Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroak Vianako Printzea saria eman dio Carlos Cánovas argazkilariari, argazkilaritza artistikoaren berritzaile gisa egindako lanarengatik

2020/09/19

Chivite Lehendakariak Oliten eman du saria, COVID-19aren ondorioz partaide kopuru murriztua izan duen ekitaldian.

Nafarroako Gobernuak Carlos Cánovas Ciáurriz argazkilariaren ibilbide profesionala aintzatetsi du gaur eguerdian Vianako Printzea saria emanez, argazkilaritza artistikoaren berritzaile izateagatik. Maria Chivite Lehendakariak eguneroko xehetasunetan edertasuna aurkitzeko duen gaitasuna azpimarratu du.

Oliteko Frantziskotarren komentuan, Errege Jauregiaren inguruan, egin den ekitaldian, Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Cánovasen alderdi sortzailea, perfekzionismoa eta begirada sentikorra nabarmendu ditu. Horiek guztiak agerian utzi, eta bertze era batean oharkabean pasatzen zaizkigun txokoak protagonista bihurtzen ditu. “Vianako Printzea Sariak argazkilari bat aintzatesten duen lehen aldia da hau. Eta argazkilaritza arte gisa hartuz egiten du”, adierazi du Lehendakariak. Canovasen lan artistikoa “gogoetatsua, pentsatua, da, agerikoa baino haratago doan mezua du eta gure mundu digital, interkonektatu eta berehalakoan gero eta garrantzi handiagoa duen kantitatearen aurrean kalitatearen defentsa argia egiten du,” esan du. Horren harira, “Carlos Cánovasen arteak hausnarketa partekatua, tokiaren kontzientzia, proposatzen digu” azpimarratu du Chivitek.

Izan ere, txokoetako, paisaia anonimo eta ezkutuetako argazkiek, xehetasunez erakutsi dute bere egile-lana. Lan horretan, Lehendakariak nabarmendu duen bezala, “iragankortasunaren aurkako borroka” harrapatzen du, “irudia arte gisa, emozioak transmititzeko bitarteko gisa, erabiliz”. Bere hitzaldian, Chivitek txalotu egin du “ehundura eta argi jokoa” erakusten dituen argazkilariaren lana, baina baita “perfekzionismoa eta xehetasunaren kontrola” lehenesten dituen izateko modua ere. Era berean, “gutxi batzuk baino egin ezin dezaketen bezala, irudikatzen duenaren esentzia bilatzen duen begirada propioa sortzeko gai” dela aitortu du, “errealitate ezagun eta aldi berean ezohikoa lortzeko”.

Ekitaldiaz baliatuz, Lehendakariak Vianako Printzea saria “kultura-bikaintasunari” ematen zaion sari gisa aldarrikatu du, “ez aristokratikoa den horri, ezta iraganari ere; bizitzari, gure egungo gizarteari, ematen zaion saria”. COVID-19aren pandemiak markaturiko ekitaldi baten berezitasunak eta gaixotasun horrek Nafarroako gizartean izan dituen ondorioak ahaztu gabe, Chivitek “esperientzia kolektibo” berri horrek “kultura berri bat” sortuko duela espero du; “maitasunaren, komunitatearen, umiltasunaren eta bizitzaren balioaren kultura”, alegia.

Argazkilaritza poesia intimo gisa

Carlos Cánovasek Lehendakariaren eskutik jaso du saria, eta eskerrak eman dizkie Nafarroari, bere familiari eta “gure komunitate honetako mota guztietako argazkilariei, haiek bezala, badakidalako zer den argazki-irudiaren mundu konplexu eta liluragarri honetan egunero borrokatzea. Hain mundu gogor eta zoragarria, hain zekena batzuetan, eta hain eskuzabala bertze batzuetan”.

1951n, Hellinen, Albaceten, jaio zen arren, urte hartatik bertatik Iruñean bizi izan da Cánovas, eta Nafarroan eman zituen lehen urratsak argazkilaritzaren munduan, aitaren eskutik. “1972an hartu nuen nire lehen kamera serioa erosteko erabakia, Iruñeko Topaketetan. Nire argazkigintzako ezagutzak aitak txikitan irakatsi zizkidan kontu kimikoetara mugatzen ziren”, gogoratu du. Kontatu duenez, denbora gutxi behar izan zuen une hartako gizarteak markaturiko bidea utzi eta urte haietan nagusi zen argazkigintzatik desbideratzeko. “Nire argazkigintza mundua bertze nonbait egotea nahi nuen, poesia intimoaren munduarekin kontakizun sozialarenarekin baino askoz antz handiagoa izatea”. Eta ez ohiko txokoak aukeratu zituen argazkietan islatzeko: “Erdialdearen aurrean, kanpoaldeak. Fatxadaren aurrean, atzeko pareta. Lorez osaturiko bodegoi bikainaren aurrean, bazter batean ahazturiko eta hautsez beteriko landarea... Ez nuen ezer asmatu. Nire hautua egin nuen, bertzerik ez”.

“Unibertso propio” hori, begirada partikular hori, da Vianako Printzea saria jaso duena. Baina baita argazkilaritzarekiko duen pasioa ere, berak aitortu duen bezala, “pasiorik gabe, ez baitago kulturarik; pasiorik gabe ez dago arterik”. Cánovasen ustez, argazkilari izatea, hain zuzen ere, “norberaren unibertso propioa aurkitzea eta eraikitzea, eta haren gainean eta bertatik argia egitea da”, eta, haren bitartez, “norberak zeharkaturiko leku eta denbora zatitxoak ahanzturatik erreskatatzea eta gordetzea”.

