Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Chivite presidenteak Ivan Carmona musikariaren bokazio goiztiarra eta izaera polifazetikoa nabarmendu ditu Talentu Artistikoa Sustatzeko I. Sarian

2020/09/17

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak  Talentu Artistikoa Sustatzeko I. Saria eman dio gaur Ivan Carmona musikariari, bere "talentu ukaezina", "Bokazio goiztiarra" eta "nortasun propioa" nabarmenduz. Saria ezarri berria da, eta Nafarroako artearen  zein kulturaren esparruan gazte ekintzaileen ekimena bultzatzeko  sortu da, eta, horrez gain,  erreferente ere bada gazteriarentzat, eta Foru Komunitatean sortzen ari den talentua agerian uzten du.

Baluarten eginiko gaurko ekitaldian, bertzeak bertze, Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria izan da; baita Gobernuko taldearen ordezkaritza bat ere, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria buru. Nafarroako Orkestra Sinfonikoko metal-boskote bat arduratu da giroa emateaz.  

Lehendakariari egokitu zaio saria ematea, eta topaketa baliatu du Carmona goraipatzeko. 28 urte dituelarik, Carmonak ibilbide profesionala luze eta oparoa egin du jadanik musika-ekintzaile, biolontxelo-jotzaile, ekoizle, moldatzaile eta konpositore gisa. “Sarituak alderdi anitz jorratzen ditu, eta gainera gizartearekin konpromisoa duela  adierazi du hainbat keinu eta adibideren bitartez”, azpimarratu du Chivitek. Musikari gaztearen ezaugarri nagusia “berrikuntza” dela gaineratu du Lehendakariak.

Sariaren merezient izateko merituen artean, “kulturaren industriari eta haren protagonistei duintasuna eta profesionaltasuna emateko eginiko lana” nabarmendu du María Chivitek, “lan-harreman bidezkoak sustatzeko ahalegina egin baitu”. Claudia Osés biolin-jotzailearekin batera Suakai enpresaren sortzaile eta zuzendaria da Iván Carmona, eta rol horretatik abiaturik egin du aipaturiko lana; horri, nafar folkloreari buruz eginiko hainbat ikerlan erantsi behar zaizkio. Izan ere, Nafarroaren kultur nortasuna txertatu du bere obra artistiko osoan, klasikoetatik musika elektronikora. 

Gaztetasunaren balorea

Aitortza horren xedea zein den ahantzi gabe, Lehendakariak azpimarratu du erakundeen egitekoen artean dagoela “irakasten, entretenitzen eta pertsona hobeak bihurtzen gaituen sektorea izateaz gain etekin sozial eta ekonomikoak dakartzan industria ere baden arlo bati laguntzea”. Hori dela eta, “arte-bokazioa” babestearen, sustatzearen eta laguntzearen garrantzia nabarmendu du, hura ez baitoa beti bide errazenetik. “Neke anitz eragiten du, eta oso gutxitan ematen die protagonistei lanaldi osoko jardunbide profesionala gauzatzeko aukera”.      

Kultura Departamentuak asmoa du Iván Carmonarekin adosturiko arte-proiektu bat programatzeko eta erakusteko, bere programetako batean edo 2021ean hainbat kultur eragilerekin batera garatuko dituenetan.   

Nafarroa, sorkuntza-lurraldea, lurralde sortzailea 

Kultura eta Kirol kontseilariak, Rebeca Esnaolak, sari-emanaldia aprobetxatu du Foru Erkidegoak arteen esparruan duen egitekoa agerian jartzeko. “Nafarroa sorkuntza-lurraldea da, eta lurralde sortzailea. Administrazioa garen aldetik, guri dagokigu gure erkidegoko artista gazte talentudunei bultzada, babesa eta laguntza ematea, beren garapen eta hazkunde profesionalean. Nahi hori da kultur ekintzailetzari aitortza egiteko xedea duen sari honen sorburua”, adierazi du.    

Carmonaren “lan eta gogo agortezinak” goratu ditu Esnaolak. “Espero dezagun sari honek zure ibilbidea bultzatzea; aukera eman diezazula zure dohain artistikoak garatzen jarraitzeko.  Zuretzat ez ezik, hori ona izanen baita Nafarroako gizarte osoarentzat”.    

Musikari sortzaile baten biografia

Iván Carmonak 28 urte ditu, Iruñean jaio zen eta Noainen bizi da. Biolontxeloan eta kontrabaxuan espezializaturiko musikari aktibo eta sortzailea izateagatik nabarmentzen da.

Suakai enpresaren sortzaileetako eta zuzendarietako bat da Claudia Osés biolin-jotzailearekin batera, eta ekoizle-, moldatzaile- eta konpositore-lanetan  nabarmendu da. 2017an gaitari eta nafar folkloreari buruzko ikerkuntza-lan mardula egin zuen, “Sustraiak” izenekoa; musika, drama eta narratiba uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuskizuna. Ondoren “Suakai Elektrikoa” sortu zuen, eta urte hartako larrazkenean “Suakai… a lo Clásico” lana aurkeztu zuen. Azaroan, Foru erkidego kultura eta “Game of Thrones”-en musika uztartzea erabaki zuen, “Juego de Tronos – Ruta de los Castillos y Fortalezas de Navarra” izeneko lanean.

2018an bertze proiektu bat garatu zen, “Suakai Revolution”, eta Medicus Mundi GKEarekin  kolaboratu zuen. Cinco Villas eskualdeko Erraldoientzako Musika Konposizioko V. Saria eman zioten, “Tuste y Ejea” balsagatik, eta bertze sari bat ere jaso zuen, Zaragozako bailara horretantxe, “Anochecer en las Pedrosas” lanagatik.

Nafarroako esparru artistiko eta kulturalean ekintzaile gazteen ekimena babestu eta bultzatzeko asmoz sortu da saria

 

Chivite presidenteak Ivan Carmona musikariaren bokazio goiztiarra eta izaera polifazetikoa nabarmendu ditu Talentu Artistikoa Sustatzeko I. Sarian

Zerrendara itzuli