Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Hezkuntza Lege Orokorraren mende erdia

2020/08/06

Hori dela eta, Nafarroako Artxibo Garaikideak hainbat jarduera antolatu ditu 

Hezkuntzaren Lege Orokorra indarrean sartu zeneko 50. mendeurrenaren karira, Nafarroako Artxibo Garaikideak hainbat jarduera antolatu ditu bertan hezkuntzari buruz gordeak dauden funtsak ezagutzera emateko eta lege horren ondorioak zabaltzeko. Ez soilik irakaskuntza sistemarako, baizik eta baita hezkuntza komunitaterako eta eskola-eraikinetarako ere. Horretarako, Legeak ezarritako berrikuntzak abian jarri eta aplikatu zituzten hainbat profesionalengana jo eta zenbait artikulu idazteko enkargua eman die 90era arte indarrean egondako Legearen berritasunak, erreformak, aldaketak eta argi-itzalak azaltzeko. Testuak artxiboaren webgunean argitaratuko dira azaroan eta, haien osagarri, ikastetxeetako zuzendari, maisu-maistra, ikuskatzaile, eta abarri egindako elkarrizketak ere argitara emanen dira, oso egokiak Legea bere testuinguruan jartzeko eta Legeak Nafarroarako izaniko garrantzia aintzat hartzen laguntzeko. 

Horrez gain, aurtengo azken hiruhilekoan, Nafarroako herri aunitzetako eskola zaharren plano sorta bat jarriko da herritarren eskura, guztiak ere Legearen baldintzetara egokitutakoak. Planoak Artxibo Irekiaren bilatzailean egonen dira ikusgai, ARKITEKTURA esparruan.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Hezkuntzako Ordezkaritza Probintzialaren dokumentazioa gordea dauka bere funtsetan eta ezagutzera eman nahi du, bai eta San Frantzisko eskoletakoa, Nafarroako lehen ikastoletakoa eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentukoa ere. 

Hezkuntza Lege Orokorra 

1970eko abuztuaren 6an, Hezkuntzari buruzko eta Hezkuntza Berrikuntza Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorra sartu zen indarrean, 1857az geroztik indarrean zegoen Moyano Legearen ordez. Legeak herritar guztiei hezkuntza arloko aukerak ematea izan zuen xede eta, era berean, pertsona bakoitza gaitzea gizarte errealitate berriari ekiteko. Oso lege berritzailea izan zen, hainbat helburu lortzeko: prestakuntza integrala, gizarte integrazioa eta sustapena, ikasketa eta lan ohiturak eskuratzea, eta lanbide jarduerak egiteko gaikuntza ematea. Horrez gain, “berezitasun erregionalak” txertatzea, kultur ondare nazionalaren aberasgarri, arauaren beraren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera. 

Legeak Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) ezarri zuen, derrigorrezkoa eta doakoa, eta hezkuntza sistema arautu zuen, honakoak barne: lanbide heziketa, helduen hezkuntza iraunkorra, ikastetxeak, irakasleen baldintzak, ikaslearen estatutua eta hezkuntza administrazioa bera. 

Hezkuntza Lege Orokorraren mende erdia
Lesakako Irain Herri Eskola, 1981ean

Zerrendara itzuli