Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Leitzan zaharberritu duten Erdi Aroko dorre industriala nazioarteko saria jaso du

2020/10/16

Leitzan Erdi Aroko industria-erabilerako dorre bat zaharberritzeak Egurtek 2020 sarien nazioarteko saria lortu du. Golardo horiek aste honetan banatu dira, Bilbao Exhibition Centre zurgintzako Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren esparruan. Tokiko Zura – Basque Quality Sari Berezia Leitzako Iberoko burdinola hidraulikoaren Erdi Aroko dorrea zaharberritzeko lanak jaso du.

Epaimahaiak bere epaian nabarmendu du “ondare arkitektonikoan egindako esku-hartze bikaina dela, eta Erdi Aroko dorrearen distira eta dotoretasun orijinala berreskuratzen dituela”. José Luis Franchez Apezetxea Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea erakundeko arkitektoa da, eta haren obra kategoria honetan aurkeztutako 17 proiekturen artean irabazle suertatu da.  

Erdi Aroko dorrea Leitzako Iberoko burdinola hidraulikoaren industria-multzokoa zen, eta Ondasun Inbentariatu aitortu zuten 2014. urtean. Nafarroan Erdi Aroko industria-konplexuko adibide bakanetakoa da, eta, ziurrenik, gure komunitatean kontserbaturikoen artean industria-egiturarik zaharrena, XIV. mendekoa izan baitaiteke.

Erdi Aroko elementuetatik, gezileihoak eta erdi puntuko arkuko sarrerako atea kontserbatzen ziren. Zaharberritze-lanak 2019an amaitu zituzten, eta dorrearen jatorrizko ezaugarriak kontuan hartuta egin ziren. Egurteken sariak zaharberritzean egindako zurezko lanak nabarmentzen ditu.

Zehazki, zaharberritzerakoan, forjatuen zurezko egitura eta estalkia berritu ziren, birziklatutako haritz zaharreko habe eta gapirioekin. Bi forjatuetako habe nagusiek 8,30 metroko luzera dute eta 50x40 cm-ko eskuairaldeak.

Forjatu horietako pisuetan haritzezko ohol berriak jarri ziren eta zur mota bereko arotzeria berriak sarrerako atean eta dauden lau leihoetan. Teilatupeko bao handietan, berriz, oin eta langeta-bastidore gaineko estalki-itxiturak jarri ziren, dena haritza.

Egurtek sariak

Egurtek Sarien helburu nagusia da zura nabarmentzea funtsezko elementu gisa eraikuntza berrian edo espazioen zaharberritzean. Ildo horretan, epaimahaiko zortzi kidek honako hau nabarmendu dute: “aurkeztutako proiektuen kalitate handia eta horietan zura erabiltzean antzematen den sentsibilitatea”.

Guztira, 93 hautagai aurkeztu dira, sei kategoriatan banatutako lan ezberdinekin. Aurkeztutako proposamen guztiak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren web gunean nahiz Bilbao Exhibition Centreren Egurtekenean ikus ahal izango dira.

2020ko Egurtek Sarien epaimahaiaren burua Matxalen Acasuso da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoa, eta, horrez gain, honako hauek osatzen dute: José Antonio Barea (UPV/EHU), Javier Cenicacelaya (Infoedita), Oskar Azkarate (Baskegur), Javier García (Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council), Emiliano López (López Rivera Arquitectes), Andoni Díaz (Bizkaiko Diseinatzaileen eta Dekoratzaileen Elkargoa) eta Jon Abad (EIDE Euskadiko Diseinatzaileen Elkartea).

Ondare Historikoaren Zerbitzuaren proiektua da, eta Egurtek 2020 sarien Tokiko Zura – Basque Quality sari berezia lortu du

Leitzan zaharberritu duten Erdi Aroko dorre industriala nazioarteko saria jaso du
I-D: Xabier Basañez, BECeko zuzendari nagusia, eta eskuinean José Luis Franchez Apezetxea, Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkitektoa.

Zerrendara itzuli