es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Karlismoaren Museoaren aldi baterako erakusketa berriak karlismoak bost eleberri bikainetan izan duen irudikapena aztertzen du

2019/10/31

Lizarrako Karlismoaren Museoak “Agonia ala eraldaketa? Karlismoa Espainiako eleberrietan (1876-1912)” aldi baterako erakusketa berria inauguratu du gaur. Komisarioa Stephen Roberts Nottinghameko (Erresuma Batua) Unibertsitateko Literatura Hispaniarreko irakasle eta Miguel de Unamunoren pentsamenduan eta lanean aditua izango da. Erakusketa ostegun honetatik 2020ko apirilaren 19ra bisitatu ahal izango da.

Erakusketak, Zer da karlismoa? galderari eta garaiko Espainiako eleberriak izan zuen bilakaerari buruz argia ematen duten bost eleberri bikainetik bidaia eskaintzen du, XIX. mende amaierako kostunbrismotik eta errealismotik XX. mende hasierako nobela historiko, modernista edo bitalista berrira.

1876an Karlismoak jasan zuen porrot militarraren ondoren, Pérez Galdós, Pereda, Unamuno, Valle-Inclán eta Pio Baroja eleberrigileek, beste batzuen artean, Bigarren Karlistaldiaren zergatiak eta ondorioak ikertu zituzten, batzuk karlismoaren aurreko jarrera erabat kritikoetatik eta beste batzuk karlismotik gertuago zeuden ikuspegietatik. Doña Perfecta (1876), Peñas arriba (1895), Paz en la guerra (1897), Sonata de invierno(1905) eta Zalacaín el aventurero (1908) eleberrietan, bost idazle horiek karlismoaren arrakastaren arrazoiak aztertu zituzten, mugimendua hilzorian zegoen ala antzeko beste mugimendu edo ideologia batzuetara aldatzen ari ote zen galdetu zuten, eta kosmo-ikuspegi karlistaren alderdi batzuek indarrean jarraitzeko aukera ere ez zuten baztertu.

Erakusketa zazpi esparrutan dago antolatuta. Lehenengoan idazleen eta erakusketaren xede diren bost eleberrien sarrera egiten da. "Aldareko eta tronuko karlismoa. Valle-Inclanen begirada dekadentea" izeneko bigarrenean, Karlos VII.aren Gorteko Neguko Sonatak Lizarran eskaintzen duen irudikapen dekadentea aztertzen da. "Karlismo herrikoia" izeneko hirugarrenean, Galdosen eta Peredaren arteko gatazka ideologikoa eta literarioa, eta azken horrek karlismoan bizi izandako esperientzia era antropologikoan irudikatu izana hartzen dira kontuan. “Karlismoa Lizarran/Karlismoa eta Lizarra “Barojaren begirada” izeneko laugarrenean, Zalacaín el aventurero eleberriko protagonista nagusitzat aurkezten da Lizarra.

“Gerra” izeneko bosgarrenean, Bigarren Gerra karlistak (izandako guduak, ankerkeriak eta ospitaleak) Unamunoren, Valle-Inclanen eta Barojaren eleberrietan duen irudikapena aztertzen da. "Karlismoaren etorkizuna (Miguel de Unamunoren arabera)" izena daraman seigarrenean, Unamunok Paz en la guerra lanean karlismoaren esanahi intimoari eta iraunkorrari buruz egiten duen bilaketa aztertzen da. Azkenik, zazpigarrenean, bost nobelagileen gogoeten argitara, erakusketaren hasierako galderara itzultzeko gonbidapena egiten zaio ikusleari: Zer da karlismoak gaur egun irudikatzen duena?

Pieza azpimarragarriak

Erakusketako pieza azpimarragarrienen artean, erakusketaren protagonista diren lanen lehenengo edizioak aipatu behar dira: Doña Perfecta (1876), Peñas arriba (1894), Paz en la guerra (1897), Sonata de invierno (1905), Zalacaín el aventurero (1909) eta Miguel de Unamunoren Somorrostroko jatorrizko eskuizkribua, Salamancako Unibertsitateko Unamuno Museo-Etxeak lagatakoa.

