan erakutsiko da: Garesen, Vinculo Etxean, ekainaren 9tik abuztuaren 3ra; Zangozan, Vallesantoro jauregian, abuztuaren 4tik 19ra; Vianan, Kultur Etxean, abuztuaren 20tik irailaren 5era; Orreagako Kolegiatan, San Agustin kaperan, irailaren 7tik 26ra; Los Arcosen, "Carmen Thyssen-Bornemisza" kultur etxean, urriaren 1etik 17ra; eta, azkenik,  Lizarran, Fray Diego kultur etxean, azaroaren 5etik 21era.

Nafarroako Artxiboko erakusketa Xakobeoak Garesen ekingo dio ibilbideari
Vianako Printzea erakundea-Kulturako Zuzendari Nagusia eta Gareseko alkatea, erakundeetako eta udaleko beste ordezkari batzuekin batera, erakusketaren inaugurazioaren ondoren

Zerrendara itzuli