es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxibo Garaikideak eskola-paisaiari eskainitako III. argazki lehiaketa deitu du

2020/07/02

Lanak aurkezteko epea uztailaren 1etik irailaren 6ra bitartekoa izanen da.

Administrazioaren Artxiboak “Memoriadun Paisaiak” proiektua berritu eta III. argazki lehiaketa antolatu du, aurten “Nafarroako eskola-paisaiei” eskainia. Helburu du, irudiaren bidez, herritarrak eskola-eraikin zaharren ondare-balioaz sentsibilizatzea. Eraikin horietako batzuk, gaur egun, beste gauza batzuetarako erabiltzen dira. Era berean, Nafarroako instalazio berrien eta ikastetxeen balioa nabarmendu nahi du. Ekimenaren bidez, ondare kontzeptua hezkuntza-guneetarantz zabaldu nahi da, eta Artxiboan gordetako dokumentu-iturriek eskaintzen duten informazioa osatu. Azken buruan, paisaiaren prozesu eraldatzailea agerrarazi nahi da, instalazio eta ikastetxe jakin batzuetatik abiatuta, eta haien iragan historikoa ezagutzeko interesa piztu. 

Lanak aurkezteko epea uztailaren 1ean hasi eta irailaren 6an bukatuko da, 14:30ean. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztuko ditu. Lanak argazki-paperean aurkeztuko dira, zuri-beltzean edo koloretan, eta neurriak, gehienez, 30 x 40 izanen dira, markoa jarri gabe. Jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta nolanahi ere, XX. mendearen hasieratik hona, Nafarroako paisaia aldatzen lagundu duten eskola-eraikinekin edo ikastetxeekin nahiz hezkuntza-instalazioekin lotutakoak. Memoriadun Paisaiak III. argazki lehiaketaren oinarriak NAOn daude kontsuldai.

Epaimahaia erakunde deitzaileak izendatuko du, eta argazkigintzako bi profesional eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kide izanen dira epaimahaikide. Aurkezten diren lanen balorazioa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 

-Lehiaketaren helburuak betetzea. 

-Argazki teknika. 

-Konposizioaren originaltasuna. 

Sariak epaimahaiaren balorazioarekin bat emanen dira, eta erabakia apelaezina izanen da. 700 euroko saria ezarri da lan irabazlearentzat. 400 eurokoa, bigarrenarentzat, eta 200ekoa, hirugarrenarentzat. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu sari batzuk edo guztiak, egokitzat jotzen badu. 

Argazki sarituak eta lehiaketan aurkezten diren argazki aukeratuak ikusgai jarriko dira erakusketa baten bidez, osasun egoerak aukera ematen badu. Bestela, erakusketa Nafarroako Artxiboak webaren bidez eginen da. 

4. sari bat ere izanen da, 200 euroz hornitua, publikoak boto bidez aukeratzen duen lanerako, erakusketarako aukeratzen diren 15 argazkien artean. Bozketa aurrez aurre eta sare sozialen bidez eginen da. 

Epaimahaiaren erabakia Nafarroako Gobernuaren Kultura atarian jakinaraziko da, http://www.culturanavarra.es/ 2020ko irailaren 18an, eta halaber, sariak non eta noiz banatuko diren eta erakusketa noiz eta non zabalduko den azalduko da, bai eta “publikoaren saria” aukeratzeko bozketa epea eta modua ere. Sari hori erakusketaren bukaeran banatuko da. 

Eskola, lurraldearen kultur identitate bilakatzen denean

Memoriadun Paisaiak argazki lehiaketa Nafarroako Artxibo Garaikidearen ekintza ildo berriari lotu zaio. Dokumentazio instituzionalaren funtsa herritarren ekarpenekin osatzea da asmoa, egungo nafar gizartearen egoera jasoa geldituko baita. Artxibo Garaikideak dokumentazio sorta aberats eta askotarikoa dauka gordea, behar-beharrezkoa dena eskolak lurraldean izaniko bilakaera, eraikuntza, erabilera, erabilerarik eza eta berrerabilera aztertzeko. Zalantzarik gabe, argazkiak dokumentazio mota arras garrantzitsu eta adierazgarria dira, espazioaren eraldakuntza hori hezkuntza-prozesutik abiatuta ikusteko. 

Hezkuntzak paisaia eraldatzeko ahalmen izugarria dauka. Izan ere, XX. mendearen hasieratik, eraldakuntza geldiezina eta zorabiagarria izan da, eta zaila da benetan aurkitzea hezkuntza-prozesuetatik bazter gelditu den lekurik. Lehenik, Eskola Bateratuak sortu ziren, oso egokiak irakaskuntza emateko; gero, demografiak behera egitearekin batera, Eskola Kontzentrazioak egin ziren, eta ondoren, eraikin horietako aunitz kultur, gizarte edo aisia zentro gisa erabiltzen hasi ziren. Bada, hori guztiak kontuan harturik, bestelako begirada bat pausatzen dugu instalazioetan, lurralde bakoitzaren gizarte egituraketan izan duten eginkizuna nabarmenduta. 

Egia da interesgarria dela eskola-eraikinak ikuspuntu arkitektonikotik ikustea (batzuek ondare balio nabarmena dute), baina lehiaketa honen bidez, beste pauso bat eman nahi dugu, eskolarekiko ikuspegia zabalduta, hau da, eskola lurralde baten memoria gisa ikustea, ahaleginez, bizipozez, ekinez eta bizipenez eraikia, horiek orok lurralde horren fisonomia modelatu baitute. Azken buruan, ikaskuntzaren kultur paisaia da. 

Nafarroako Artxibo Garaikideak eskola-paisaiari eskainitako III. argazki lehiaketa deitu du

Zerrendara itzuli