es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Maite Carranzaren `Una bala para el recuerdo´ gazteentzako eleberriak irabazi du `Irakurketaren epizentroak’ egitasmoaren lehen Saria

2019/06/12

“Irakurketaren Epizentroak”, Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak Liburutegien Zerbitzuaren bitartez eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean sustatutako ekimena gaur amaitu da 2017an gaztelaniaz argitaratutako gazteentzako eleberri onenaren sari banaketarekin. Ana Herrera, Kultura, Kirola eta Gazteriako jarduneko kontseilariak, Maite Carranzari eman dio saria `Una bala para el recuerdo´ eleberriarengatik.

Ekitaldian 550 kide baino gehiago izan dira, tartean epaimahikide izan diren Nafarroako 11 institutuetako DBHko ikasle eta irakasleak, irakurle klubetako parte hartzaileak eta Nafarroako liburutegi sare publikoetako langileak. Izan ere, liburutegietan izan dira urtean zehar lan onena aukeratzeko egindako hiru jardunaldiak.

Guztira, epaimahaia 700 kidek osatu dute eta hiru eleberri finalisten aurtean aukeratu behar izan dute: Maite Carranzaren `Una bala para el recuerdo´, Anna Mansoren `Lo del abuelo´ eta Fernando Lalanaren `El Matarife´.

Proiektuan, Barañain, Basoko, Atarrabia, Julio Caro Baroja, Mendillorri, Zizur Nagusia, Burlata, Ochoa de Olza DBHI, Biurdana, Iturrama eta Martzillako institutuek hartu dute parte. Ekimenak irakurzaletasuna sustatu eta gazteak liburutegietara gerturatzea izan du xede, ikasketerako eta arlo akademikoaz aparte, kultura, aisialdia zein ezagutzarako ere gune moduan erabili ditzaten.

Gainera, literatura arloko epaimahaikide izatean gazteek irakurketa kluben dinamika ezagutzeko aukera izan dute, elkarrizketarako, topaketarako zein elkarbizitzarako gune moduan.

Lanen aukeraketa

Lehendabiziko fase batean, irakasle, liburutegietako langile, kritikari etab. osatutako adituen batzorde batek 2017an kritikak nabarmendutako eta gehien saritutako lanen artean hiru hautatu zituzten. Lan horiek izan dituzte hizpide epaimahikideek antolatutako 32 irakurketa klubek. Bakoitzean institutu ezberdinetako 20 ikasle jardun dira taldeak dinamizatzeko esperientzia duen koordinatzaile batekin batera.

Epaimahaiak 2018ko abenduan eta 2019ko otsaila eta maiatzean egin zituen bilerak 13 liburutegi publikoetan: Zizur Nagusia, Civican, Barañain, Burlata, Atarrabia, Txantrea, Yamaguchi, Iturrama, San Frantzisko, Arrosadia, Martzilla, Sanduzelai eta Nafarroako Liburutegian.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak irakasleen formaziorako ikastaro moduan sartu zuen proiektu hau “Irakurketa klubak teorian eta praktikan” izenarekin. Aipatutako 11 institutuetako Hizkuntza eta Literaturako 30 bat irakaslek parte hartu dute ikastaroan.

Maite Carranzaren `Una bala para el recuerdo´ gazteentzako eleberriak irabazi du `Irakurketaren epizentroak’ egitasmoaren lehen Saria
Epaimahai kolektiboan parte hartutako ikasleak finalistekin batera.

Zerrendara itzuli