es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxibo Garaikideak Alaiz kolektiboaren funtsa jaso du

2020/03/16

Funts lagungarria da emakumearen interes eta prestakuntza-beharren bilakaerari buruzko informazioa zabaltzeko.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Herri Kulturarako Alaiz Kolektiboaren funtsaren dohaintza jaso berri du. Elkarteetako gobernu-organoek sortutako dokumentazioa dago bildua, hala nola, gutuneria, jarduera-txostenak, prestakuntza tailerrak, ekintzen kartelak eta foiletoak. Informazio baliosa ematen du emakumearen prestakuntza arloko interesen eta beharren bilakaeraz, gizarte eta kultur arloko aldaketek emakumearen eginkizun soziala aldatu ahala.

Halaber, dohaintzaren osagarri, hainbat elkarrizketa egin zaizkie Alaiz Kolektiboko kideei, eta haien bizipen eta oroitzapenen bidez, testuinguruan kokatu da zer egoera sozial, politiko eta kulturaletan garatu den Elkartearen jarduna; horrela, funtsaren balioa aberastu da.

Alaiz Kolektiboa

Alaiz Kolektiboa 1962an hasi zen prestakuntza eta gizarte lanean; lehenik, Ekintza Katolikoaren babesean eta, gero, elizbarrutiko patronatu baten babesean. Zehazki, Herri Kulturarako eta Emakumeak Prestatzeko Zentroak antolatu zituen. 1983an, Herri Kulturarako Alaiz Kolektibo gisa eratu zen. Xedeen artean, nabarmendu behar da kultur ekintzak sustatu, indartu eta koordinatzen dituela helduen prestakuntza eta gizarteratzea sustatzeko; emakumeena, bereziki. Halaber, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa sustatu nahi ditu. Jardueren xedea garapen pertsonala eta soziala lantzea da, norberaren eta gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko. Milaka lagun aritu dira ikastaro eta tailer horietan (emakumeak, batez ere), hau da, heziketa ez-formal hori jaso dute, eta horren bidez, gizarte, kultur eta iritzi arloko mugimenduak sendotu dira. 2019ko martxoan, Nafarroako Berdintasun Saria jaso zuen, hots, Berdinna 2019, Nafarroako gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren lorpenean ekarpen garrantzitsua egiteagatik.

Dokumentazio ez instituzionala bildu, gorde eta zabaltzea

Dohaintza hori Administrazioaren Artxiboak 2018aren erdialdean abiarazitako proiektuaren baitan dago. Funts hori sortua da, jarduera instituzionalari lotuta ez dagoen dokumentazioa bildu, gorde eta zabaltzeko; betiere, sare sozial, kultural, politiko edota erlijiosoaren zati batek sortutakoa. Dokumentazio hori politikagintza, sindikalgintza eta kulturgintzako mugimenduei lotuta dago, bai eta elkarte, auzokide, feminista nahiz antimilitarista arloko mugimenduei ere, baina mugimendu erlijiosoa edota gobernuz kanpoko erakundeak ere bazter utzi gabe, adibide batzuk ematearren. Artxibo Garaikideak bere instalazioak, ezagutza teknikoa eta giza baliabideak nahiz baliabide teknologikoak eskaintzen ditu jabetza partikularreko dokumentazio hori gorde eta zabaltzeko, oso hauskorra baita zaintza-baldintzen ondorioz, baina interes handikoa, Nafarroako emakumeen XX. mendearen erdialdeko elkarte-mugimendu garaikidea aztertzeko.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Alaiz kolektiboaren funtsa jaso du

Zerrendara itzuli