Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Iruñeko katedraleko klaustroa eraberritzeko lanen erdia, amaitzear

2018/02/02

Otsailaren 18an ekingo zaie berriro bisita gidatuei.

Iruñeko katedraleko klaustro gotikoan ia urte eta erdi eman ondoren lanean etengabe, laster amaituko da eraberritze-lanen erdia. Halaxe jakinarazi du gaur Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak obrak bisitatu dituenean. Han izan dira, halaber, Nafarroako CaixaBank-eko Erakunde Bankuko zuzendari Oscar Insausti, Nafarroako Kutxa Fundazioaren lehendakari Javier Miranda eta katedraleko dean Carlos Ayerra.

Aurrerantzean, beste fase bati ekingo zaio, hots, eraikuntza-multzoaren hego-ekialdeko angelua eraberritzeari; hura da zailenetako bat, eta han daude Sánchez de Asiáinen hilobia (2012an eraberritua), Ate Ederra eta Gagesko Kondearen hilobia. Proiektuak 11 hilabete iraungo du, gutxi gorabehera.

Orain arte, ipar hegala eta ekialde hegaleko iparraldeko erdia eraberritu dira (Amparo atearen, klaustroaren komunikazioaren eta katedral-tenpluaren artean dauden zatiak eta Barbazana kaperako fatxada). Barneko zein kanpoko eremuetarako, beste lau proiektu geratzen dira egiteke. Barneko biek hegoaldeko pandako lau zatiei, ikuzketa-guneari eta mendebaldeko pandako zati erantsiari eragingo diete, bai eta mendebaldeko pandako gainerako sei zatiei ere. Arkitektura-proiektuek, berriz, ikuzketa-guneari eta mendebaldeko fatxadari eragingo diete. Proiektu horiek guztiak 2018 eta 2019 artean egingo dira.

Arazoak eta irtenbideak

Lanen zatirik handienen xedea izan da harri-euskarriari harri osasuntsuaren indarra itzultzen saiatzea, ahal zen neurrian. Horretarako, erortzear zeuden zatiei eutsi zaie, jada erori zirenak ezarri dira, gainazala garbitu da, eta babes-geruzak aplikatu dira, Nafarroako gotikoaren harribitxi hau osatzen duten materialak behar bezala kontserbatu daitezen. Baina materialetan kalteak eragiten dituzten kausa batzuk oso zailak dira desagerrarazten, hala nola gatzak eta giro-hezetasunak harrian duen eragina; ondorioz, gune batzuk oso sentikorrak dira tenperatura-aldaketekiko eta hezetasun erlatiboaren aldaketekiko.

Are delikatuagoa zen kanpoko fatxaden egoera, dituen pinakulu, karel, gargola, lore handi eta trazeria guztiekin. Gune batzuetan, harria harea bihurtu da, eta ezin izan dira berreskuratu katedraleko klaustroa eraiki zenean (XIII. mendearen amaieran eta XIV. mendean) zituen propietateak. Mendeetan euriak eragina izan duen guneek, euri-urak ebakuatzeko eta jasotzeko elementu bitalek denbora asko eman dutenez babesik gabe, kalte larriak zituzten; batez ere, hauek: gainazala higatuta egotea, izotzaldiek eragindako pitzadurak, hausturak, eta abar, eta, horien ondorioz, kontserbazio-egoera oso ahula zen.

Doako bisita gidatuak2

017ko ekainean, bisita gidatuak hasi ziren igandetan, herritarrek gertutik ikus zitzaten eraberritze-lanak. Orduz geroztik, 1.100 lagunek hartu dute parte, eta zuzenean ikusi dituzte klaustroko egiturazko eta dekoraziozko zenbait elementuren arazoak eta kalteak, bai eta kasu bakoitzean aplikatzen diren irtenbideak ere. Bisita gidatuek aukera ematen dute, halaber, bisita tradizionaletan ikusten ez diren xehetasunak ikusteko. 

Interes publiko handia izan dutenez, berriro ekingo zaie datorren igandean, hilaren 18an. Nahi dutenek izena eman behar dute webgune honetan: http://visitas.fcpatrimoniodenavarra.com/.Nafarroako Ondare Historikoa Kontserbatzeko Fundazioaren webgunean eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean egongo da informazio guztia.

Bisitak ondoz ondoko hiru ordutegitan egingo dira: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan, eta ordubete iraungo dute, gutxi gorabehera. Mugikortasun-arazorik ez duten 14 urtetik gorako herritarrei daude zuzenduta. 

Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Ondare Historikoa Kontserbatzeko Fundazioaren bidez), “La Caixa” Gizarte Ekintzak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak 2016ko maiatzaren 31n sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren fruitu da Iruñeko katedraleko klaustroa eraberritzeko proiektua. 

Obra guztia egiteko, 3,8 milioi euroko kostua aurreikusi zen —“La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak % 56 jarriko dute, Nafarroako Gobernuak % 33, eta Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak % 11—, eta 2016 eta 2020 artean egin behar da.

Iruñeko katedraleko klaustroa eraberritzeko lanen erdia, amaitzear

Zerrendara itzuli