es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Idazle eta irakasle Tomás Yerro, 2019ko Vianako Printzea Kultura Saria

2019/04/05

Gaurko prentsaurrekoan Kultura, Kirol eta Gazteriaren kontseilari Ana Herrerak aditzera eman duenez, Nafarroako Kultura eta Arteen kontseiluak idazle eta irakasle den Tomás Yerro (Lerinen jaioa 1950.urtean), 2019ko Vianako Printzea Kultura sarirako proposatu du.

Sarituaren inguruan honako hau nabarmendu du kontseilariak: “hiru eremutan egindako lana: irakasle gisa, ikertzaile gisa eta literaturaren sustatzaile eta hedatzaile gisa, bereziki talde ahulenen artean”; halaber, kontseilariak ziurtatu du Tomás Yerro “erreferentea dela” Nafarroako idazleentzat.

Yerro hautagai bezala aurkeztu eta defendatu du Nafar Idazleen Elkarteak. Fátima Frutos lehendakariak ere parte hartu du prentsaurrekoan, eta adierazi du “idazleok zorioneko gaudela”; era berean, nabarmendu nahi izan du era guztietako elkarte kultural eta sozialetatik jasotako babes mordoa, baita Nafarroako lurraldetik kanpokoak ere. “Tomás Yerrok irakaskuntza, ikerketa eta kulturaren sustapena haren bizitzeko modu egin ditu, eta haren bizitzako ibilbide osoan nabarmentzekoa da, baita ere, talde ahulenei kultura eskuratzea errazteko izandako konpromiso pertsonala”.

Nafarroako Gobernuak, orain, foru-dekretu bidez berretsiko du sari hau, eta maiatzaren 4an, larunbatean, banatuko dute Vianan, Erriberriko Errege Jauregiaren ohiko esparrua ordezkatzen duen hirian, herria sortu zeneko 800. urtemuga dela-eta. Sariak, aurten, 30. edizioa betetzen du.

Vianako Printzea Saria, Foru Komunitatean kultur arloan ematen den saririk handiena, Nafarroako Gobernuak sustatzen du "kultura-munduan garrantzitsuak diren pertsonen edo erakundeen ibilbidea nabarmentzeko eta saritzeko helburuarekin; horretarako, arte plastikoetan, musikan, literaturan, eta abarretan egindako sormen-lana ez ezik, zientziaren, teknikaren eta ikerketaren eremuetan egindako lana ere kontuan hartzen da", sariaren oinarrietan jasotzen den moduan.

Aurtengo edizioan, beste bost hautagai lehiatu dira; hain zuzen ere, Iruñeko Musika Banda, Sagrario Aleman irakasle eta akademikoa, Fernando Hualde historialaria eta ikertzailea, Raul de la Fuente eta Amaia Remirez zinemagileak eta Atena Fundazioa.

Sariaren oinarrietan ezartzen denez, hautagaiak honako hauek aurkez zitzaketeen: "Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, e.a.), hezkuntza-erakundeek, erakunde kulturalek eta sozialek, legez eratutako GKEek (edozein herrialdetakoak) edota antolakuntzak gonbidatutako pertsona ospetsuek".

Tomás Yerroren biografia

Tomás Yerro Villanueva (Lerín, 1950) Filologia Erromanikoan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean; Espainiera eta Literaturako Batxilergoko katedraduna izan da eta Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko eta Francisco Indurain Adinekoentzako Unibertsitateko irakaslea.

Ohiko zutabegilea da Nafarroako prentsan, eta hainbat aldizkari zientifikoetan bere idatziak argitaratu ditu; hala nola, Cuadernos de pedagogía, Revista de filología y su didáctica o Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra. Río Arga poesia aldizkaria zuzendu zuen, eta bertan maiz argitaratu ditu lanak; halaber, Ítacaren sortzailea eta lehen zuzendaria izan zen, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak editatutako hezkuntza-aldizkaria; eta Cuadernos gerontológicos aldizkariaren argitalpen-batzordeko kidea (Geriatriako eta Gerontologiako Nafarroako Sozietateak editatua). Horrez gain, Tomás Yerrok parte hartu zuen Nafar Ateneoaren sorreran, eta Amado Alonso Fundazioaren patronatuko kidea da. Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuaren zuzendaria izan zen 1991 eta 1995 urte artean eta Kulturako zuzendari nagusia 1995 eta 1999 urte artean.

Besteak beste, honako hauen egilea da: Aspectos técnicos y estructurales de la novela española actual (1977); "Río Arga", revista poética navarra: estudio y antología (Charo Fuentesekin, 1988); Escritores navarros actuales: antología (koord. 1990); Narrativa española actual 1993-1997 (1998); Por la senda del Quijote (koord. 2005); Amado Alonso: el español de las dos orillas (koord. 2014). Obra kolektibo ugaritan parte hartu du, eta beste autoreen argitalpen mordoaren hitzaurrea edo sarrerako azterketa idatzi du.

Hautagaia proposatu zutenek ondorengoa nabarmendu zuten: irakasle, hizlari edo sarien epaimahaikide gisa, Nafarroako kultur erakunde gehienekin lan egin du. Urte askotan era oso aktiboan eta biziki hartu du parte Nafarroako bizitza kulturalean, erabateko eskuzabaltasunarekin, bereziki literaturarekin loturiko gai guztietan.

Tomás Yerrok merituak ditu sortzaile gisa, batik bat poesiaren arloan, aditu eta ikertzaile aintzatetsi gisa, alderdi horretan aritu baita profesionalki bizitzaren zati handi batean eta horrela jarraitzen du erretiratu eta gero ere, eta aipatzekoa da, halaber, Gaztelaniako literaturaren hedatzaile nekaezina izan dela, oro har, eta Nafarroako literaturarena oso bereziki”.

Aurreko edizioetako sariak

Gaur egun arte hauek izan dira sarituak:

1990: José Goñi Gaztambide (historialaria)

1991: Eugenio Asensio Barbarin (filologoa)

1992: Iruñako Orfeoia

1993: Rafael Moneo (arkitektoa)

1994: Francisco Ynduráin (filologoa)

1995: Julio Caro Baroja (historialaria)

1996: Pablo Antoñana Chasco (idazlea)

1997: Pedro Miguel Echenique (fisikaria)

1998: Montxo Armendáriz (zinemagilea)

1999: Álvaro d'Ors (jurista)

2000: Concepción García Gaínza (historialaria)

2001: Miguel Sánchez-Ostiz (idazlea)

2002: María Bayo (sopranoa)

2003: Juan José Aquerreta Maestu (pintorea)

2004: Fernando Redón (arkitektoa)

2005: Javier Manterola Armisén (ingeniari zibila)

2006: Javier Tejada Palacios (fisikaria)

2007: Pedro Iturralde Ochoa (jazz musikaria)

2008: Alfredo Landa Areta (aktorea)

2009: Agustín González Acilu (musikaria eta konpositorea)

2010: Jürgen Untermann (hizkuntzalaria, filologoa eta epigrafista)

2011: Faustino Menéndez Pidal de Navascués (heraldista)

2012: Antonio López García (pintorea)

2013: Daniel Innerarity Grau (filosofoa)

2014: Tarsicio de Azcona (historialaria)

2015: Ramón Andrés (idazlea eta musikologoa)

2016: Ignacio Aranguren (dramagilea eta antzerki-zuzendaria)

2017: José Lainez y Concha Martínez (koreografoak eta dantzariak)

2018: Iruñeko Ganbera Abesbatza

Idazle eta irakasle Tomás Yerro, 2019ko Vianako Printzea Kultura Saria

Zerrendara itzuli