Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Datorren ekainaren 21ean hasiko da Kultur 2019 Lesakan, pop-rock kontzertuarekin

2019/06/07

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, Kultur programaren beste edizio bat antolatu du. Aurten ekainaren 21ean hasiko da Lesakan, Balerdi Balerdi nafar taldearen kontzertuarekin. Programa irailaren 7ra arte luzatuko da.

Aurreko edizioetan bezala, musika izango da programaren protagonista, folk, jazz, blues, pop, rock eta abesbatzen musika emanaldiekin. Nafarroako eta beste autonomia erkidegoetatik etorritako taldeak izango ditugu, eta baita nazioarteko bi ere. Programak dantza emanaldiak ere jasoko ditu.

Guztira 35 jarduera programatu dira, Foru Komunitateko hainbat udalerritan eta intereseko guneetan banaturik. Horiei guztiei, argazki erakusketa gisa Bertizeko Jaurerriko Jauregira helduko den arte plastiko erakusketa ere gehituko zaio. Uztailaren 4tik abuztuaren 25era bisitatu ahal izango da. “Kameren aurrean dantzari, Dantza filmeko argazki sorta bat” izenekoa, Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filma errodatzen ari zen bitartean Xabier Artola Zubillagak ateratako argazkiz dago osaturik.

Carmen Oroz Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu du gaur programaren eduki osoa, uztailaren 4an Uxuen arituko den Jorge Sánchez musikariak eta Xabier Artola argazkilariak lagundurik. Aurkezpenaren ondoren, “Jorge Sánchez y Eva niño Trova Cubana a Dúo” taldeak emanaldia eskaini du Nafarroako Museoaren erdigunean.

Programaren finantzaketa Kultura Zuzendaritza Nagusiaren – Vianako Printzea Erakundearen esku egon da. Aurten 251.000 euroko ekarpena egin du. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, bere aldetik, larunbatetako turismo jardueren proposamenarekin laguntzen du.

Lankidetza tokiko erakundeekin

Aurreko edizioetan bezala, jarduerak ostegun, ostiral eta larunbat guztietan izango dira, hainbat gunetan: kultur etxeetan, plazatan, anfiteatroetan, monastegietan, haitzuloetan… Larunbatetan turismo jarduerak egingo dira. Hori guztia posible egiteko, parte hartzen duten udalek eta toki erakundeek beharrezkoak diren baimenen eta azpiegituren bitartez laguntzen dute.

Programazioa jasoko duten udalerriak hauek dira: Altsasu, Agoitz, , Artaxona, Azagra, Bera, Corella, Donamaria, Elizondo, Lizarra, Fitero, Izaba, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Lizaso, Lodosa, Los Arcos, Martzilla, Mendigorria, Olivako monastegia, Irantzuko monastegia, Leireko monastegia, Otsagabia, Olazti, Orbaizeta, Orreaga, Gares, Ribaforada, Erronkari, Zangoza, Tafalla, Tutera, Uxue, Viana eta Zugarramurdi.

Kultur programa 1996tik ari da egiten, Nafarroako udalerri guztietara kalitatezko kultur programazio anitza eramateko xedez. Programaren beste helburu bat, artearen eta kulturaren hedapenean toki erakundeekin lankidetzan aritzea, Foru Komunitateko eta beste komunitate batzuetako sortzaileak ezagutaraztea eta hainbat musika estilotako tokiko artistak ezagutaraztea da.

Datorren ekainaren 21ean hasiko da Kultur 2019 Lesakan, pop-rock kontzertuarekin
Programa

Zerrendara itzuli