Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Jose Lainez eta Concha Martinez koreografo eta dantzari bikoteak jasoko du 2017ko Vianako Printzearen saria

2017/04/28

Gaur goizean hartu du erabakia Kulturaren Nafarroako Kontseiluak, eta maiatzaren 27an egingo da sari-banaketa, Oliteko Errege Jauregian.

Kulturaren Nafarroako Kontseiluak Jose Lainez eta Concha Martinez proposatu ditu "2017ko Kulturaren Vianako Printzea Sarirako", Ana Herrera Kulturako, Kiroleko eta Gazteriako kontseilariak gaur goizean prentsaurrekoan jakinarazi duenez.

Kontseiluak egindako balorazioaren arabera, "saridunek gure Komunitatean eta hemendik kanpo beren hegoak zabaldu dituzten dantzarien belaunaldi bat sortzen lagundu dute. Jose Lainezek eta Concha Martinezek dantzaren abangoardiako estetikak ekarri zituzten Nafarroara eta, hain zuzen ere, aditu guztiak datoz bat beren konpainia, Anexa, dantza garaikideko Espainiako lehena izan zela esatean. Anexaren ondoren, Yauzkari sortu zuten 1980an; hainbat sari irabazi zuten konpainia harekin eta Espainia osoan eta Europan ere ibili ziren, lan sarkor, ausart, bihoztun, probokatzaile eta konprometituak taularatuz. Norbanakoa da lan horietan kezkarik handiena, bakoitzaren onena arakatzeko eta ateratzeko helburuz. Hamarraldi batetik gorako bizitza izan zuen konpainia hark Iruñean".

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez berretsiko du orain sari hori emateko erabakia, eta maiatzaren 27an, larunbata, egingo da sari-banaketak, Oliteko Errege Jauregian. Saria eman ondoren, Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak beren lana hedatzeko proiektua landuko du Jose Lainezekin eta Concha Martinezekin batera.

Jose Lainez eta Concha Martinez

Jose Lainezek eta Concha Martinezek sartu zuten dantza garaikidea Espainian. Aitzindariak izan ziren, eta gorputzaren eta espazioaren arteko harreman esperimental eta probokatzaile batean oinarritutako beren ikuspegi artistikoa dantza garaikideko hainbat dantzari eta sortzaile belaunaldiren inspirazio-iturri izan da.

16 urterekin, Donostia utzi eta Amsterdamera joan ziren Jose Lainez eta Concha Martinez; han, Het Nationale Ballet konpainian jardun zuten dantzari bost urtez. Itzuli zirenean, Anexa konpainia sortu zuten (Donostia, 1970), dantza garaikideko beren lehenengo taldea; Anexarekin, proposamen artistiko berri bat erakustea lortu zuten, apurtzailea, probokatzailea eta abangoardista.

1973an iritsi ziren Bartzelonako eszenatokietara. Hainbat hilabetez egon ziren Capsa antzokian. Jose Lainez eta Concha Martinez Bartzelonako Institut del Teatre institutuko irakasle izan ziren. Gainera, Jose Lainez Departament de Dansa Contemporania saileko koordinatzaile izan zen denboraldi batez. Urte batzuk beranduago, Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioko dantzaren ataleko zuzendari izan ziren; hantxe sortu zuten Yauzkari (1980) dantza garaikideko taldea. Hainbat sari irabazi zuten konpainia harekin, eta Europan zehar ibili ziren, lan probokatzaile eta konprometituak taularatuz, ordura arte balletarekin zerikusi gutxi izan zuen musikaz lagundutako dantzekin.

Jose Lainezek eta Concha Martinezek Iruñean egin zituzten beren azken lanak, Piejuntoapie dantza konpainiarekin. 2010ean estreinatu zuten euren azken lana, Becket 5, Iruñeko Gayarre antzokian.

Edizio honetarako proposamenak

Zortzi proposamen aurkeztu dira edizio honetarako; horietako lau Kulturaren Nafarroako Kontseiluko kideek aurkeztu dituzte: Nafarroako Bertsozale Elkartea, Iruñeko Ganbara Abesbatza, Marysa Navarro historialaria eta azkenean saria jasoko duen Jose Lainez eta Concha Martinez koreografo eta dantzari bikotea.

Gainera, Haize Berriak Musika Elkarteak Enrike Zelaia folklorista, ikertzaile eta historialaria aurkeztu zuten hautagai; Iruñeko Gaiteroak Kultura Elkarteak, berriz, Justo Lacunza arabiar, afrikar eta islamiar kulturen ikertzailea; UNESCOren Lagunen Elkarteak Pello Salaburu filologoa proposatu zuen, eta Akelarre Kultura Elkarteak, azkenik, Berri Txarrak rock taldea.

Saria

1990ean sortu zen sari hori, eta bere helburua da kulturaren munduan garrantzitsuak diren pertsona edo erakundeen ibilbidearekiko begirunea erakustea da, arte plastikoen, musikaren, literaturaren esparruan eta beste hainbatetan dagoen jardun sortzailea ulertuz, bai eta zientziaren, teknikaren eta ikerkuntzaren esparruetakoa ere.

Orain arte sari hori jaso dutenak dira:

  • 1990: Jose Goñi Gaztambide (historialaria)
  • 1991: Eugenio Asensio Barbarin (filologoa)
  • 1992: Iruñeko Orfeoia 
  • 1993: Rafael Moneo (arkitektoa)
  • 1994: Francisco Yndurain (filologoa)
  • 1995: Julio Caro Baroja (historialaria)
  • 1996: Pablo Antoñana Chasco (idazlea)
  • 1997: Pedro Miguel Echenique (fisikaria)
  • 1998: Montxo Armendariz (zinemagilea)
  • 1999: Alvaro d'Ors (jurista)
  • 2000: Concepcion Garcia Gainza (historialaria)
  • 2001: Miguel Sanchez-Ostiz (idazlea)
  • 2002: Maria Bayo (sopranoa)
  • 2003: Juan Jose Aquerreta Maestu (margolaria)
  • 2004: Fernando Redon (arkitektoa)
  • 2005: Javier Manterola Armisen (ingeniari zibila)
  • 2006: Javier Tejada Palacios (fisikaria)
  • 2007: Pedro Iturralde Ochoa (jazz musikaria)
  • 2008: Alfredo Landa Areta (aktorea)
  • 2009: Agustin Gonzalez Acilu (musikari eta konpositorea)
  • 2010: Jürgen Untermann (hizkuntzalaria, filologoa eta epigrafista)
  • 2011: Faustino Menendez Pidal de Navascues (heraldista)
  • 2012: Antonio Lopez Garcia (margolaria)
  • 2013: Daniel Innerarity Grau (filosofoa)
  • 2014: Tarsicio de Azcona (historialaria)
  • 2015: Ramon Andres (idazlea eta musikologoa)
  • 2016: Ignacio Aranguren (dramaturgoa eta antzerki-zuzendaria)
  • 2017: Jose Lainez y Concha Martinez (koreografo eta dantzariak)
Jose Lainez eta Concha Martinez koreografo eta dantzari bikoteak jasoko du 2017ko Vianako Printzearen saria

Zerrendara itzuli