Begirada K.a. II. mendetik K.o. VIII. mendera bitarte pausaturik, lanak ikuspuntu berria proposatu du azterturiko lurraldean bizi ziren komunitateen analisian
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak “Los vascones y sus vecinos (siglos II a. C.- VIII d. C)” liburua argitaratu du, Jokin Lanz Betelu historialariak ondua.
Argitalpenak ikuspegi aldaketa bat proposatu du mendebaldeko Pirinioetako ingurunean bizi ziren herrien inguruko analisi historikoa tradizionalki egindako moduan, K.a II. mendetik K.o. VIII. mendera, betiere. Azterlanak, izan ere, harreman-prozesu etengabea egiaztatu du jarduera diplomatikoaren eta komunikazio politikoaren bidez, lurraldeko herri aurre-erromatarren eta erromatarren artean, hasieran, eta ondoren, eskualdeko komunitate probintzialen eta hirikoen artean, eta azkenik, komunitate berrien –baskoi «berrien»– eta kanpo-botere berrien artean.
Lanean baskoiei eman zaien garrantziak oinarri du herri horrek esparru aztertuan izaniko protagonismoa. Egia esateko, ez dira lurraldean harremanak sortu zituzten bakarrak, baina askotan haiek harremanak gidatu eta pertsonifikatu zituzten. Haiekin batera, bestelako herriak aipatzen dira, hala nola suesetarrak, beroiak eta akitaniarrak, eta konkistaren ondotik, erromatarrak.
Historia saileko 140. argitalpena da eta 300 ale plazaratu dira. 15 euroan dago salgai Nafarroako Gobernuko argitalpen dendan (Iruñeko Navas de Tolosa kalea), bai eta liburu-dendetan ere.
Argitalpenaren edukia
Liburuak hiru kapitulu ditu. Lehena “Conflictos y soluciones en el territorio durante el periodo republicano” da (gatazkak eta konponbideak lurraldean, Errepublika garaian). Egileak gogoeta egiten du mendebaldeko Pirinioen inguruan K.a. II.-I. mendeetan izaniko harreman gatazkatsuez, bai eta piztutako gerrez ere. Gatazka horiek kudeaketa-tresnak behar izan zituzten, bereziki diplomazia lanari zegozkionak, liburuan deskribatzen diren bezalaxe. Ondoren, aliantzak era bereizian azalduta daude diplomaziazko esku-hartzearen testuinguruan, bai ez-erromatarren artean, bai erromatarrekin.
Bigarren kapituluaren izenburua, berriz, “Las relaciones del territorio con la administración provincial e imperial: la importancia de la gestión” da (lurraldearen harremanak Probintziako eta Inperioko administrazioarekin: kudeaketaren garrantzia). Zehazki, Inperioa osatzen zuten komunitateen eta agintarien arteko legationes-ak ditu aztergai, inperioaren administrazioaren funtzionamenduan funtsezkoak izan baitziren. Halaber, abegi eta babes itunak azaltzen dira, hau da, komunitateen eta jende boteretsuaren arteko harremanetarako tresnak dira beren interesak babesteko.
Azkenik, “Conflictos en el contexto de la antigüedad tardía” (gatazkak antzinate berantiarraren testuinguruan) kapituluak hainbat gatazka mota ditu aztergai, herri barbaroak lurraldera bat-batean iritsi izanaren ondorioz sortutakoak, eta ekintza politikoak nahiz diplomatikoak eragin zituztenak: razziak eta zigor-kanpainak, prebentziozko erasoak eta/edo konkista-ekinaldiak, eta usurpazioak eta gerra zibilak. Horrez gain, gerra-testuingurutik kanpo, hainbat diplomazia-jarduera aipatzen dira, bai eta komunikazio politikoko praktikak ere. Kapitulu berean, azaltzen da nola kudeatu zen gatazka antzinate berantiarreko Baskonian eta Akitanian; horretarako, negoziazio jakin batzuk ikertu dira, hala nola aliantza militarrak, captivi-ak hartzea eta haiei emaniko tratua, obsides-ak hartzea eta haien gaineko kudeaketa, eta iheslarien eta erbesteratuen kasua.