Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxibo Garaikideak Chocolates Iraizoz eta INGRANASAko dokumentu-funtsa jaso du

2020/11/06

Dokumentazioak XIX. eta XX. mendeetako enpresa mundua ezagutzen lagunduko du. 

Joan den irailean, Nafarroako Artxibo Garaikideak Chocolates Iraizoz eta Ingranasa familia-enpresaren dokumentu-funtsaren dohaintza jaso zuen. Artxiboko teknikariek dokumentu-funts horietako agiriak antolatu, deskribatu eta herritarren eskura jarri ditu, ez oso zabalak, baina arras interesgarriak XIX. eta XX. mendeetako enpresa mundua eta nafar gizartean gertaturiko aldaketak ezagutzeko.  

Dohaintza Nafarroako Artxibo Garaikideak 2018ko maiatzean abiarazitako proiektuaren baitan dago. Ekimenaren bidez, gizarte erakunde, talde politiko, sindikatu, kultur elkarte, enpresa, familia, pertsonen eta abarren dokumentu-funtsak jaso eta hedatu nahi dira, XX. mende bukaerako nafar gizartearen memoria kolektiboa dokumentatzen eta aberasten laguntze aldera. Funtsen sailkapen taula Artxibo Irekiian dago kontsultagai

Chocolates Iraizoz

Chocolates Iraizoz-ko dokumentazioa Francisco Joaquín Aranguren Iraizozek eman du dohaintzan. Zerga eta kontularitza arloko agiriak dira, patenteen diseinua eta merkaturatzea, bai eta enpresaren produktuen bilgarriak ere. Dokumentazioan ongi ageri dira txokolategi ezagunaren jatorria, garapena eta itxiera. 

Familia-enpresa da, 1836ko hasieran sortua. Urte hartan, izan ere Juan Antonio Iraizozek “Cerería con tienda” bat erregistratu zuen Iruñeko Udaleko Industria Jardueren erregistroan, Bolserías karrikako 1ean kokatua. Dena den, handik aurrera, hainbat kokalekutan izan da, eta denboraren joanean, ekoizpena handitu eta produktu mota gehiago egin ditu, gizartearen eskarietara egokitzeko eta lehiari aurre egiteko. 

Elizkizunetarako kandelez gain (Iruñeko parrokia gehienak hornitzen zituen), gozokiak ere prestatzen zituen, hala nola almendrazko opilak, “bolao-ak”, turroi “royo” edo gorria eta girlatxeak, mazapanak, aingirak, bai eta Errege eguneko nahiz San Blasetako opilak ere.

1950etik aitzina, “Chocolates Iraizoz” izan zuen izena eta, 1954tik aurrera, berriz, U. Iraizozen semeak azpititulua erantsi zitzaion. 1960an, lantegia berregituratu zen, makina berriak erosita, txokolatea egiteko moldea modernizatuta eta salmenta sarea berregituratuta. Berregituraketak, ordea, ez zuen uste bezalako emaitzarik ekarri, eta txokolate eta kandelen atalak 1965ean itxi ziren. Blanca de Navarra kaleko dendak soilik iraun zuen zabalik, harik eta 1978an behin betiko itxi zen arte. 

Industrias Grasas de Navarra, S.A. (INGRANASA)

INGRANASAko dokumentazioa askotarikoa da, hots, enpresaren eraketa agiriak, prentsa-ebakinak, produktuen fitxa teknikoak eta kalitatekoak, eta gutun eta dokumentazio pertsonalak, bai eta markak erabilitako ontziak ere. Azken buruan, agiriek ederki erakusten dute etxe erabilerarako olio eta margarinak ontziratzeko enpresen garai historiko bat.  

1958an sortu zen, Aralar, Aranguren y Sarasa, S.L. enpresaren jarraipen gisa. Hainbat produktu ekoizten zituzten, hala nola olioa handizkako biltegietarako, eta margarinak, koipe finduak eta hidrogenatuak, gailetak eta gozokiak egiteko industriarako. Produktu arrakastatsu nagusien artean, bi aipatu behar dira: Aitor oliba-olioa eta Natacha margarina. Horien bidez, olio ontziratzaileen artean, enpresa nagusietako bat izan zen, bai eta etxean erabiltzeko margarinen artean ere. 

1976an, enpresa finantza-egoera txarrean egonik, Koipe-k bere gain hartu eta atalak berregituratu zituen. Margarinen kudeaketa, adibidez, taldearen lantegi multzoan txertatu zen. Aceites Ingranasak, berriz, olio atala hartu zuen bere gain. 1981z geroztik, Aceites Salgado izan zen kudeatzailea, betiere Lesieur multinazional frantsesaren baitan. 90eko hamarkadaren hasieran, Eridania/Bèguin-Say multinazionalak Lesieur hartu zuen erabat bere gain, eta horren ondorioz, baita Ingranasa ere. 1997ko urrian, Unilever margarinen merkatuaz jabetu zen, eta 1998ko ekainean, Ingranasa bere osoan itxi eta eraitsi zuen.  

Nafarroako Artxibo Garaikideak Chocolates Iraizoz eta INGRANASAko dokumentu-funtsa jaso du

Zerrendara itzuli