Horrez gain, azpimarragarriak dira Pradoko Museo Nazionaleko bildumako Enrique Martínez Cubellsen (1874-1947) El viático en la aldea (Asturias) olio-pintura; Juan de Echevarría y Zuricaldayk (1875-1931) egin zituen eta Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak utzitako Ramón de Valle-Inclánen (1922) eta Pío Barojaren (1920-1923) erretratuak; Unamuno Museo-Etxeak lagatako Miguel de Unamunoren Autorretrato; Moisés Huertak (1881-1962) egin zituen Busto de Miguel de Unamuno (1924) brontzezko eskulturak, Bilboko Arte Ederren Museoarenak; eta Victorio Machoren (1887-1966) Galdós, boceto del monumento de las Palmas, Real Fundación de Toledoko Victorio Macho Museoak erakusketa honetarako lagatakoa.

Erakunde laguntzaileak

Erakusketan ikusgai dauden piezak hainbat erakunde eta bilduma partikularretatik datoz: Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Lizarrako Udal Artxiboa, Iruñeko Udal Artxiboa, Iruñeko Aita Kaputxinoen Liburutegi Nagusia, Lizarrako Liburutegia, Nafarroako Liburutegia, Madrilgo Ateneoko Liburutegia, Konpostelako Donejakue Unibertsitateko Unibertsitate Liburutegia, Valle Inclán Etxe-Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala, Pradoko Museo Nazionala, Iruñeko Kasino Berria, Nafarroako Foruzaingoa, Real Fundación de Toledoko Victorio Macho Museoa, Salamancako Unibertsitateko Unamuno Museo-Etxea eta hainbat norbanako, Kantabriako Museo Etnografikoa, Nafarroako "Julio Caro Baroja" Museo Etnologikoa eta Karlismoaren Museoa bera.

Doako sarrera duen erakusketa museoaren ohiko ordutegian bisita daiteke: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.

Erakusketaren zenbait jarduera osagarri aurreikusi dira, eta dagoeneko ikusgai daude Karlismoaren Museoaren www.museodelcarlismo.navarra.es webgunean. Eleberrian Martín Zalacaínek herriko kaleetatik egiten zuen ibilbidea jasotzen duen Lizarrako mapa, eta erronka literario bat. Aurrerago hitzaldi zikloa eta bisita gidatuak iragarriko ditu komisarioak.

Ohi bezala, erakusketaren katalogoa argitaratuko da. Katalogo hori Internet bidez eskuratu ahal izango da, eta inprimatutako formatuan ere lortu ahal izango da.

Komisarioa, Stephen Roberts

Oxfordeko Unibertsitatetik Lizentziatua eta doktorea, une honetan Literatura eta Historia Intelektual Espainiarreko irakasle titularra eta Ikasketa Espainiarren, Portugesen eta Latinoamerikarren zuzendaria da Nottinghameko (Erresuma Batua) Unibertsitatean.

Miguel de Unamunoren literaturari, politikari eta filosofiari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu, eta “Miguel de Unamuno o la creación del intelectual español moderno” (Universidad de Salamanca argitaletxea) monografiaren egilea eta “Miguel de Unamuno: Political Speeches and Journalism (1923-1929)” (University of Exeter Press) liburuaren argitaratzailea da.

Bere ikerketa lanak XX. mendearen hasierako poesian, Espainiaren eta Hispanoamerikaren arteko harreman intelektualean eta Espainiako zinean ere zentratu dira, eta Galdós, Baroja, Rodó, Ortega y Gasset, Juan Ramón Jiménez, Federico García Lorca eta Pablo Nerudari, eta Juan Antonio Bardemen eta Víctor Ericeren zineari buruzko artikuluak argitaratu ditu.

Hainbat libururen ko-editorea ere bada. Horien artean “1812 Echoes. The Cadiz Constitution in Hispanic History” eta “Culture and Politics” (Cambridge Scholars Publishing) daude. García Lorcari buruzko biografia literario berria, “Deep Song. The Life and Work of Federico García Lorca” izenekoa, 2020an argitaratuko da Reaktion Pressen (Londres). Une honetan, Unamunok Fuerteventuran, Parisen eta Hendaian izan zuen erbesteari buruzko monografia bukatzen ari da.

 

Karlismoaren Museoaren aldi baterako erakusketa berriak karlismoak bost eleberri bikainetan izan duen irudikapena aztertzen du
Erakusketako lana

Zerrendara itzuli