Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Bortzirietako nobleei buruzko liburua argitaratu da, kaparetasunaren inguruko 350 auzi biltzen dituena

2020/11/18

600 orrialdetik gora ditu, kaparetasunari, odol-garbitasunari eta bestelako prozesu frogagarriei buruzko liskarren transkribapenarekin

Iñaki Garrido Yerobi eta Carlos Rilova Jericó historialariek egindako “Nobiliario de Bortziriak Probanzas de nobleza, hidalguía y limpieza de sangre (siglos XVI-XIX) / Bortzirietako nobiliarioa. Noblezia, kaparetasuna eta odol-garbitasuna egiaztatzeko frogantzak (XVI-XIX. mendeak)” argitalpenean, Bortzirietako bost hiribilduren iragan historikoa aztertzen da, bertako 350 kaparetasunen eta aurkitutako odolezko filiazioen ikerketaren bitartez.

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean egileek eta Felix Segurak, Artxiboko Atal buruak aurkeztu dute liburua, eta Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen eta Bortzirietako herrietako (Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka) Udalen artean argitaratu dute. Halaber, Kike Diez de Ulzurrunek parte hartu du hitzaurrearen eta sarrerako orrien itzulpena eginaz.

Argitalpenaren bitartez, egileen asmoa da Nafarroako Erresuma Zaharreko Bortzirietan errotutako abizenen ondorengoei lekuan agertzen diren uneko albisteen eta haien arbasoen gorabeheren berri ematea (haien abizenak eta ezkutuak dituztenenak). Horretarako, 1515etik aurrera eta hiru mende baino gehiagotan izapidetutako espedienteak ikertu dituzte, batik bat Nafarroako Artxibo Orokorrean kokatutakoak.

Kaparetasun-espedienteak

Liburuan, hitzaurrearen ondoren, “Kaparetasun-espedienteak” atala agertzen da; hau da, kontsultatutako artxiboen sarrera eta armarrien inguruan lortutako datuen aberastasunari eta armagintzako kabu-jauregi edo leinu-etxeekin duten harremanari buruzko informazioa nahiz informazio genealogiko handia.

Era berean, kaparetzat hartzen zirenen noble-izaera frogatzeko eta, modu horretan, hiribilduetako elitearen parte izan eta Erresuma Zaharrean estamentu nobleari esleitutako pribilegioez gozatu ahal izateko prozesu konplexua  aztertzen da.

Kaparetasuna lortzeko prozesuaren arabera, hautagaiak filiazio-, noblezia- eta kaparetasun-auzia hasi behar zuen bizi zen lekuko udal-agintarien aurka, herri horretan kapare-seme bezala onartzeko. Modu horretan, liburuaren bigarren zatian, 600 orrialde baino gehiagotan, kaparetasunari buruzko auzien transkribapena jasotzen da, auzilarien abizenaren arabera alfabetikoki ordenatuta.

Argitalpenak 880 orrialde ditu, eta 500 ale argitaratu dira. 18 euroren truke eros daiteke Nafarroako Gobernuaren argitalpenen dendan, Iruñeko Navas de Tolosa kalean, eta liburu-dendetan.

Bortzirietako nobleei buruzko liburua argitaratu da, kaparetasunaren inguruko 350 auzi biltzen dituena
Iñaki Garrido, Félix Segura eta Carlos Rilova

Zerrendara itzuli