Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Jorge Oteizak liburuetako ertzetan idatzitako oharrak dira Punto de Vistaren bildumarako lan berriaren ardatz

2017/03/03

Oteiza marjinan, zinemari eta arteari buruzko eskuz idatzitako oharrak lanarekin, Punto de Vistak Heterodocsias zikloaren protagonista den euskal eskultore bikainak zinemarekin izan zuen harremanari eskainitako zirkulua ixten du.

Punto de Vista jaialdiak argia eman nahi dio Oteizari eta haren figurari buruz dagoeneko ezagutzera eman den material kopuru ikaragarri horretatik, oraindik esan edo argitaratu ez denari. Horregatik, Jorge Oteizak bere liburutegiko liburuen ertzetan egiten zituen oharrak bezalako aurkikuntza bat aurkezten du. Ohar horietan, bere ideiarik azkarrenak eta oharrik freskoenak islatzen zituen bururatu ahala. Horregatik, Punto de Vistaren lan berri hau beste liburu batzuk jasotzen dituen liburua da. Oteiza bere irakurketen ertzetan ezeztatzen eta osatzen doan pasarteen irakurketaz goza dezakegu; hala nola, Jorge Luis Borgesen liburu bateko Denborari eskainitako kapitulu batean, eskultoreak oharrak idazten ditu, argentinarrari espazioari eta espazioak denborarekin duen harremanari buruzko ideiak eztabaidatzeko.

Oteiza Marjinan lanak bere ideiak nondik sortzen diren ikusteko aukera eskaintzen dio ikusleari, irakurleari, bere iturri zuzenaren lekuko izateko ahalmena ematen dio. Baina, aldi berean, haren inspirazioak nola funtzionatzen duen ikertzeko aukera ere ematen dio. Azken batean, askotan hausnartutako analisiak baino interesgarriagoak eta askeagoak diren bere jatorrizko ideia horietara hurbiltzeko pribilegioa eskaintzen dio.

Liburuak Jorge Oteizaren oharren azterketa bat ere jasotzen du, Oskar Alegria jaialdiaren arte zuzendariak egin duena, eta Oteizaren ohitura kaligrafikoen kapitulu interesgarriak azaltzen dituena. Kontua da Oteizak zer, non eta zergatik idazten duen ikustea, misterio batzuk ezagutzera emateko (zergatik interesatzen zitzaizkion leihoak eta hontzak), irakurtzen duen guztiak cromlech-era eramaten duen garaia, Einsteinekiko bere grina, Hitchcocki egiten dizkion kritikak, bere eskulturak filmatzeko moduari buruzko bere teoriak…

Orri-oinetan idatzitako bere oharrez gain, hark eskuz idatzitako agiri argitaragabe batzuekin osatu da liburuaren edizioa; jendeak ezagutzen ez dituen filmetarako gidoietarako ohar interesgarriak, alegia: denborari buruzkoa, zuhaitzari buruzkoa, Borgesen Los Inmortales kontakizunari buruzko beste bat... eta horrela, batere ezagunak ez diren edo nahiko ezezagunak diren bederatzi gidoira bitarte: Velazquezen ingurukoa, Joyce-ren Ulises lanari buruzkoa, Mallarmeri buruzkoa...

Nafarroako Gobernuak finantzatu du liburua, Jorge Oteiza eta Golem Museo Fundazioarekin lankidetzan. 1.000 ale argitaratu dira, eta Jorge Oteiza Museoan, Punto de Vistaren egoitzan jaialdiak irauten duen bitartean, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsaren webgunearen bitartez eta liburu-denda espezializatuetan eta herrialde osoko arte-zentroetan eros daiteke. Santos Bregaña (atelier laia) diseinatzailea arduratu da liburua diseinatzeaz; jaialdiak 2016an editatutako TIME lanaz ere bera arduratu zen.

Denborari buruzko liburu honekin, urtetik urtera Punto Vistaren liburutegi partikularra osatzeko bolumenak argitaratzeko aurreko edizioetako tradizioari eusten zaio, pentsamendurako eta eztabaidarako gehigarri bat eskainiz. Aurkitutako metrajea, estetika japoniarra zineman, Ermanno Olmiren zinemaren fintasuna, Jem Cohenen zinemaren iheskortasuna, Margaret Taiten poemak eta denbora zineman izan dira, besteak beste, aurreko edizioetako liburuetan landutako gaiak, jaialdia filmak proiektatze hutsera ez mugatzeko ideia sendoarekin.

Jorge Oteizak liburuetako ertzetan idatzitako oharrak dira Punto de Vistaren bildumarako lan berriaren ardatz

Zerrendara itzuli