Frantziskotarren komentuan

COVID-19aren pandemiak sorturiko egoerak baldintzaturik, aurten sariaren banaketa ekitaldia, dagoeneko desakralizaturik dagoen Oliteko Frantziskotarren komentuko elizan egin da. Chivite Lehendakaria buru izan den ekitaldian, Unai Hualde Parlamentuko presidentea, Maite Garbayo Oliteko alkatea eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburu eta Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko presidentea izan dira. Ekitaldira Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkaria, Nafarroako Gobernuko ordezkari asko eta Asun Olaechea Kontuen Ganberako presidentea ere hurbildu dira.

Cánovas hainbat senidek babestu dute, horien artean Juana Arlegui emazteak eta kulturaren munduko hainbat ordezkarik, hala nola Javier Torrens arkitektoa eta Nafarroako Ateneoko presidenteak. Erakunde hori izan zen Cánovasen hautagaitza proposatu zuena.

Vianako Printzerriko zutoihala buru izan duen sari banaketa ekitaldia Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren metalen bostekoak girotu du. Zeremonia Nafarroako ereserkiarekin hasi da, Erresumaren sarrerarako martxarekin. Ondoren, Javier Torrensek hartu du hitza, aurten hogeita hamaikagarren urteurrena betetzen duen sarirako Nafarroako Ateneoak aurkeztu duen hautagaitza eta Carlos Cánovasen egokitasuna defendatzeko. Torrensek “argazkilaritzaren maisu eta argazkilarien maisu” izendatu du Cánovas.

Ateneoko presidenteak ez du ahaztu bere alderdi pertsonala, “gizon langilea, saiatua eta tematia”, eta bere artista, irakasle, idazle eta hizlari papera azpimarratu du. “Dena oso ongi egiten du, primeran, bai bere lan sortzaileenetan, bai bertze artista batzuentzat egiten duen kopilotu lan profesionalean; bere idazkietan eta argazkigintzaren arteari buruzko gogoeta-hitzaldietan, eta baita Nafarroako argazkigintzaren historiari buruzko argitalpenetan ere”. Argazkigintza arte gisa ikusteko duen ikuspegian, une bakoitzean, eszena bakoitzaren esentzia harrapatzen jakin du Cánovasek, “bere begiradarik gabe inoiz ikusiko ez genukeen edertasuna ateratzen”, Torrensek adierazi duenez. “Argazki onek hitz ederren eta gogoeta mamitsuen uholdeak desegiten dituzte”, gehitu du.

Bertze hiru pieza ere interpretatu ditu Nafarroako Orkestra Sinfonikoak. Batetik, Paul Dukasen (1865-1935) La Péri balleterako Fanfarria. Bertzetik, Koldo Pastorren (1947) Aritz adarrean maitasun abestia. Eta Tylman Susatoren (c.1510-1570) Basse Danse Bergeret dantza errenazentistak eman dio amaiera ekitaldiari.

Vianako Printzea Sariaren 31. edizioa

Kulturaren Vianako Printzea sariak bere hogeita hamaikagarren edizioa ospatu du aurten, Nafarroako Gobernuak 1990ean sortu zuenetik. Ordutik, etenik gabe ospatu da, kulturaren edozein arlotako pertsonek, taldeek edo erakundeek sorkuntzaren, azterketaren edo ikerketaren bitartez, edo horiek bultzatuz eta sustatuz egin duten lana aintzatesteko helburuarekin. Era berean, sariak kultura-jardueraren edozein arlotako lan jarraituak eta ibilbide garrantzitsuak saritzea du helburu.

Aurreko edizioetan Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak proposaturik banaturiko sariaren irabazleak hauek izan dira: José Goñi Gaztambide (historialaria), Eugenio Asensio Barbarin (hispanista), Iruñeko Orfeoia, Rafael Moneo Vallés (arkitektoa), Francisco Ynduráin Hernández (filologoa), Julio Caro Baroja (antropologo), Pablo Antoñana Chasco (idazlea), Pedro Miguel Etxenike Landiríbar (fisikaria), Montxo Armendáriz Barrios (zine zuzendaria), Álvaro d'Ors Pérez Peix (zuzenbide Erromatarreko katedraduna), Concepción María García Gaínza (artearen Historiako katedraduna), Miguel Sánchez-Ostiz Gutiérrez (idazlea), María Bayo Jiménez (sopranoa), Juan José Aquerreta Maestu (margolaria), Fernando Redón Huici (arkitektoa), Javier Manterola Armisén (ingeniaria), Javier Tejada Palacios (zientzialaria), Pedro Iturralde Ochoa (musikaria), Alfredo Landa Areta (antzezlea), Agustín González Acilu (konposatzailea), Jürgen Untermann (hizkuntzalaria), Faustino Menéndez Pidal de Navascués (historialaria), Antonio López García (margolari eta eskulturagilea), Daniel Innerarity Grau (filosofoa), Tarsicio de Azcona (historialaria), Ramón Andrés González-Cobo (musikologoa), Ignacio Aranguren Gallués (antzerki irakaslea eta zuzendaria), José Lainez eta Concha Martínez (dantzari eta koreografoak), Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Tomás Yerro Villanueva (idazle eta irakaslea).

Nafarroak Vianako Printzea saria eman dio Carlos Cánovas argazkilariari, argazkilaritza artistikoaren berritzaile gisa egindako lanarengatik
La Presidenta María Chivite hace entrega del premio a Carlos Cánovas.

Zerrendara itzuli