Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Karlismoaren Museoak El declive del Carlismo liburua argitaratu du

2020/11/19

Jeremy MacClancyren The decline of carlism lanaren gaztelaniazko itzulpena da, Nevadako Unibertsitateak 2000n plazaratua.

Karlismoaren Museoak El declive del carlismo liburua argitaratu du, Jeremy MacClancy antropologo britainiarrak ondua eta Nevadako Unibertsitateak 2000n AEBn plazaratua. MacClancyren lana gaztelaniara itzulita, eskurago dago orain antropologo britainiarrak karlismoaren azken hamarkadez begirada antropologikotik ondutako azterlanaren informazioa. 

Karlismoari buruzko ikerlanak argitaratzeko ikerketa saileko bosgarren argitalpena da. Saila 2013an sortu zen, Mercedes Peñalba Sotorríoren Entre la boina roja y la camisa azul lanarekin. Ondoren, 2015ean, Demetrio Castroren El carlista en las Cortes liburua plazaratu zen; gero, Ignacio Miguéliz Valcarlosek idatzitako Una mirada íntima al día a día del pretendiente carlista 2016an, eta bi urte geroago, 2018n, berriz, Francisco Javier Caspistegui, Jeremy MacClancy eta Manuel Martorellen La montaña sagradaConferencias en torno a Montejurra.

MacClancyren liburua Matías Múgica Franco iruindar filologo eta itzultzaileak itzuli du gaztelaniara, hots, 2018an Euskadiko Literatura Saria irabazitakoak. 

Argitalpen berria erosgai dago Karlismoaren Museoan (La Rúa k., 27-29, Lizarra) eta Nafarroako Gobernuko Argitalpen Funtsean (Navas de Tolosa k., 21, Iruña) edota Fondoaren webgunean, 12 eurotan.

 

Karlismoaren azken hamarkadak

 “El declive del Carlismo” liburuak sakon ikertu ditu 1950eko eta 1960ko hamarkadetako karlismoak Nafarroako landa-eremuan izaniko oinarriak. Aztertu du, zehazki, zer-nola bilakatu zen mugimendua Frankismoan eskuin mutur tradizionalistatik ezker moderatura, “monarkia sozialista” ezartzeko ideiaren inguruan. Argitalpenak berrikuntza ekarri zuen gaira, historia eta antropologia uztartu izanaren ikuspegitik. Dokumentazio-iturri baliosa da, gainera, karlismoaren azken hamarkadetako bilakaeraren gako batzuk ulertzeko eta mugimenduak Espainia garaikidean izaniko lekua ere ulertzeko. 

Testuak oinarri du egile britainiarrak 1980ko hamarkadaren bukaeran ia bi urtez Nafarroan eginiko landa-lan sakona, Ziraukin, hain zuzen. Liburu honetaz landara, egileak beste batzuk ere argitaratu ditu. Haien artean nabarmentzen dira Expressing identities in the Basque arena (2007), Alternative Countrysides. Anthropological approaches to rural Western Europe today (2015) eta Anthropology and public service. The UK experience (2017).

Karlismoaren Museoak El declive del Carlismo liburua argitaratu du
Liburuaren portadaren irudia

Zerrendara itzuli