Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Barkos Lehendakariak 2017ko Francisco de Javier saria eman dio Pedro Iturralde Ochoa saxofoi-jotzaile eta konpositoreari

2018/02/21

Nafarroako interpretea "jazzaren mito bizia" bezala definitu du, eta Nafarroaren izenean eskerrak eman dizkio "munduan zehar hainbeste musika jarri izanagatik". 

Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, gaur arratsaldean eman dio 2017ko "Francisco de Javier" saria Pedro Iturralde Ochoa saxofoi-jotzaile eta konpositoreari, eta "maisuen maisu, aitzindari eta munduko jazzaren mito bizia" dela esan du. 

Ekitaldia Madrilgo Lázaro Galdiano Museoan egin da. Bertan izan dira, baita ere, Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilaria den Ana Ollo eta Kultura, Kirola eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera. 

Nafarroako Gobernuak iazko abenduaren 27an erabaki zuen sari hau Pedro Iturralderi ematea, "jazzaren balioak zabaltzeko egindako lan eskergagatik. Jazzaren izena saxofoiari lotua dago jada, eta musika klasikoan berandu sartu den instrumentua baldin bada ere, bere balio eta aukera ia mugagabeak zabaldu eta goresten asmatu du musikariak, sona handiko maisu batek musikatik ateratzen duen magia hori guztia ateratzea lortuta". Sari honen bitartez, Nafarroako irudia Foru Komunitatetik kanpo sustatu izana saritzen da. 

Hitzaldian zehar, Lehendakariak musikaria zoriondu du egindako "ibilbide bikainarengatik"; "musikarekiko maitasun-historia" bezala definitu du. 

"Pedro Iturraldek mundu osoa igaro du jazzarekiko berotasuna publikoarekin partekatuaz. Haren izena planeta osoko jazz jaialdietara eta klubetara iritsi da. Gainera, berotasun hori kutsatzea lortu zuen jazza hemen zerbait arraroa bezala ikusten zenean; horrela, saxofoiaren lehen katedra sustatu zuen Kontserbatorio nagusietan. Aitzindaria irakaskuntzan eta hedapenean, eta berritzaile nekaezina izan da, halaber, konposaketan", gogoratu du Uxue Barkosek. Era berean, nabarmendu du Nafarroako musikaria jazz flamenkoaren jatorrian aurkitzen dela, "garai hartako, 1967ko, esperimentu hartan parte hartzera gonbidatu zuen Paco de Lucia". 

Hori dela-eta, Nafarroa harro dagoela adierazi du Pedro Iturraldek "munduan zehar hainbeste musika jarri duelako", eta lanean jarraitzera animatu du. "Publikoa gozarazten jarraitzea da, ziurrenik, saririk onena musikari batentzat, baina, horrez gain, saritzeko zerbait duina da", esan du. 

Pedro Iturralderen biografia

Pedro Iturraldek (Faltzes, 1929), 2007an Vianako Printzearen Kultura Saria ere jaso zuenak, Nafarroan igarotako haurtzaro eta gaztaroan zehar jorratu zuen bere musika-bokazio bizia. 

Madrilen saxofoi-karrera ikasi ondoren, klarinete-, piano-, biolin- eta armonia-ikasketekin batera, zortzi urteko bira egin zuen Europa osoan zehar, eta Madrilgo "Whiski Jazz Club" izenekora itzuli zen gero, non Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Ferry Mulligan edo Tete Montoliúren tamainako lehen mailako musikariekin batera aritu zen. "Flamenco Jazz" musika-proiektua estreinatu zuen gerora Berlineko Jazz Jaialdian, 1967an, jazzaren eta flamenkoaren fusioan aitzindari bilakatuz eta nazioarteko ospea erdietsiz. 

Irakaskuntzari dagokionean, Saxofoi-katedran jardun izan da Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan. 

Beste saritu batzuk 

2009an sortu zuen "Francisco de Javier" saria Foru Gobernuak, Nafarroatik kanpora jorratzen duten jardueraren ondorioz Nafarroa "aurrerapenari, ongizateari eta gizartearen hobekuntzari" ekarpenak egiten dizkion komunitate gisa zabaltzen ari diren pertsona, erakunde edo instituzioei aintzatespena egiteko. 

Hauek izan dira aurreko edizioetan "Francisco de Javier Saria" irabazi duten beste pertsonak: Lizarrako Pablo Hermoso de Mendoza burtzikaria (2009), Lerineko Pedro Ábrego sukaldaria (2010), Ignacio Zoco futbolariak eta María Ostiz abeslariak osatutako senar-emazteak (2011), kargua desagertu arte Madrilen Nafarroako Gobernuaren ordezkari izandako Salvador Estébanez (2012), Lizarrako Javier Urra psikologoa (2013), Manuel Hidalgo idazlea (2014), Montxo Armendáriz zinema-zuzendaria (2015) eta Azagrako Juan Miguel Sola sukaldaria (2016).

 Barkos Lehendakariak 2017ko Francisco de Javier saria eman dio Pedro Iturralde Ochoa saxofoi-jotzaile eta konpositoreari
Ana Herrera, Pedro Iturralde, Uxue Barkos eta Ana Ollo.

Zerrendara itzuli